👶
Jaiotza
K.a. VII. mendea
Lesbos, Eresos (en) Itzuli eta Mytilene (en) Itzuli
💀
Heriotza
K.a. 570
Leukada
🔨
Lanbidea
poeta
📷
Argazkiak
ikusi
Safo eta haren maitale bat XIX. mendeko margolan batean.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Safo eta bere obra azaltzen dituen bideoa.

Safo Antzinako Greziako olerkari edo poeta garrantzitsuenetako bat izan zen; hala ere, nahiz eta haren fama handia izan, poema bakarrak iraun du osorik eta harenak omen diren beste lau poemen zatiak bakarrik aurkitu dira.

Ez da aurkitu hari buruzko datu biografiko askorik, eta haren poema eta atal batzuk bakarrik dira ezagunak, zeharkako tradizioz aipu berantiarretatik eta papiroetatik aterata. Horrenbestez, haren bizitzari buruz dakigun guztia bere poemetatik bakarrik atera ahal izan da.

Safok bizitza guztia Lesbosen pasa zuen, Asia Txikitik gertu dagoen greziar irla batean, baina Sirakusan (gaur egungo Sizilian) erbesteratura egon zen denbora labur batez K.a. 593an; haren familia bere herriko oligarkiaren parte zen eta aristokrazia borroka batean sartuta zegoen.

Thiasos izeneko elkarte bateko kidea izan zen, non neska gazteak ezkontzeko prestatzen zituzten. Geroago, musen zerbitzarien etxea delakoa eratu zuen.

Han, bere dizipuluek poesia errezitatzen, abesten, koroak eta lore-zintzilikariak egiten ikasten zuten, besteak beste.

Esan ohi da poemen bitartez Safok bere dizipuluak maitemintzen zituela eta haiekin maitasun-harremanak izan ohi zituela. Safo emakumeen arteko maitasunaren sinbolo bihurtu du horrek. Izan ere, lesbiana terminoa Lesbos irlaren izenetik dator.

Saforen poemetako gaiak pertsonalak dira, beste emakumeekin dituen laguntasunari eta etsaitasunari buruzkoak. Haren anaia Charaxus ere hainbat poemaren xede izan zen. Emakume aberatsen arteko maitasunari, gorrotoari eta jeloskortasunari buruz idatzi zuen; askotan elkarteetan elkartzen ziren poemak idazteko eta denbora pasatzeko. Haren poemak bizirik zegoen bitartean zabaldu ziren; K.a. III. edo II. mendeetan bildu eta 10 liburutan argitaratu ziren. Argitalpenak Erdi Aroan galdu ziren, ordea. K.a. VIII. edo IX. mendean, berari buruz egindako aipuengatik bakarrik zen ezaguna Safo. Iritsi zaigun poema oso bakarrak 28 bertso ditu.

Bada elezahar bat, olerkariaren beraren zati batetik sortua, Faonen istorioa kontatzen duena; Afrodita jainkosa gizon eder batez maitemindu zen. Elezaharraren arabera, Safok bere buruaz beste egin zuen Leukada harkaitzetik itsasora botata, Faonek ez zuelako maitatzen. Itxura denez, Leukada irlako harkaitz horretara joaten omen ziren maiteminduek beren burua hiltzera.

Beste bertsio batek dio Safok metafora bat idatzi zuela, Safok bere maitale batekin izandako maitasun desengainu baten ondoren.

Saforen poesia beste olerkari batzuentzat inspirazio iturri izan zen, hala nola, Katulo eta Horazio latindarrentzat. Platon filosofoak, Safo, olerkari liriko handi bezala ez ezik, Hamargarren Musa bezala ere ohoratua izan beharko zela zioen, poesiaren munduan zuen oihartzun eta garrantziagatik.