Margaret Thatcher, Erresuma Batuko buruzagi kontserbadore izandakoa.

Kontserbadurismo hitza eskuinetik edo zentro-eskuinetik gertu dagoen ideologia politikoa adierazteko erabiltzen da. Latinezko "conservare" hitzetik dator eta "kontserbatzeko" ideiarekin lotuta dago; izan ere, kontserbadoreek mundua dagoen bezala kontserbatu edo mantendu nahi dute, arriskutsutzat jotzen duten aldaketarik egin gabe.

Kontserbadurismoaren aurkako ideologia aurrerakoitasuna da. Kontserbadoreek ez bezala, aurrerakoiek munduak aurrera egitea nahi dute, hobetzeko behar diren aurrerapausoak ematea eta, beraz, hoberako aldatzea. Aurrerakoiei "ezkertiarrak" deitu ohi zaie eta gobernuek gizartearen aurrerapenaren eta berdintasunaren alde lan egitea nahi izaten dute. Kontserbadoreak, aldiz, aberatsak eta pobreak egotearekin konforme daude; uste dute aberatsen eta pobreen arteko bereizketa hori zerbait naturala dela eta herritarren gaitasun ezberdinengatik dagoela bereizketa hori. Bestela esanda, pentsatzen dute bereizketa hori ez duela gizartearen antolaketa-sistemak berak sortzen edo bultzatzen eta, beraz, ez dela gizartearen antolaketa-ereduaren errua.

Hori dela eta, kontserbadoreek ez dute nahi gizarte-eredu horren barruko ezer aldatzea, eredu horrekin gustora daudelako. Nolanahi, balio batzuk bai iruditzen zaizkie garrantzitsuak; hau da, munduak nolakoa izan beharko lukeen azaltzen duten balio batzuk kontuan hartzen dituzte. Horietako bat, adibidez, familia da. Estatuak familiei laguntzea nahi izaten dute. Tradizioak ere onak direla uste dute, batez ere erlijio-tradizioak.

Tradizio horiekin lotuta, kontserbadore askok uste dute gizonak eta emakumeak elkarrekin bizi eta familia bat osatzeko, derrigorrezkoa dela ezkontzea; bestalde, ez dute onartzen homosexualek ezkontzeko aukerarik izatea. Abortuaren aurka ere egoten dira, eta baita zigorrik jaso gabe droga arinak erosteko aukera egotearen kontra. Aurrerakoiek, aldiz, borroka luzea egin behar izan dute (eta egin behar izaten dute oraindik) legeetan hainbat eskubide onartzearen alde: ezkondu gabe elkarbizitzeko, dibortziatzeko, homosexualak ezkondu ahal izateko edo abortatzeko eskubideen alde eta beste eskubide askoren alde; hau da, gizartean aldaketak egotearen aldeko borroka luzea egin izan dute.

Halaber, kontserbadoreak ingurumena babesteko neurri zorrotzen aurka egoten dira askotan, edo hirietan autoen trafikoa murriztearen aurka. Baina, egia esan, adibide horiek ez dute balio kontserbadore guztientzat. Beti egoten da norbait bere burua kontserbadoretzat edukita ere hainbat gaitan iritzi desberdina duena.

Zein dira alderdi politiko kontserbadoreak? aldatu

Europan, alderdi kontserbadore nagusiak honako hauek dira gaur egun:

Estatu Batuetako Alderdi Errepublikanoa ere oso kontserbadorea da. Hauteskundeetara presidentegai bat aurkezten duten bi alderdi nagusietako bat da. Hala ere, alderdi honen barruan ere iritzi edo joera ezberdineko jendea dago. Errepublikano batzuek liberalagotzat dute beren burua.