Korporazio edo gremioak artisauen elkarteak dira; okinena, errementariena edo merkatariena adibidez. Gremioek eragin handia izan zuten Erdi Arotik XIX. mendera arte. Erdi Aroko artisau eta merkatariek beren negozioak bideratzeko aukera izan nahi zuten eta, era horretara, noble eta apezpikuen aginduak gutxiago betetzeko; horretarako, artisauen gremio eta elkarteak sortu zituzten beren interesak defendatzeko.
Gremioek artisauen ofizioak arautzen zituzten, eta erabakitzen zuten artisau jakin batek zuzendu behar zuela ofizioa. Horretaz gain, ofizialak zeuden, hau da, beren ikas-prozesu osoa bukatuta zuten profesionalak. Azkenik, aprendiz edo ikasleek beren ofizioa ikasten zuten eta bukaeran ofizial bihurtzen ziren.
Gremioek, gainera, erabakitzen zuten beren hirian gehienez zenbat artisauk izan zezaketen negozioa, eta baita artisauek zenbat ofizial izan zitzaketen ere. Bestalde, ofizial bat artisau izatera nola iristen zen arautzen zuten, eta askoz gauza gehiago ere bai. Gremioko kide ez zenak ezin zuen ofizioan lan egin.
Baina gremioek ezin zuten beren boterea betiko eduki. Frantziako Iraultzako ideiak Europa osoan zehar zabaldu ziren. Denborarekin, nahi zuenak zeukan negozioa irekitzeko aukera. Hori gaur egungo herrialdeetan ere egin daiteke eta “merkataritza-askatasuna” deitzen zaio.