Txantiloi:2012-40 Nabarmendutakoa

Kontxako Bandera Donostiako Kontxako badiatik abiatuta jokatzen den estropada ospetsua da. 1879. urtean ospatu zen lehen aldiz eta horrela, egun Bizkaiko golkoko estropada zaharrena da. Arraunaren Olinpiada ezizena jaso ohi du, estropada denetan ospetsuenetakoa baita. Izena traineru irabazleak garaikur moduan jasotzen duen Donostiako bandera handi brodatutik dator. Iraileko lehen bi asteburuetan ospatzen da, zortzi traineruren artean, erlojuaren aurkako sailkatze estropada baten ondoren.

Estropada ikusi eta euren traineruak animatzeko hirira 100.000 pertsona inguru bertaratzen dira eta kantauri itsasoko kostaldeko milaka jarraitzaile Donostiako kaian, Pasealeku Berria, Santa Klara uhartea, Urgull eta Igeldo mendien magaletan biltzen dira, horietako asko beren traineruen kolorez jantzita. Bestalde, egun honetan kalean nahiz tabernetan artekariak eta apustulariak ere izan ohi dira. Estropadaren ondoren, Donostiako Parte Zaharrean jai giroan biltzen dira jarraitzaile guztiak.