👶
Jaiotza
K.a. 460
Kos
💀
Heriotza
K.a. 370
Larisa
🔨
Lanbidea
mediku
📷
Argazkiak
ikusi
Hipokrates

Hipokrates antzinako Grezian orain dela 2.400 urte bizi izan zen mediku greziar bat zen.

Mendebaldeko medikuntzaren aitatzat hartuta dago. Izan ere, medikuntzari buruzko ideia handi ugari izan zituen, eta pertsona asko salbatu zituen. Adibidez, gaixotasunentzat kausa naturalak zeudela antzeman zuen lehen pertsona izan zen. Garai hartan gaixotasunak sorginkeriak edo jainkoek eragiten zituztela uste zen. Sintometan (hala nola eztula edo sukarra) oinarritutako diagnostikoa eman zuen lehen pertsona izan zen, baita ere. Gainera, Hipokratesek uste zuen garbitasuna, elikadura egokia eta aire garbia garrantzitsuak zirela osasuntsu egoteko.

Hala ere, ez da egokia Hipokrates gauza horietan pentsatu zuen lehen pertsona izan zela esatea. Indian eta Txinan, medikuek ehunka urte lehenago egin zituzten Hipokratesek egindako aurkikuntza berak. Egia esan, indiarrak eta txinatarrak mila urte aurreratuagoak zeuden medikuntzan.

Hipokratesek ez zuen gauza guztietan asmatu, ezta ere. Adibidez, uste zuen gaixotasunak agertzen zirela gorputzeko fluidoak (mukiak, odola, behazun horia eta behazun beltza) desorekatuak zeudelako. Baina benetan, gaixotasunak izaki izugarri txikiek eragiten dituzte: bakterioek eta birusek.

Hipokratesek medikuntza-eskola bat sortu zuen. Ikasleei arau oso zorrotzak ezartzen zizkien, “zin hipokratikoa” hain zuzen ere. Gaur egungo medikuek zin horren bertsio bat erabiltzen jarraitzen dute, eta medikuntza-ikasleek zin hori egin behar dute titulua jasotzeko. Zinaren bidez, medikuek ziurtatu egiten dute etika medikuari jarraituz beteko dutela euren egitekoa.