Bromoa giro-tenperaturan likidoa den elementu ez-metaliko bakarra da, eta giro-tenperaturatik hurbil likido diren taula periodikoko sei elementuetako bat.

Atomo mota bakarra duen substantzia da elementu kimikoa. Beraz, substantziak atomo mota bat baino gehiago badu, konposatua da. Elementua solidoa, likidoa edo gasa izan daiteke. Elementu horren partikularik txikiena atomoa da. Eta atomoak protoiz, neutroiz eta elektroiz daude osatuta.

Esan bezala, substantziek atomo mota bakarra dute. Atomo batean, protoi kopuruari zenbaki atomikoa deritzo. Adibidez: 6 protoidun atomo guztiak karbono elementu kimikoaren atomoak dira, eta 92 protoidun guztiak uranio elementuarenak dira.

Nukleoko protoien kopuruak karga elektrikoa zehazten du. Horrek elektroi kopurua finkatzen du haren egoera normalean (ez ionizatuan). Elektroiek, beren orbital atomikoetan, atomoaren hainbat propietate kimiko zehazten dituzte.

Substantzia mota guztiak osatzeko oinarrizko osagaiak dira elementuak. Eta elkarrekin konbinatzen direnean, molekulak sor ditzakete.

Kimika modernoan, 118 elementu ezagutzen ditugu. Elementu horien artean, 92 naturan aurki ditzakegu; eta, besteak soilik laborategietan sor ditzakegu. Horretaz gain, 26 elementuk osatzen dute giza gorputza. Bestalde, naturan aurkitutako azken elementua uranioa izan zen, 1789an. Gizakiak sortutako lehenengo elementua, berriz, teknezioa izan zen, 1937an.

Elementu kimikoak taula periodikoan daude antolatuta. Taula periodikoan, elementuaren kokapenak adierazten digu zeintzuk diren haren propietateak besteekin alderatuta.

Ikur kimikoak aldatu

Elementu kimikoek ikur kimiko bereizgarriak dituzte. Ikur kimikoak mundu osoan erabiltzen ditugu. Horrek esan nahi du berdin diola zein hizkuntzatan ari garen: argi dugu sinbolo bakoitzak zer elementu adierazten duen. Elementuen sinbolo kimikoak ingelesetik edo latinetik datoz.

Adibidez:

  • Karbonoak C sinbolo kimikoa du, ingelesezko carbon hitzetik datorrelako.
  • Sodioak Na sinbolo kimikoa du, latinezko natrium hitzetik datorrelako.
  • Tungstenoaren sinboloa W da; izan ere, wolframioa ere deitzen da, Wolfram izen alemanaren oroimenez.
  • Urrearen sinboloa Au da, latinezko aurum hitzetik datorrelako.
  • Zilarraren sinboloa Ag da, latinezko argentum hitzetik datorrelako.
  • Berunaren sinboloa Pb da, latinezko plumbum hitzetik datorrelako. Ingelesez iturgin hitza esan nahi du, hodiak berunez eginda daudelako.
  • Duela gutxi aurkitutako elementu batzuek pertsonaia ospetsuen izenak dituzte: adibidez, einsteiniorena Es da, Albert Einsteinen oroimenez.

Konposatuak aldatu

Elementuak batu daitezke konposatu puruak osatzeko: ura, gatza, oxidoa eta konposatu organikoak, esate baterako. Zenbait kasutan, konposatu horiek konposizio finkoa dute, eta egitura zein propietate zehatzak. Hasierako elementuekin alderatuta, konposatuaren propietateak oso bestelakoak izan daitezke. Batetik, sodioa metala da, eta uretan sartuta erre egiten da; bestetik, kloroa gas pozoitsua da. Elkarrekin erreakzionatzen dutenean, ostera, sodio kloruroa (gatza) sortzen da: kaltegabea eta jateko modukoa.

Nahasketak aldatu

Elementu batzuk hainbat proportziotan nahas ditzakegu egitura berriak osatzeko. Egitura berri horiek ez dira konposatuak: nahasketak dira, edo aleazioak, elementu metalikoak direnean.

Isotopoak aldatu

Naturan, elementu gehienek neutroi kopuru aldakorra dute. Adibidez, karbono atomoa hiru formatan ager daiteke naturan; karbono-12 (6 neutroi), karbono-13 (7 neutroi), eta karbono-14 (8 neutroi). Azken hori erradioaktiboa da. Forma horiek guztiak karbonoaren isotopoak dira. Azken finean, isotopoak elementu bereko atomoak dira, baina neutroi kopuru ezberdina dute. Elementu bakoitzerako, gutxienez, bi isotopo ezagutzen ditugu; ununoktioaren kasuan izan ezik, isotopo bakarra du eta.

Sailkapena aldatu

Elementuak egoera fisikoetan sailkatzen dira. Giro-tenperaturan eta -presioan, elementu gehienak solidoak dira; 13 izan ezik. Azken horietatik, 11 gasak dira, eta 2 likidoak.

Elementuak ere metaletan eta ez-metaletan sailkatzen ditugu. Metalak ez-metalak baino askoz gehiago dira. Hala ere, elementu batzuk metalen eta ez-metalen propietateak dituzte; elementu horiei erdi-metalak deritze (edo metaloideak).

25° C-tan likidoak diren bi elementuetatik, bat bromoa da; eta bestea, merkurioa.