Ura da Lurrean gehien aurkitzen den likidoa.
Likido baten mugimendua (Blender aplikazioaz egindako simulazioa)
Likidoak bere edukiontziaren forma hartuko du grabitate indarraren laguntzaz

Likidoa materiaren egoeretako bat da, egoera solido eta gas egoerarekin batera.

Likidoen ezaugarri nagusiak dira:

  • Ez dutela berezko formarik,
  • Bolumen finkoa dutela, eta
  • Jariakorrak direla.

Likidoak eta gasak fluidoak dira; hau da, jariatzen diren substantziak dira, eta, horregatik, ez daukate halako forma zehatzik: haien forma fluido edo jariakin horiek gordetzen dituzten ontzien araberakoa da. Baina likido baten gainazala beti da horizontala, geldirik dagoenean ontzi baten barruan, grabitatearen eraginez; horrelakorik ez da gertatzen beti gasekin, ordea. Espazioan, aldiz, grabitaterik ez dagoenez, likidoek forma esferikoa hartzen dute.

Materiaren egoerak

aldatu

Materia ez dago beti egoera berean. Hiru agregazio-egoera nagusi ditu: egoera solidoa, likidoa eta gaseosoa. Egoera bakoitzak berezko ezaugarriak ditu:

  • Solidoek forma eta bolumen propioa dute.
  • Likidoek ez dute formarik. Ontziaren forma hartzen dute eta hortaz, bolumen zehatza dutela esaten da.
  • Gasek ontziaren forma hartzen dute. Ez dute bolumen zehatzik, espazio guztia okupatzen dute eta.


Egoera-aldaketak

aldatu

Likido batzuk, presio edo tenperatura aldaketaren ondorioz, beste egoera batera pasa daitezke; adibidez, ura berotzen denean lurrundu egiten da, lurrun edo gasa, alegia; bestalde, ura asko hoztuz gero, izoztu egiten da, hau da, solido bihurtzen da.

  • Solido bat likido bihurtzeari fusioa edo urtzea deitzen zaio.
  • Likido bat solido bihurtzeari solidotzea edo solidifikazioa deitzen zaio.

Eta, bestetik:

  • Solido bat zuzenean (egoera likidotik igaro gabe) gas bihurtzeari sublimazioa deitzen zaio.
  • Gas bat zuzenean (egoera likidotik igaro gabe) solido bihurtzeari kondentsazio solidoa edo kristalizazioa deitzen zaio.