Monarkia herrialdeak gobernatzeko sistema politiko bat da, zeinean estatuburua errege edo erregina bat den. Errege edo erregina hori monarka da; hitzak "agintari bakarra" esan nahi du, eta, beraz, aginte guztia pertsona bakar baten esku uzten duen gobernu-sistema da monarkia.
Monarkiaren ezaugarriak, beraz, honako hauek dira:
- Gobernu-sistema pertsonala da: agintea duena pertsona bakarra da, erregea, erregina, enperadorea, sultana edo beste zeinahi deitura izanda ere.
- Bizi osorakoa da: monarkak normalean bizi den bitartean edo, bestela, abdikatzen duen arte (karguari uzten dion arte) jarraitzen du tronuan.
- Oinordekotzaren bidez irauten du belaunaldiz belaunaldi: kasu gehienetan, monarkak bere seme, alaba edo bestelako ondorengo baten esku uzten du kargua hiltzen denean edo abdikatzen duenean.
Iraganean ez bezala, Europako gaur egungo monarkiek jada ez dute botere absoluturik,; hori dela eta, estatu horietako ordezkari gorenak diren arren, erabakiak hartzeko eskumena biztanleek aukeratutako gobernuaren esku dago. Gobernuak legebiltzarrean eztabaidatzen eta sortzen ditu legeak, eta horregatik Europako monarkiei monarkia parlamentarioak deitzen zaie, hain zuzen.