Monarkia absolutua edo absolutismoa gobernu mota bat da, Antzinako Erregimenean zutena. Gobernu mota honetan monarkak (hau da, erregeak edo erreginak) botere absolutua zeukan: hau da, ez zegoen botere-banaketarik eta haren esku zeuden botere betearazlea, botere legegilea eta botere judiziala.
Sistema honetan, justiziaren administrazioak errege-erreginekiko nolabaiteko autonomia izan zezakeen eta erakunde parlamentarioak egon zitezkeen, baina monarkak gorteen erabakiak edo xedapenak nahi bezala alda zitzakeen, baita legeak ere. Hau da, monarkia absolutuan erregeak edo erreginak dioena legea dela esan daiteke.
Botere guztiak pertsona bakarrean kontzentratzea justifikatutzat jotzen zen errege-erreginek subiranotasuna izateko eskubide jainkotiarra zutela uste zutelako, hau da, Jainkoak ematen zielako eskubide hori. Ez zegoen errege-erreginek herriaren aurrean erantzuteko mekanismorik, Jainkoaren aurrean bakarrik erantzun behar zutelako.
Monarkaren boterea sendotzeko, lurraldea modu zentralizatuan antolatzen zuten eta zergak kontrolatzen zituzten. Gainera, monarka bera zen gobernua eta gobernatzen lagunduko zioten pertsonak nahi bezala izendatzen zituena.
Frantziako iraultzaz geroztik, monarkia absolutua desagertuz joan zen Europan, iraultza hark herriaren burujabetzan oinarritutako gobernu sistemak sustatu baitzituen.