Txantiloi:2011-7 Nabarmendutakoa

Nekazaritza edo laborantza lurra landuz landareak edo zuhaitzak hazi eta bertatik batez ere gizaki zein abereentzako elikagaiak (fruituak, barazkiak, zerealak) ekoizten dituen hazkuntza-jarduera da. Ehungintza, papergintza, farmazia edo bestelako industria jardueretarako zuntzak eta bestelako gaiak ekoizten dira nekazaritzan. Egun, erregaiak ekoizteko landareak ere hazten dira. Nekazaritzan hazitako landare eta fruituei labore deritze. Funtsezko jarduera ekonomikoa da gizartean: nekazaritzaren ekoizkin gehienak elikadurarako direnez, uzta eskasek eta nekazaritza-krisiek goseteak eta arazo sozioekonomiko larriak eragin dituzte historian zehar. Guztira, Lurraren lurzoruaren %10-%20 bitartean nekazaritzarako erabiltzen dela zenbatetsi da. Nekazaritzaren eraginez landa eremuko paisaia sortzen da, hiriaren aldean. Landa eremuan giza-komunitateen bizitza eta garapen iraunkorrerako kondizio egokiak sortzen dira batzuetan, baina nekazaritza modu desegokiek bertako komunitateak ezabatu ere egin dituzte beste batzuetan.