Nerbio trigemino

Trigemino» orritik birbideratua)

Nerbio trigeminoa edo bosgarren nerbio kraniala burezurreko bosgarren kirio parea da, sentikorra eta higikorra. Gihar murtxikatzaileak uzkurrarazten ditu eta aurpegiko gihar eta egitura gehienen sentiberatasunaz arduratzen da. Garuntxotik ateratzen da, eta hiru adar ditu: oftalmikoa, goiko masailekoa, eta beheko masailekoa. 12 bikote edo nerbio kranial daude, hauek zuzenean burmuinetatik edo enbor entzefalikotik sortzen dira ondoren garezurreko oinaldean dauden zuloetatik, lepotik, toraxetik eta abdomenetik zabaltzeko.

Nerbio trigemino
Nerbio trigeminoa horiz Irudi gehiago
Xehetasunak
Identifikadoreak
Latineznervus trigeminus
MeSHA08.800.800.120.760
TAA14.2.01.012
FMA50866
Terminologia anatomikoa
Enbor entzefalikoan trigeminoaren nukleoak eta nerbioa bera. Anatoramako irudia. https://www.ehu.eus/eu/web/anatorama/home

V bikote kraniala edo trigeminoa nerbio mistoa kontsideratzen da osagai motorra eta sentsitiboa dituelako. Hain zuzen, aurpegiko informazio sentikorra jaso eta murtxikapen muskuluak inerbatzen ditu. Honen zuntzen axoiak lau nukleotan antolatzen dira: 3 sentikor eta eragile 1.

Nerbio trigeminoaren nukleo eragilea aldatu

Errai nukleo eragile berezia izanik enbor entzefalikoaren zubian kokatzen da, nukleo sentsitiboak baino medialago.

Nukleo honen zuntzak baraila nerbiotik (V3) bideratzen dira egitura desberdinak somatikoki inerbatzeko:

  • Muskulatura murtxikatzailea (I. arku faringeotik eratorritakoa)
  • Aho zoruko, tinpanoaren tenkatzaile eta aho gingilaren tenkatzaile diren muskuluak.

Trigeminoaren nukleo eragilera zuntz aferente bilateralak iristen dira, hau da, burmuin-hemisferio batek bidalitako informazioa bi nukleoetara iritsiko da.

Trigeminoaren nukleo hartzaile somatiko orokorrak aldatu

Trigeminoaren hiru nukleo somatiko orokor daude

Mesentzefaloko nukleoa aldatu

Mesentzefaloan hasi eta zubiraino luzatzen da. Muskulatura murtxikatzailetik sortutako informazio propiozeptiboa hartuko du zuntz aferente sentsitiboen bidez, hau da, muskulaturaren egoeraren informazioa jasotzen du nukleo honek. Zuntz hauen soma Gasserren gongoilean egon beharrean nukleo honetan egongo da (hau salbuespena da, izan ere, orokorrean gongoiletan kokatzen dira somak).

Mesentzefaloko nukleoak berezitasun bat aurkezten du: bere zuntz zentripetua trigeminoaren nukleo eragilera bideratzen da eta era honetan murtxikatzean edo hitz egitean erreflexuak agertuko dira. Hau da, zuntzek muskuluen egoeraren informazioa dutenez, murtxikatzen dugunaren edo dena delakoaren arabera, moldaketak eragingo dira erreflexuak sortuz.

Zuntzak baraila nerbioaren bidez (V3) bideratzen dira.

Nukleo nagusia aldatu

Zubian kokatzen da eta aurpegi osoko informazio epikritikoa iritsiko zaio. Informazio hori trigeminoaren hiru adarren (baraila, maxilar eta oftalmiko) bidez iristen zaio eta kasu honetan soma Gasserren gongoilean kokatzen da.

Bizkarraldeko nukleoa aldatu

Erraboilean luzatzen den nukleo luzea da eta buruaren informazio protopatikoa jasoko du: aho barrunbe, sudur barrunbe, kornearen... informazio sentsitiboa hartuko du. Aurreko kasuan bezala informazioa trigeminoaren hiru adarretatik iristen zaio eta bere soma Gasserren gongoilean kokatzen da. Trigeminoaren informazioaz gain, belarri inguruko informazio sentsitiboa iritsiko da nukleo honetara. Gune hau VII, IX, X, nerbioek inerbatzen dute, beraz hauen sentsazio nerbiosoak bizkar nukleora iritsiko dira.

Adarrak aldatu

Buruaren sentikortasuna nerbio trigeminotik (V. bikote kranialetik) dator gehienbat: aurpegiaren eta buru gangaren zati handi bat hartzen du honek. Trigeminoa oso laburra da, enbor entzefalikotik tenporalaren harkaitzaren goialdera heldu eta hor Gasser gongoila/trigeminoaren gongoila osatuko du (harkaitzaren goi aurrealdean Gasser hobia/trigeminoaren hobia/erdi ilargizko hobia eratzen du, eta hor kokatuko da gongoila).  Trigeminoaren 3 adarrak, beraz, gongoil horretatik sortuko dira: oftalmikoa (V1), maxilarra (V2) eta baraila adarra (V3).

