Mendialdeko klima mendikate edo mendilerro handietako goiko eremuetan egoten den klima da. Izan ere, klima oso desberdina egoten da mendietako goiko eremuetan eta gailurretan batetik eta beheko aldeetan bestetik; tenperatura eta prezipitazioa, adibidez, asko alda daiteke leku batetik bestera, altueraren arabera.
Nolakoa da?
aldatuMendialdeko klima daukaten lurraldeetan, ez da egoten urte-sasoien arteko diferentziarik, batez ere lekurik altuenetan. Bestelako ezaugarriak (tenperatura eta prezipitazioa) ere desberdinak izaten dira altueraren arabera; eta gauza berbera gertatzen da, horren eraginez, leku horietan topa daitekeen flora eta faunarekin ere, landare eta animaliekin, alegia.
Tenperatura
aldatuKlima mota hau hotza da, ia beti 0 °C azpikoa, oro har. Zenbat eta altuera handiagoan, gogorragoa izaten da gizakiarentzat eta, oro har, bizitzarentzat. Tenperatura, adibidez, 9 °C inguru jaisten da igotzen ditugun 1.000 m bakoitzeko. Adibidez, Lurreko punturik garaienean, Everest mendiaren tontorrean alegia, –30 °C inguruko tenperatura egoten da batez beste, baina neguan –60 °C ingururaino ere jaits daiteke.
Prezipitazioa
aldatuMendialdeko klima ez da klima polarra bezain lehorra. Horrek esan nahi du prezipitazioak ugariak izaten direla, elurra batez ere eta neguan bereziki. Dena dela, prezipitazioa ere desberdina izaten da goiera edo altueraren arabera: batzuetan, mendialdeetako beheko lurretako klima lehorra izaten da eta zenbat eta gorago orduan eta euritsu edo elurtsuagoa. Hori gertatzen da goi-mendiek gorantz igotzera behartzen dutelako beheko aire beroa, eta, orduan, aire hori gora iristean hoztu egiten da eta prezipitazioak eragiten ditu, euria edo elurra.
Landaretza eta animaliak
aldatuMendialdeetan dagoen landaretza eta bertan bizi diren animaliak ere asko aldatzen dira leku bakoitzaren altuera edo goieraren arabera. Beheko lurraldeetan, adibidez, landaretza eta animaliak aldameneko lurraldeetako berbera edo oso antzekoa izaten da; hau da, beheko lurretan klima tropikala bada, klima tropikaleko landaretza eta animaliak topatuko dira altuera horietan. Baina zenbat eta gorago, bizitza-mota guztiak egokitu egin behar izaten dira klimaren ezaugarrietara. Halako puntu batean, aldiz, zuhaitzak eta landare handiak ezingo dira hazi; zuhaitzen lerroa deitzen zaio muga horri. Lerro hori, noski, lurzoruaren, tenperaturaren eta beste ezaugarri batzuen arabera ere aldatzen da leku batetik bestera.
Faunari dagokionez, mendi-ahuntzak izaten dira hobekien egokituta daudenak altuera handietan eta inguru harkaiztsuetan bizitzeko. Himalaia aldean, gainera, elurretako lehoinabarrak ere bizi dira mendialdeetan.