Biztanleriaren dentsitatea lurralde batean kilometro koadroko (km2) bizi den biztanle kopurua da. Biztanleriaren kopuru osoa lurraldearen azalerarekin (km²) zatituz lortzen da. Ateratzen den biztanleriaren kopuru hori batez bestekoa dela ulertu behar da: hau da, ez du esan nahi zehazki pertsona horiek bizi direla kilometro koadro bakoitzean; gutxi gorabehera leku horretan zenbat jende bizi den ulertzeko ematen den zenbaki bat besterik ez da.
Biztanleriaren dentsitatea kalkulatzean, noski, halako eremu jakin bat hartzen da kontuan, egin nahi dugun azterketaren arabera: hiria, eskualdea, estatua edota mundu osoa.
Biztanleriaren dentsitateak aditzera ematen digu batez beste zenbat pertsona bizi diren leku horietako kilometro koadro bakoitzean. Delako lur-eremu hori oso handia bada baina bertan oso biztanle gutxi bizi badira, dentsitate txikia duela esaten dugu; aldiz, txikia bada, baina bertan biztanle asko bizi badira, leku horren dentsitatea oso handia izango da.
Normalean, leku bateko dentsitatea honela sailkatzen da:
Dentsitate txikia: 100 biztanle/km² baino gutxiago. Dentsitate ertaina: 100 eta 200 biztanle/km² bitartekoa. Dentsitate handia: 200 biztanle/km² baino gehiago.
Adibide bat jartzearren, Euskal Herria askoz txikiagoa da Txina baino, baina biztanle-dentsitate handixeagoa du, ondoko taulak erakusten duen bezala:
Euskal Herria | Txina | |
---|---|---|
Azalera | 20.747 km² | 9.571.300 km² |
Biztanleak | 2,9 milioi | 1.300 milioi |
Dentsitatea | 140 biz/km² | 136 biz/km² |
Biztanleriaren dentsitate mapak
aldatuBiztanleriaren dentsitatea adierazten duten mapak daude; koloreekin bereizten dituzte dentsitate txikiak, ertainak eta handiak. Eta, beraz, koloreen bitartez ikusten da nola banatuta dagoen biztanleria mapako lurraldean.
Adibidez, Europar Batasuneko (EB) biztanleriaren dentsitateari buruzko mapan, kolore beltzez markatuta daude dentsitaterik handienak, eta berde oso argiarekin, berriz, dentsitate txikienak. Mapan ikusten denez, Euskal Autonomia Erkidegoa dentsitaterik handieneko lekuetako bat da EB barruan.
Biztanleriaren dentsitatea datu oso garrantzitsua da lurralde bateko biztanleria nola banatuta dagoen jakiteko. Adibidez, hiriek biztanleria-dentsitate handia izaten dute, biztanle askok aukeratu dutelako hirietan bizitzea.
Biztanle dentsitaterik handiena duten lurraldeak eremu urrikoak eta hiritartasun maila handikoak dira. Ondoko hauek dira munduko dentsitate handiena duten lurraldeak:
- Monako (21.477 bizt/km²)
- Singapur (7.456 bizt/km²)
- Hong Kong (6.688 bizt/km²)
- Gibraltar (4.270 bizt/km²)
Biztanle-dentsitaterik handieneko bizilekuak hainbat arrazoirengatik aukeratzen dira:
- Arrazoi ekonomikoengatik: azpiegitura eta komunikabide hurbil eta errazak dituztelako eta lantokiak eta merkatalguneak hurbil daudelako…
- Lur-eremuaren ezaugarriengatik: erliebe egokiagatik, lurraldea babesteko gune estrategikoak izateagatik —goialdeetan kokatutako biziguneak— eta, batez ere, uraren hurbiltasunagatik; izan ere, gizakiak ur-ibilbideen inguruan kokatzeko joera izan du beti.
- Arrazoi historikoengatik: antzinatik jendeztatutako tokiak direlako.