Larruzko dortoka edo Laut dortoka animalia narrastia da, hau da, lurrean arrastaka dabilen animalia, dortoka oro bezala. Mundu osoko uretan bizi den dortoka-espeziea da, baita Euskal Herrian ere.

Nolakoa da?

aldatu

Dortoka hau munduko handiena da eta 2 metro inguruko luzera eta 600 kg inguruko pisua du. Bere oskolagatik da berezia, larruzkoa eta beltz kolorekoa baita, gainean orbain zuri txiki batzuekin. Gainontzeko dortokek aldiz, hezurrezko oskola dute. Burua eta lepoa ere ilunak ditu, beltz edo marroiak eta oskolean dituen antzeko oirbanekin. Ahoaren goiko aldea hortzez betea du.

 

Itxuraz ar eta emeen artean zenbait desberdintasun daude. Ar helduek oskolaren azpialdea ahurra dute eta emeena aldiz goiko aldetik lauagoa da. Horrez gain, arren kasuan buruan ez dute orbain arrosarik, emeek aldiz bai. Buztana ere desberdina da, arrena emeena baino luzeagoa izanik. Hala ere, bi kasuetan atzeko soinadarrak baino luzeagoa da buztana. Ar zein emeen aurreko soinadarrak atzekoak baino handiagoak dituzte.

Non bizi dira?

aldatu
 
Larruzko dortokak aurki ditzakegun ozeanoak.

Laut dortoka munduko ozeano guztietan ikus genezake, baita Euskal Herrian ere. Itsaso zabaleko animalia da baina batzuetan kostaldean ere ikusten dugu. Gazteak direnean ur tropikaletan bizi dira baina zahartzen doazen heinean ur hotzagoetara mugitzen dira. Emeak 2-3 urtetik behin ur tropikaletara mugitzen dira habia egin eta arrautzak jartzeko.

Leku aldaketa hauek egin ahal izateko, gainerako itsas dortoka gehienek ez duten sistema bat du. Bere barne-tenperatura 25ºC inguruan mantentzeko gaitasuna du, hau da, inguruko tenperatura baxua den lekuetan gorputzeko barne-tenperatura altu mantentzeko gai da, eta honi esker aurki dezakegu espezie hau ur hotzetako inguruetan.

Zer jaten dute?

aldatu

Gehienbat marmokaz elikatzen badira ere, edozein sakonerako uretan aurkitzen dituzten gorputz biguneko animaliak zein algak jaten dituzte. Egunero gutxi gora bera 50 marmoka handi inguru jateko gai dira. Beraz, ekosistemen mantentzean oinarrizko garrantzia dute, marmoka kopurua erregulatzen baitute.

Nola ugaltzen dira?

aldatu
 
Larruzko dortoka txikiak arrautzatik irten eta itsasora bidean.

Emeak, 6-15 urte dituztenean eta gutxi gorabehera 1,30-1,80 metroko luzera dutenean hasten dira ugaltzen. Arrek ere tamaina berdina eskuratzean lortzen dute heldutasun sexuala. Gorteiatze eta estaltzea batzuetan ur tropikaletan ematen da, baina normalean ur epeletatik ur tropikaletara mugitzen diren bitartean ematen da. Ondoren, emeak ur tropikaletako hondartzetara mugitzen dira hondar azpian habiak sortzeko. Hau, gauez egiten dute eta ilargiaren faseak eragina izaten du honetan. Emeak hondartzan toki egokia aukeratu, zuloa egiten du eta bertan arrautzak jartzen ditu.

60-70 egun pasatzen direnean dortokak jaiotzen dira baina erdiak baino gutxi gehiagok lortzen dute bizirik irautea. Jaioberriak denbora bat pasatzen dute habian eta gauean normalean itsasora joaten dira.

Desagertzeko arriskuan al dago animalia hau?

aldatu
   Ba al dakizu    

Gaur egun larruzko dortoka ugari hiltzen da gizakiok sortutako plastiko kutsaduraren erruz, plastiko gardenak marmokak direlakoan irensten dituztelako.

Gaur egun itsas dortoken kontserbaziorako arazo larriak daude. Izan ere, jaioberriek bizirik irautea oso zaila da, hainbat animalia hauetaz elikatzen direlako, bai hondarretan gordetako arrautzez baita dortoka jaioberriez ere. Harrapakari horien artean aurkitzen ditugu mamu karramarroa edota Varanus generoko muskerrak, zein itsasoko harrapariak, hala nola, marrazoak eta orkak..

Harrapariez gain, beste bi faktorek ere eragiten dute gaur egun espezie honen desagertzeko arriskuan. Alde batetik, poluzio kimikoa dago, hau da, gizakion eraginez airean dagoen kutsadura. Honen ondorioz, dortokak gaixotasun tasa handiagoarekin eta ugaltzeko arazoekin jaiotzen dira. Bestetik, poluzio fisikoa dago, hau da, itsasoan pilatzen den plastiko guztia.

Poluzioaz gain, gizakiak hondartzetan arrautzak batzen ditu komertziorako edota elikatzeko eta honek ere arriskuan jartzen du populazioak mantentzea.