Arkitekturaren historiari begiratzen badiogu, hasi behar da esaten gizakia bere burua eguralditik babesteko hasi zela aspaldi egurrezko bizitoki edo etxolak eraikitzen. Baina lehen zibilizazio handiak, Antzinako Babilonian edo Egipton adibidez, helburu garrantzitsuagoa zuten eraikinak egiten hasi ziren, askotan helburu erlijiosoekin (tenpluak, mastabak, zigurat edo tenplu-dorre sumertarrak, edo Egiptoko piramideak, esaterako). Horregatik, arkitekturak oso ondo erakusten du halako gizarte edo zibilizazio batek historian izan duen garapena.
Antzinako greziar eta erromatarrek egindako arkitekturari "arkitektura klasikoa" deitzen zaio. Arkitektura klasikoa oso formala zen, eta halako arau zorrotz batzuk zituen, harmonia bilatzen zutenak; adibidez, eraikinak simetrikoak izaten ziren eta halako proportzio batzuk edukitzen zituzten beren neurrien artean
Antzinako Greziako arkitekturako eraikinik ezagunenak tenpluak dira, haietako batzuk nahiko egoera onean daudenak, hala nola Atenasko Partenoia; edo aire zabalean eraikitako antzoki edo teatroak (lehenak K.a. IV. mendean hasi ziren eraikitzen), hilobi monumentalak (mausoleoak) edo kirola egiteko estadioak. Greziako arkitekturan batez ere kareharria eta marmola erabiltzen zuten tenplu eta eraikin publikoetako hormak eta zutabeak egiteko; eraikin xumeagoetarako, berriz, adobea erabiltzen zuten, buztina, harea, ura eta lastoa nahasiz egina.
Bestalde, antzinako Erroman, arkitektura erromatar zibilizazioaren lekukotasunik garrantzitsuenetako bat da. Erromatarren arkitektura etruriarren eta greziarren arkitektura klasikoan oinarritu zen, baina ekarpen berriak ere erantsi zizkion. Erromatarrek ere harria eta marmola erabiltzen zuten eraikin garrantzitsuetarako, baina baita material berriak ere, adreiluak eta hormigoia, adibidez. Gainera, osagai arkitektoniko berriak asmatu zituzten, hala nola erdi puntuko arkuak, gangak eta kupulak.
Erdi Aroan, eraikuntza erromanikoa agertu zen, erabilera erlijiosoa zuten eraikin sendoekin. Geroago, estilo gotikoak hartu zuen haren lekua, eraikin erromanikoen astuntasuna arinduz eta argiari leku handia emanez. Arabiarrek eraikuntza-estilo berezia hedatu zuten, apaindura aberatsez hornitutako meskita eta jauregi ederretan. Errenazimentu edo Pizkunde garaian erromatarren ereduetara itzuli nahi izan zen, oreka eta simetria lortzen saiatuz eta elementu klasikoak berreskuratuz, hala nola ordenak eta tinpanoak. Bestalde, arkitektura zibila ere asko garatu zen, arkitektura erlijiosoa adina. Florentziako katedrala eta jauregiak eta Erromako San Petri basilika dira eraikin nabarmenenak.
XVII. mendetik aurrera, barroko estiloan, kurba, elipse eta espiralak eta irudi polizentriko konplexuak erabili ziren, eta pinturaz, eskulturaz eta estukoez baliatzen zen multzo artistiko teatral joriak osatzeko, jabeen aberastasuna loriatzeko eta nabarmentzeko asmoz.
XVIII. mendean, arkitektura neoklasikoa agertu zen, barroko garaiko estilo handinahiaren aurkako erreakzio modura, masa geometriko handiak eta ordena klasikoak erabiliz.
Aurrerago, XIX. mendearen bukaeran, estilo modernista agertu zen.