Monoteismoa erlijio-doktrina bat da, jainko bakar bat dagoela onartzen duena. Hitza grezieratik dator, μονος (“monos”, bat) eta θεος (“theos”, jainko) hitzetatik. Jainko bat baino gehiago dagoela sinesteari, ordea, politeismo deitzen zaio.

Gaur egun existitzen diren erlijio nagusiak monoteistak dira. Honako hauek dira, bakoitzak dituen jarraitzaile-kopuruaren arabera ordenatuta: kristautasuna, islama, sikhismoa, judaismoa, bahaismoa eta zoroastrismoa. Judaismoa eta zoroastrismoa bizirik jarraitzen duten erlijio monoteista zaharrenak dira.

Jainkoa, Michelangeloren "Adamen kreazioa" lanean.

Monoteismoak erlijioaren historian utzitako lehen aztarnak Antzinarokoak dira, bereziki judaismoarenak (4.000 urteko historia dauka) eta zoroastrismoarenak (Mesopotamian agertu zen Kristo aurreko lehen milurtekoan). Aztarnak aurkitu dira halaber Egipton, denboraldi labur batez Akenaton faraoiak Atonen gurtza derrigortu zuenean. Antzinaroko beste herrialdeak politeistak ziren. Hala ere, eztabaida ugari daude teologo eta historialarien artean, lehenik monoteismoa edo politeismoa sortu ote zen.

Erlijio monoteista guztiek uste dute jainko bakar hori izaki espirituala dela; Unibertsoaren sortzailea da, leku guztietan dago eta betierekoa da, orojakilea (dena daki) eta ahalguztiduna (dena egin dezake) da, jakinduria eta ontasun izugarria dauka, eta indar gaiztoen aurka dago.

Halako erlijioek uste dute beren sinesmenak egia bakarra direla, eta beste erlijioak faltsuak direla. Horrek esan nahi du pentsaera monoteistek beste sinesmen guztiak baztertzen dituztela. Horregatik uste dute beren sinesmenak ahalik eta jende gehienari irakatsi eta hedatu behar dizkietela (horri ebanjelizazio edo proselitismo deitzen zaio). Muturreko kasuetan, historian zehar askotan gertatu den bezala, bestelako sineste edo fedeak dituzten pertsonak jazartzea edo hiltzea ere justifikatzen dute. Horregatik hainbat pertsonak erlijio-indarkeria monoteismoari egozten diote.

Hala eta guztiz ere, horrek ez du esan nahi erlijio monoteistek ez dutela desadostasunik beren barnean. Izan ere, erlijio monoteista batzuen barruan kultu edo ikuspegi ugari eta doktrina sakratuaren interpretazio ezberdinak daude. Edo kasu batzuetan (kristautasunean adibidez), politeismoarekiko joerak daude, santu ugari dituztelako.