Afrikako sabana Tanzanian.

Sabana ekosistema mota bat da; Lur planetan, Tropikoan edo Tropiko inguruko lekuetan aurkitzen da, klima tropikal lehorreko eremuetan.

Nolakoak izaten dira sabanak? aldatu

Sabanen ezaugarri nagusiak honako hauek dira:

  • Lur-zabaldi lehor eta zabalak izaten dira.
  • Belar handiak eta zuhaitz edo zuhaixka gutxi dituzte. Zuhaitzak, gainera, ez dira handiak izaten.
  • Bi sasoi izaten dituzte: neguan lehorra, oso euri gutxirekin; eta udan euritsua.
  • Animalia ugari bizi dira, askotan talde oso handietan; asko eta asko belarjaleak dira, sabanan belar handiak daudelako ugari.
  • Tenperatura beroa izaten du urte osoan. Neguan apur bat jaisten da, eta sasoi euritsuan, berriz, hezetasun handia izaten du.

Urtaro euritsuetan, belar-landarediak lur guztia estaltzen du. Urtaro lehorraren bukaeran, aldiz, belarra erabat lehortzen da; baina lurpeko zurtoinei (errizomei esker), berriz sortzen dira belarrak urtaro euritsuan, errizoma horiek erreserba-substantziak pilatzen dituztelako.

Zein animalia bizi dira bertan? aldatu

Belarraren ugaritasunak mesede handia egiten dio animalia-talde belarjaleen bizitzari; belarra gutxitzen denean leku batean, gazela, ñu, elefante, zebra, bufalo eta abarrak beste leku batera mugitzen dira, larre hobeak edota ura aurkitzeko. Haien atzetik, noski, animalia haragijaleak izaten dituzte atzetik segika: lehoiak, gepardoak, lehoinabarrak edo hienak, adibidez.

Sabanan intsektu ugari ere bizi dira, termitak, adibidez; eta sabanari egokitutako beste hainbat animalia ere bai, esaterako, hegazti lasterkariak (ostrukak).

Zein landare aurkitzen dira sabanan? aldatu

Sabanako zuhaitzak ez dira oihaneko zuhaitzen espezie berekoak; sabanetako zuhaitzek oso ondo jasaten dituzte lehorteak eta suteak. Sustrai oso garatuak eta sakonak dituzte; sute batean errez gero, berriz sortzen dira enborretik. Bestalde, hosto txikiak eta arantzadunak izaten dituzte, ur gutxiago galtzeko; eta adaburua aterki-formakoa izaten dute, eguzkitik babesteko.

Zuhaitz mota horien artean, bi dira bereziki aipagarriak: akazia arantzatsua, urtaro lehorrean zehar hostoak galtzen dituena, eta baobab izenekoa.

Non daude sabanak munduan? aldatu

 
Munduko sabanak.

Sabanak basamortuen eta baso tropikalen artean egoten dira kokaturik, Ekuatore inguruan.

Munduko sabanarik handiena Afrika tropikalean dago: ia kontinente horren erdia okupatzen du. Beste sabana batzuk, berriz, Australiako iparraldean, Hego Amerikan eta Asian aurki daitezke.