Jirafen adibidea, hautespen naturala azaltzeko.

Hautespen naturala izaki bizidunen espezieek duten eboluziorako mekanismo bat da, Charles Darwinek proposatua, espezieak baldintza naturaletara nola moldatzen diren azaltzeko.

Espezie bakoitzaren barruan, ale edo indibiduo batzuek ezaugarri jakin batzuk izaten dituzte, baldintza naturaletara hobeto egokitzeko aukera ematen dietenak; horiei esker, gainontzeko bizidunek baino biziraupen handiagoa lor dezakete; hau da, ezaugarri horiek dituzten indibiduoek bizirautea eta ondorengoei euren ezaugarria transmititzea lortzen dute. Bestalde, ezaugarri berriak garatzea lortu ez dutenak desagertu egiten dira azkenean eta ez dute ondorengorik izaten. Nolabait, naturak bere habitat naturalaren baldintzetara hobekien egokitzen diren direnak "hautatzen" dituela esan daiteke. Horregatik deitzen zaio mekanismo horri hautespen naturala.

Espezieen eboluzioan aldaketa genetiko jakin batzuk gertatzen dira, baldintza naturaletara errazago egokitzeko. Aldaketa genetiko horiek belaunaldi batetik hurrengora transmititzen dira; alegia, transmititzen diren ezaugarriak hereditarioak dira.

Belaunaldiak etengabe eboluzionatzen ari dira, inguru naturala ere aldakorra baita. Eboluzio deritzo belaunaldiz belaunaldi gertatzen diren aldaketen multzoari.

Hautespen naturalari dagokionez, askotan esaten da alerik indartsuenek soilik bizirauten dutela eta ahulenak desagertu egiten direla. Baina, egia esan, ez da horrela: bizirautea lortzen dutenak euren bizileku edo inguru naturalera eta bertan gertatzen diren aldaketetara hoberen egokitzen diren indibiduo eta espezieak dira. Eta horrek ez du beti indarrarekin zerikusirik.

Horren adibide garbi dira jirafak. Ez dira animalia bereziki indartsuak, eta bizirik jarraitzen badute, euren gorputza inguru zail bateko zuhaitz altuenetako hostoez elikatzeko moldatzen joan direlako izan da; hanka luze eta lepo luzea duten jirafek lortu dute bizirautea; gainontzekoak, aldiz, desagertu egin dira.