Gutxiago garatutako herrialdeak.

Gutxiago garatutako herrialdeak Nazio Batuen Erakundeak (NBE) munduko herrialde guztien artean gutxien aurreratutakotzat jotzen dituen herrialdeak dira; munduko herrialde pobreak dira.

NBEk Giza Garapenaren Indizea izeneko adierazle bat erabiltzen du herrialdeen garapen-maila neurtzeko. Indize edo adierazle hori 0 eta 1 arteko zenbaki bat da, herrialde bakoitzaren Barne-Produktu Gordina, hezkuntza-maila, alfabetizazioa, bizi-kalitatea eta batez besteko bizi-itxaropena kontuan hartzen dituena. Herrialde garatuek 1etik hurbileko indizeak izaten dituzte; gutxiago garatutakoek, aldiz, 0,5etik beherako maila izaten dute.

Herrialde hauetako gehienak Afrikan, Asian, Latinoamerikan eta Ozeano Barearen aldean daude. NBEren arabera, 45 herrialde baino gehiago daude egoera honetan, eta munduko populazioaren % 80 baino gehiago bizi da herrialde hauetan: 2013an, ia 6.000 milioi pertsona ziren, eta 2050. urterako kopuru hori 8.300 milioira haziko zela espero da.

Nolako ezaugarriak dituzte? aldatu

Garapena neurtzeko modu horretan, hainbat faktore sartzen dira, baina batez ere ekonomia hartzen da kontuan: herrialde hauetan biztanleek diru-sarrera (per capita errenta) txikiak dituzte beren burua edo beren familiak mantentzeko, eta, gainera, nazio horien ekonomia nahiko ahula izaten da; hau da, herrialde hauetako nekazaritza, merkataritza eta Industria|industriaren}} egoera oso erraz honda daiteke, arazo ekonomiko larriak sortuz.

Adibidez, herrialde bateko ekonomia atzerrian saltzekoa den azukre-kanaberaren nekazaritzan ia osorik oinarrituta badago, produktu horren atzerriko eskaria jaisten bada, edota urteren batean klimak eragindako kalte larriak gertatzen bazaizkio, herrialde horren ekonomia osoak jo dezake behea. Hondamendi naturalek, uholdeek edo lurrikarek esaterako, antzeko eragina izan dezakete.

Gutxiago garatutako herrialde gehienek batez ere lehen sektoreko industriak dituzte: nekazaritza, meatzaritza eta arrantza. Bigarren sektorea (industria) eta hirugarren sektorea (zerbitzuak) askoz ere txikiagoak dira.

Ekonomiaz gainera, beste faktore batzuk ere kontuan hartzen dira gutxiago garatutako herrialdeak definitzerakoan: maila txikiko nutrizioa, osasun-arreta eta hezkuntza dituzte; pertsona gutxiago bizi dira hirietan, herrialde garatuekin konparatuta; baina gero eta jende gehiago joaten da landa-eremuetatik hirietara lan bila. Askotan, bizi-baldintza txarreko tokietan jartzen dira bizitzen hirien kanpoaldeetan, ur-hornidura egokirik gabe, higienerik gabe eta osasun-arretarik gabe ere.