Nerbio oftalmikoa orbitara abiatuko da arraildura esfenoidaletik pasatuz. Nerbio maxilarra, berriz, zulo biribil handitik pasatuko da eta hobi pterigopalatinora helduko da. Barail nerbioari dagokionez, hau zulo obaletik pasatuko da eta hobi infratenporalera helduko da.

Aipatu beharra dago trigeminoaren 3 adarretako bakoitzak adar meningeo txiki bat emango dutela meningeak inerbatzeko, gure burmuinak ez baitu sentikortasun somatikorik.

Nerbio oftalmikoa (V1) aldatu

Sakontzeko, irakurri: «nerbio oftalmiko»

Trigeminoaren lehenengo adarra adar oftalmikoa da, eta hau jada banatuta sartzen da arraildura esfenoidaletik orbitara. Hortaz, betzuloko goi-fisuratik pasa aurretik 3 adar emango ditu:  Zinnen eraztunetik sartzen den nasoziliarra, eta arraildura esfenoidaletik (baina ez Zinnen eraztunetik) igarotzen diren frontala eta malko adarra.

Nerbio nasoziliarra aldatu

Zinnen eraztunetik orbitara pasatzen da, barruko hormaren eta sabaiaren artetik igaroz, sudur oinarrian (sustraian) agertuz. Goi barruko angeluan bukatzen da trokleazpiko nerbioa/infratroklearra emanez. Goi barruko angelua, beheko betazal aldea, sudur hasiera, beheko konjuntiba, malko-zakua, karunkula eta malko eremua hartuko ditu honek.

Aurretik, hala ere, nerbio nasoziliarrak hainbat adar etmoidal ematen ditu, frontal eta etmoide arteko zuloetatik sartzen direnak: aurreko eta atzeko nerbio etmoidalak. Atzekoak sinu esfenoidala eta atzeko gelatxo etmoidalak inerbatzen ditu. Aurreko nerbio etmoidalak, aldiz, aurreko eta erdiko gelatxo etmoidalak inerbatzen ditu, baina sudur-hobiaren alboko hormak, sudur-mukosa eta sudur-trenkadaren goiko eta aurreko aldea inerbatzen ditu baita ere.

Nasoziliarrak adar ziliarrak ere ematen ditu: atzeko adar ziliar luzeak (begi globo guztia inerbatzeko) eta laburrak (gongoil ziliarrarekin erlazionatzen direnak). Gongoil ziliar honek osagai parasinpatikoa izango du.

Adar frontala aldatu

Arraildura esfenoidaletik gorantz eta erdialderantz abiatzen da eta orbitaren barrualdean adar supratroklearra/troklea gainekoa ematen du, goiko betazala, glabela, nasion eta metopion eremuak inerbatzeko. Oftalmikoaren adar frontalak orbitagaineko nerbioa/supraorbitarioa ere ematen du, zeinak gehienetan orbitagaineko zulotik/arrailduratik igaro ondoren (batzuetan igaro aurretik) adar supraorbitario mediala eta laterala ematen dituen. Adar supraorbitario medialek eta albokoek kopeta hezurraren eta parietalen (ia obelioneraino) eremua hartuko dute.

Malko adarra aldatu

Zinnen eraztunaren kanpotik, arraildura esfenoidaletik begi orbitaren goiko eta kanpoko angelutik abiatzen da malko hobira helduz, malko guruina inerbatzeko, baita kanpoko angeluaren zati bat ere. Aipagarria da adar anastomotiko bat osatzen duela nerbio zigomatikoarekin; adar komunikatzaile honen bidez zuntz begetatibo parasinpatikoak helduko dira malko guruinera, guruinaren malko jariapena kontrolatuz.

Nerbio maxilarra (V2) aldatu

Burezur barnetik zulo biribil nagusitik aterako da, hobi pterigopalatinora helduz. Bere bukaeranzko adarra, adar nagusia, adar infraorbitarioa/orbitazpikoa izango da. Azken hau arraildura pterigopalatinotik irten, arraildura esfenomaxilarretik igaro eta orbitaren zorura joango da. Orbitaren zoruan ildo edo kanal batetik igaroz zulo batean sartuko da, maxilarraren barnetik joango delarik zulo infraorbitariotik ateratzeko. Adar infraorbitarioak, zulotik irtendakoan, beheko betazal eta sudur aldea inerbatuko ditu, eta goiko ezpainaren eremua hartzera ere hel daiteke.

Nerbio infraorbitarioak, hodi infraorbitarioan sartu baino lehen nerbio zigomatikoa emango du:

Nerbio zigomatikoa aldatu

Orbitara abiatzen da, eta zulo zigomatikoan sartzen da, kanpoko horman. Hor bere adar biak ematen ditu:

  • Atzera doan zigomatiko tenporala: hobi tenporalaren aurrealdera joango da, lokia inerbatzera.
  • Aurrera doan zigomatiko faziala (orbitarioa): honek aurretiaz aipatu dugun malko nerbioarekin anastomosia egingo duen adarra emango du, adar komunikatzailea.

