Txantiloi:2015-4 Nabarmendutakoa

Hondarribia (bertakoen hizkeran, Honddarbi) Gipuzkoa ipar-ekialdeko udalerria da, Txingudiko ezkerraldean kokatua, Bidasoa itsasoratzen den lekuan eta Ipar Euskal Herria eta Hego Euskal Herria nahiz Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan. Hendaia parez-pare du eta Irun udalerria hegoaldean.

Irun eta Hendaiarekin batera Txingudiko metropoli-eremua osatzen du, 90.000 biztanle dituena eta Espainia eta Frantzia estatuen artean banatua. 1203an Alfontso VIII.a Gaztelakoak hiribildu titulua eman zion, eta Donostiako Forua.

Gaur egun 17.000 biztanle ditu, eta haren jarduera nagusiak zerbitzu sektorea, turismoa, arrantza eta nekazaritza dira. Haren kokagune estrategikoagatik, bertan gaztelu bat eraiki zuten eta hesi batez inguratu, hiri-erdiguneak bere Erdi Aroko urbanismoa gorde du urteen joanean. Alde Zaharretik kanpo dago Portu auzoa, arrantzaleen auzoa.

Gipuzkoko turismo, aisialdi eta oporgune garrantzitsu izateaz gain, udalerrian Donostia-Hondarribia aireportua dago.