Folk musika edo musika folklorikoa deitzen zaie herriko jende arruntaren musika eta abesti tradizionalei. Folk musika mundu osoan existitzen da, nekazaritza inguruetan batez ere; hala ere, leku askotan, ospea irabazi du eta herrialde askotako kultura musikalaren osagai garrantzitsu bat bihurtu da.
Folk musika gehienetan, kantua eta instrumentuak erabiltzen dira. Mota askotako herri kantak daude: baladak istorio bat kontatzen du; sehaska-kantak edo lo-kantak umeak lokartzeko izaten dira; kanta espiritualak abesti erlijiosoak dira.
Folk musikariek instrumentu mota ugari jotzen dituzte. Horietako batzuk sinpleak dira, txintxirrinak eta txilibituak esaterako. Beste instrumentu batzuk, ordea, musika klasikoa jotzeko ere erabiltzen dira, biolina eta gitarra, besteak beste.
Nola sortua da?
aldatuNorbaitek herri-kanta bat asmatzen zuenean, jendeak ikasi egiten zuen. Hasieran inork ez zuen abestia idazten eta ahoz aho eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen edo hedatzen zen; idazten ez zirenez, ez zituzten beti hitz berberak erabiltzen: denborarekin, kantak aldatuz joaten ziren jendeak abestu ahala. Leku batean sortu ondoren, herri-kantak gertuko beste leku batzuetara zabaltzen ziren, baita beste herrialdeetara ere, eta abestiak gehiago aldatu ohi ziren orduan.
Europako migratzaileak eta Afrikako esklaboak izan ziren Amerikara folk musika eraman zutenak. Amerika kolonialean eta hasierako Estatu Batuetan, folk musika eguneroko bizitzaren parte garrantzitsua zen. Kolonoek kantatuz egiten zuten mendebalderako bidaia; esklaboek hegoaldeko kotoi soroetan abesten zuten, eta trenbideak eraikitzen zituzten langileak kantari aritzen ziren. Bakeroak kantari aritzen ziren ganadua mugitzen zuten bitartean.
60ko hamarkadan, era berri bateko herri-kantak garatu ziren. Bob Dylan dugu garai horretako folk musikarien arteko adibide bat. Herri-kanta tradizionalak abesten zituzten eta rock and rollarekin nahasten zuten musika tradizionala. Abeslari horiei esker, ospetsu bihurtu zen folk musika gazteen artean.