Metal Aroa historiaurreko garai bat izan zen. Orain dela 7.000 bat urte hasi zen, Neolitoaren amaiera aldean. Garai hartan gizarte aurreratuenak metala erabiltzen hasi ziren (batez ere kobrea, eztainua, brontzea eta burdina), tresnak eta armak egiteko.

Prozesu hori ez zen munduko leku guztietan aldi berean gertatu, eta ez ziren metal berak erabili leku guztietan ezta ere. Izan ere, Metal Aroa Europako eta Asiako historiaurrearen sailkapenean bereizten da, hainbat zibilizaziok ia ez zutelako ezagutu metalgintza, hala nola natibo amerikarrek.

Metal Aroak Harri Aroaren amaiera markatu zuen, eta K.a. 1000. urtera arte iraun zuen, hau da, historiaurrearen amaierara arte.

Metalgintzaren garapen handia brontzea sortu zenean gertatu zen, kobrea eta eztainua nahasi zirenean. Tresna eta arma gogorragoak eta iraunkorragoak egiteko erabili zen. Kobrearen galdaketaren lehen aztarnak K.a. 5000. urtekoak dira. Europan gertatu zen, Balkanetako penintsulan, K.a. V. milurtekoaren erdian, eta kontinente osora hedatu zen hurrengo mendeetan.

Garai hartarako, gizaki-talde ugarik bizitza sedentarioa zeukaten, nekazaritzan oinarritutakoa. Bestalde, Neolitoan metalak erabiltzen ziren, baina ez urtuak, baizik eta mailuekin landutakoak. Hau da, zibilizazio-fase berri hau bereizten duen ezaugarria metalen galdaketa da benetan.


Metal Aroaren ezaugarriak aldatu

Garai honetan zehar mineral berri eta hobeak aurkitu eta erabiltzen hasi ziren, eta aurrekoak ordezkatzen edo baztertzen joan ziren, gizakiek horiekin tresna hobeak egiten ikasi zutenean: armak, ezkutuak, armadurak, mota guztietako tresnak, etab. Hala, hasieran kobrea erabili zuten, gero brontzea eta azkenik burdina.

 
Brontze eta zilarrezko ontzia.

Hala ere, Metal Aroan ez ziren bakarrik metalgintzan aurkikuntzak egin, zibilizazio eta kultura alorreko aurkikuntza izugarriak ere egon ziren. Horien artean, hainbat lekutan idazkera erabiltzen zen jadanik, eta beraz leku horietan zaila da Metal Aroaren eta Antzinaroaren hasieraren artean bereiztea.

Adibidez, Mesopotamian eta Egipton lehen idazketa-formak sortu ziren eta brontzea asko erabiltzen zen jadanik. Baina burdinak ez zuen inoiz brontzea ordezkatu, burdina oso eskasa zelako herrialde horietan. Saharaz hegoaldeko Afrikan, ordea, burdina erabiltzen hasi ziren, aldez aurretik kobrea eta brontzea erabili gabe.

Metalen erabileraren beste eragin nabarmen bat merkataritzaren sorrera izan zen; batez ere mineral horien meategiak zituzten herrialdeen eta baliabide natural horiek ez zituzten herrialdeen artean egiten zen.

Beste aldetik, metalak ekoizten zituzten eta jarduera komertziala zuten eremuetan biztanleria handitzen hasi zen. Horren ondorioz, lehen hiriak sortu ziren, eta haiekin batera gizarteak hierarkizatu ziren: hau da, gizartearen zati bat defentsara bideratu zen (gerlariak), beste bat gizartearen kontrolera (buruzagiak eta apaizak), eta beste bat jarduera espezializatuetara (artisauak, errementariak, merkatariak...).

Azkenik, merkataritzak garraioa errazteko asmakizun eta teknika berriak ekarri zituen: gurpila eta bela bidezko nabigazioa, hain zuzen ere.


Metal Aroaren etapak aldatu

Metal Aroan hiru etapa bereizten dira, garai bakoitzean nagusia zen metalaren arabera: Kobre Aroa, Brontze Aroa eta Burdin Aroa. Hala ere, lehen esan dugun bezala, ez dugu ahaztu behar munduko hainbat tokitan metal batzuk erabiltzen zirela eta beste toki batzuetan beste metal batzuk.

  • Kobre Aroa edo Kalkolitoa (K.a. 6500 eta 3000 artean, gutxi gorabehera): Kobrea gizakiek ezagututako lehen metaletako bat izan zen. Hasieran jatorrizko forman erabiltzen zen eta mailuaren bidez moldeatzen zen hotzean, baina gero galdatu edo urtu zitekeela aurkitu zen. Gero, zeramikaren aurkikuntzari esker, beste hainbat elementurekin urtu eta aleatu edo nahastu zen, hala nola artsenikoarekin eta gero eztainuarekin. Azken hori oso garrantzitsua izan zen, brontzea sortu zuelako.
  • Brontze Aroa (K.a. 3000 eta 1500 artean gutxi gorabehera): Kobrearen eta eztainuaren aleazio edo nahasketari esker, garai honetan gehien erabili zen metaletako bat sortu zen: brontzea. Brontzeak izugarriko garrantzia izan zuen tresnak, armak, ontziak, platerak, lanabesak eta apaindurak egiteko orduan. Garai honetan, gainera, lehen idazketa-sistemak sortu ziren, lurralde batzuetan. Ekialde Hurbilean, Brontze Aroa lehenago gertatu zen, bertan mila urte lehenago jadanik brontzea erabiltzen zelako.
  • Burdin Aroa (K.a. 1500 eta 550 artean gutxi gora behera): Brontzea metal nahiko biguna zen, eta horregatik burdinak ordezkatu zuen, gogorragoa delako. Ordezkatze horrek egoera askotan abantaila handia eman zien metal hori zeukaten zibilizazioei. Oso garrantzitsua izan zen gizarteak garatzeko eta bizirauteko, eta brontzea bakarrik apainduretarako erabiltzera igaro zen.