Romulo eta Remo, otsemearekin.

Romulo eta Remo, antzinako erromatarren kondairaren arabera, Erroma hiria sortu zuten bi anaia biki ziren, Rhea Silviaren eta Marte jainkoaren semeak, eta Eneas heroi ospetsua zuten arbaso.

Jaio zirenean, saski batean sartu eta Tiber ibaian utzi omen zituzten, urak eramateko. Baina saskia Palatino izeneko mendiaren ondoko hondargune batean geratu zen eta otseme batek aurkitu zituen. Otsemeak umeak zaindu zituen eta haren esnea eman zien.

Handitu zirenean, Erroma sortu ondoren, biek izan nahi omen zuten errege, eta horregatik elkarrekin haserretu ziren; borrokan hasi eta Romulok bere anaia Remo hil omen zuen. Horregatik, kondairaren arabera, Romulo izan zen Erromako lehen erregea.

Romulo, Erromako lehen erregea

aldatu

Elezahar edo kondaira ezagunaren arabera, Romulo izan zen Erroma hiria sortu zuena, K.a. 753. urtean, bai eta Erromako lehen erregea ere, K.a. 753tik 716ra arte.

Hiria sortu ondoren, gizon gazte asko joan ziren hiria kolonizatzera; emakumeak, aldiz, oso gutxi ziren. Romulo saiatu zen ondoko herrietako biztanleei eskatzen emakumeak kolonoekin ezkontzen uzteko, baina ezetz erantzun zioten. Horregatik, berak eta beste kolonoek sabinar herriko hainbat emakume gazte bahitu zituzten. Horrek gerra piztu zuen erromatarren eta sabinarren artean, baina azkenik, emakumeek eskatuta, bi tribuek bakea egin eta herri bakarra osatzea adostu zuten. Baina Romulok onartu behar izan zuen sabinarren erregeak, Tito Taziok berarekin partekatuko zuela agintea. Tazio hil ondoren, Romulok jarraitu zuen errege izaten, eta Erromak hainbat gerra egin zituen inguruko herrien aurka. Haietako indartsuena etruskoak ziren.

Romulok hiri berrian kokatu ziren familia nagusietako ehun gizon aukeratu zituen Erromako Senatua osatzeko. Ehun gizon horiek Erromako aitatzat (patres, latinez) hartu ziren; horregatik, haien ondorengoak "patrizioak" ziren, Erromako klase sozial nagusia. Beste klasea "plebeioak" ziren, herri xehea edo beheko gizarte-klasea; zerbitzariek, libertoek, Erroman asilo bila zebiltzan iheslariek, gerrako presoak eta denboran zehar erromatar hiritartasuna eman zitzaien beste batzuek osatzen zuten.

Hogeita hamazazpi urteko erregealdiaren ondoren, Romulo ekaitz handi batean desagertu omen zen, baina Tito Livio historialariaren arabera, senatariek hil zuten.