Hala ere, batzuetan banaketa hori zigoma hezurrera sartu aurretik ematen da. Masailaren goialdea eta hobi tenporalaren zatitxo bat inerbatuko dute.

Nerbio maxilarrak, infraorbitarioaz gain, beste adar batzuk ere ematen ditu hodi infraorbitarioan egiten duen ibilbidean zehar:

Goi atzeko nerbio albeolar/dentarioak aldatu

Arraildura esfenomaxilarrean emango ditu, maxilarraren tuberositatean dauden zuloetatik sartuz goi atzeko hortzak (papilatik, sustraitik) eta hortz inguruak (hortzoiak) inerbatzeko.  

Goi aurre eta goi erdiko nerbio albeolar/dentarioak aldatu

Nerbio infraorbitarioak, maxilarraren barnean, hodi infraorbitarioan dagoenean, adarkadura hauek ematen ditu beste hortz guztiak inerbatzeko  (adar odontorioen bitartez hortza bera, eta periodontarioen bidez hortz inguruak eta hortzoiak)

Zulo infraorbitariotik irtetean nerbio infraorbitarioak ondorengo adarrak emango ditu, aurretiaz aipatu dugun bezalaxe:

  • Goranzko adarrak: beheko betazalarentzako
  • Adar medialak: sudurrarentzako
  • Ia ia goiko ezpainera arte helduko diren adarrak

Nerbio palatinoak aldatu

Nerbio maxilarraren adarrekin jarraituz, nerbio palatino nagusia (beheranzko nerbio palatinoa)  hodi palatinotik sartuko da eta ahosabaiaren atzealdera helduko da. Bidean, nerbio palatino txikiak emango ditu. Hortaz, nerbio palatino nagusiak ahosabai gogorraren eremu handi bat hartuko du, eta palatino txikiek, aldiz, ahosabai biguna (gingila eta estalkia).

Nerbio esfenopalatinoa aldatu

Nerbio maxilarraren bukaeranzko adarra izango da. Nerbio honek, zulo esfenopalatinotik sartu eta berehala ondorengo adarrak emango ditu:

  • Alboko adarrak edo korneteenak: atzeko-alboko sudur nerbioak dira (goi, erdi eta behekoak). Alboko horman dauden kornete eta meatoak inerbatzen dituzte.
  • Adar medialak edo septalak/tabikerarenak: Adar septalen artetik irteten da adar nagusi bat, nerbio nasopalatinoa, arteriaren ibilbide bera jarraitzen duena: sudur trenkadatik igaro, ebakortzen zulotik sartu eta ahosabai gogorra eta trenkada bera inerbatuko ditu, azkenik, nerbio palatino nagusiarekin bat eginez.

Baraila-nerbioa (V3) aldatu

Trigeminoaren azken adarra den honek osagai motorra duenez nerbio mistoa izango da. Osagai motor hori nerbio murtxikatzailea izango da. Nerbio hau ez da adar independente bat izango, baizik eta baraila nerbioaren atal motor guztia. Adar desberdinak emango ditu: tenporal sakona, milohioidea, pterigoideoa eta maseterinoa.

Baraila-nerbioa zulo obaletik irtengo da adar desberdinak emanez:

Nerbio aurikulotenporala aldatu

Baraila nerbioak, zulo obaletik irten bezain laster, eraztun bat egingo dio erdiko arteria meningeoari, nerbio hau sortuz. Azaleko arteria tenporalaren satelitea izango da. Belarriaren aldetxo bat eta batez ere hobi tenporala inerbatuko ditu. Tenporo-baraila giltzaduraren eta kanpoko entzumen bidearen artean aurkitzen da.

Aho-nerbioa aldatu

Kanpoko muskulu pterigoideoaren bi atalen artetik igaro eta puzgilera heltzen da, gero sakontasunera abiatzeko. Puzgilearen edo masailaren eremua inerbatuko du sentsitiboki.

Mihi-nerbioa aldatu

Adar handi bat izango da eta honetara tinpano korda heltzen da. Mingainera abiatu eta mingaina somatikoki inerbatuko du V lingualetik aurrera. Horrela, mingainaren min, ukimenen, presio, dardaren… buruzko informazioa zuntz hauek hartuko dute. *Dastamena tinpano kordatik joango da, beste bide bat erabiliz.

Beheko nerbio albeolar/dentarioa aldatu

Barailaren lingulatik barailaren hodira sartzen da. Adarrak emango ditu beheko hortzak eta hortzoiak inerbatzeko. Gainera, baraila hoditik bideratuko da barailaren barrenerantz, kokots zulotik irtetean kokotseko nerbioa emateko. Azken honek kokotsa eta beheko ezpaina inerbatuko ditu.

Erreferentziak aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu