Gaztainondoa.

Gaztainondoa (Castanea sativa) latinezko castanea edo grezierazko kastanon hitzetik dator. Gaztainondoa, fruta-arbola eta bizitza luzekoa da. Fagazeo familiakoa eta Castanea generokoa da, haren egurra oso preziatua da eraikuntzan, oso indartsua eta erresistentea delako. Euskal Herriko basoetan mendeak daramatzanez gaztainondoa, tokikoa edo autoktonoa dela esan daiteke.

Nolakoak dira? aldatu

Zuhaitz hauek hostorik gabe geratzen dira udazkenean, hosto erorkorreko zuhaitzak baitira. Gainera, urte askoan bizi den zuhaitza da, ehunka urtez zehazki; eta oso zuhaitz altua da 25-30 metroko altuera izatera irits daiteke. Udaberrian, adar ugariko kopa zabal eta borobil bat du. Gaztea denean, azala arre gorrizta eta leuna izaten da, baina denborarekin, arre grisaxka bihurtzen da, eta lodi eta sakon asurkatua da zahartzen denean.

 
Gaztainondoren (Castanea sativa) hostoak, fruituak, loreak eta zuhaitzaren itxura

Eta loreak? aldatu

Landare monoikoa da, hau da, zuhaitz bakoitzak bi sexuetako loreak dauzka. Lore arrak goiko aldean biltzen dira eta lore emeak behealdean kokatuta daude.

Udazkenerako lore emeek 3-7 hazi gordetzen dituzte, fruituak hazteko, hau da, gaztainak. Hauek trikua deitzen zaion arantzaz osatutako oskol batez bilduta daude.

Eta hostoak? aldatu

 
Castanea sativaren hostoak

Gaztainondoaren hostoak erorkorrak eta handiak dira, 20 cm-ko luzera eta 5 cm-ko zabaleraraino iristen dira. Atzealdean kolore argiagokoak eta sortan berde ilunagokoak dira, berriz, udazkenean, horiak jartzen dira. Hazkundea gutxi gorabehera azkarra da eta 80 edo 90 urtera arte hazten jarrai dezakete erraz. Adin horretatik aurrera, hazkundea eten egiten da.

Ugalketa aldatu

 
Gaztainondoa udazkenean.
   Ba al dakizu    
Gaztainondoa hazien bidez bakarrik ugaltzen den zuhaitza da.

Gaztainondoa hazien bidez bakarrik ugaltzen den zuhaitza da. Udazkenean egur samurreko aldaxken bidez zuhaitz berria sortzen saia daiteke, baina oso zaila da: giro hezeari eutsi behar zaio, baina ez gehiegi, bestela onddoak ugaritu eta hondatu egin baitaitezke; gainera, lurrak oso drainatze ona izan behar du.

Horrela, metodorik eraginkorrena haziak dira. Gaztainak udazkenean heltzen dira, baina, ernetzeko, hotz pixka bat pasatu behar dute. Izan ere, gaztainondoak izozteak edota elurteak gertatzen diren eremuetan bizi ohi dira, adibidez, Euskal Herrian.

Gaztainondo guztiak berdinak dira? aldatu

Gaztainondoak haritzen eta pagoen familia berekoak dira: Fagaceakoak. Hiru gaztainondo talde nagusi daude, normalean gaztainondo europarrak, asiatarra (txinatarrak, japoniarrak) eta amerikarrak bezala ezagutzen direnak. Euskal Herriko basoetan duguna, hau da, tokikoa, gaztainondo europarra da (Castanea sativa). Gaztainondoko hiru espezieak beren fruituengatik landatzen dira beren eremu naturaletan, eta, gainera, barietate ugari daude.

Hala ere, gure artean, bereziki hirietan, landatutako kanpotiko Indiako gaztainondoa (Aesculus hippocastanum) ikus dezakegu, baina hau ez da Castanea sativaren familia berekoa, baizik eta Sapindaceae familiakoa.

Zer behar dute bizitzeko? aldatu

 
Trikua.
   Ba al dakizu    

Gaztainen (gaztainondoaren fruitua) % 52 ura dira.

Gainera, subsatantzia batzuk dituzte (kaltzioa, fosforoa eta magnesioa) hauek laguntzen digute gure hezur-sistema eta hortzak egoera onean mantentzen. Estres fisikoa eta psikologikoa arintzeko gomendatzen omen dira.

Gaztainondoa leku heze, klima epela edo fresko bat behar du. Urtean 1.000 mm inguruko prezipitazioak behar ditu, eta hau bereziki garrantzitsua da zuhaitza hazten ari den garaian.

Nahiz eta gaztainondoa lurzoru askotara nahiko ondo egokitu, nahiago ditu lurzoru arinak. Egonkorrago egongo da, buztin-tasa oso handia ez daukaten lurzoruetan, putzuak saihesteko, eta sakonak, hau da, 40-60 cm arteko lurzorua, sustraiek ondo sar daitezen.

Gu bezala gaixotzen dira? aldatu

Gaztainondoak kaltetzen dituzten gaixotasun eta plaga asko daude, baina hiru hauek nagusienak dira:

Gaztainondoaren tinta aldatu

Gaztainondoaren tinta "Phytophthora cinnamomi" edo Phytophthora cambivora onddoek sortzen dute. Onddo hauek lurrean daude eta erro-sistemari erasotzen diote, hau da, sustraiei. Lehenik, beltzez tindatzen dituzte eta gero erabat usteltzen dituzte gaztainondoa hil arte. Gaixotasuna, hain zuzen ere, erasotako sustraietan uzten duten kolore beltz urdinxkagatik ezagutzen da.

Gaztainondoaren “txankroa" aldatu

 
Gaztainondoaren liztorra.

Gaixotasun hau onddo batek sortua da, "Cryphonectria parasitica" deitzen dena. Onddoa ez da gai zauriak egiteko, horregatik zuhaitzak dauzkan zaurietatik sartzen da. Onddo hau zaurietan animalien edo haizearen bidez sartzen da, hau da gaztainondo batek gaixotasun hori badu eta intsekturen bat zuhaitz infektatutik igarotzen bada, eta gero beste zuhaitz baten zaurira joaten bada, kutsatu egiten du.

Onddo honek zuhaitzean sortzen dituen sintoma bereizgarrienak hauek dira: enborraren azala erortzen zaio eta izerdiaren zirkulazioa eragozten du (Izerdia odola bezalakoa da guretzat, beharrezkoa bizitzeko).

Ondorioz, kimuak edo adarrak lesioaren gainetik hiltzen dira, eta eragindako zuhaitzetan punta lehorrak ikus daitezke.

"Dryocosmus kuriphilus" gaztoinondoaren liztorra aldatu

Intsektu honek gaztainondoan kalteak eragiten ditu. Liztorra arrautzak jartzen ditu hostoen erdiko nerbioetan eta adar gazteetan, honen ondorioz konkorrak ateratzen zaizkie eta bere emankortasuna murriztu eta zuhaitzen heriotza eragin dezakete. Liztorrak zauria egiten duenez, zuhaitzak aukera gehiago ditu txankroa izateko.