Stavrovouni monasterioa

Stavrovouni monasterioa (grezieraz: Ιερά Μονή Σταυροβουνίου, Ierá Moní Stavrovouníou) Zipre hegoaldean dagoen monasterioa da, Zipren dokumentaturiko lehena eta munduko monasterio zaharrenetakoa.

Stavrovouni monasterioa
Kokapena
Koordenatuak34°53′09″N 33°26′08″E / 34.8859°N 33.4355°E / 34.8859; 33.4355
Map

Helena Konstantinoplakoak sortu zuen K.o. 327-329 urteen inguruan eta Benetako Gurutzearen zatitxo bat ikus daitekeen toki bakanenetakoa da.

Kokapena eta izena aldatu

Larnakako barrutiaren barnealdean kokaturik dago Stavrovouni muinoaren gainean, 750 metrotako altueran[1]. Muinoaren azpian Agia Varvara monasterioa dago[2].

Stavrovouni izenak bi atal ditu; "stravos" (grezieraz: Σταυρός), "gurutzea" esan nahi du, eta "vouno" (grezieraz: βουνό), "mendia". Honen arabera "Gurutzearen mendia" da izenaren esanahia.

Historia aldatu

Sorrera aldatu

Erlijio tradizioak dioenez Helena Konstantinoplakoa (Konstantino I.a Handiaren ama) Nizeako I. kontzilioaren ondoren (325. urtea) Lur Santura joan zen erromesaldian. Bertan Jesukristoren eta bi lapurren gurutzeak aurkitu zituen eta Konstantinoplara eraman nahi izan zituen[3]. Itzulerako bidaian itsasontziak istripua izan zuen eta gurutzeetako bat Zipren gelditu zen[4].

Gauez gurutzea muino hartara aldatu zen mirariz eta argi itzela sortu zuen bertatik. Saiatu ziren menditik gurutzea jeisten baina ezinezkoa izan zenez Helenak gurutzearen alboan kapera bat eraikitzeko agindua eman zuen.

Edozein modutan Bizantziar garaiko agiri zaharrek erakusten dute IV.mendetik aurrera erlijio erdigune aipagarria izan dela[5].

Bilakaera mendeetan zehar aldatu

 
Stavrovouni monasterioa.

Daniel izeneko errusiar bidaiaria 1106an Zipren izan zen eta Olinpo mendian (garai hartan horrela esaten zitzaion muinoari) Benetako Gurutzea zegoela aipatu zuen, "deabruak uxatu eta gaixotasunak sendatzen zituena".

Monasterioa sortu bezain laister Basilio Zesareakoaren arauak jarraitzen zituzten monje ortodoxoek okupatu zuten[5]. Mendeetan zehar ordea Ziprek izandako inbasioen ondorioz Stavrovouni monasterio pobrea izan da, eta dagoeneko gurutzerik ez dago bertan. Otomandarrek Zipre konkistatu zuten 1571. urtean eta monasterioa bertan behera utzia izan zen. Ermitau batzuk ordea bertan bizitzen jarraitu zuten.

Berrezartzea aldatu

 
Sabaiko hormirudiak.

1888. urtean sute handi batek hormak, eliza, ikonostasia eta monjeen zeldak erre zituen. Gurutzearen zati txiki bat mantentzen da zilarrezko gurutze baten barnean.

1889. urtean Dionisos abadea Greziako Athos menditik etorri eta monasterioaren berreraikuntza lanak abiatu zituen. 1890. urtean Athos menditik monje gehiago etorri ziren eta komunitate berria ezarri zuten monasterioan, berriz martxan jarriz[3]. Monasterioa hasiera hartan nabarmen hazi zen eta XX. mendearen erdialderako Zipreko erdigune izpirituala bihurtu zen.

Azken urteetan berrizte lanak burutu dira eta Fr. Kallinikos monjeak freskoak eta ikonoak margotu ditu, aipagarriena "Santa Helena gurutzeak aurkitu zituen irudia".

Erlikiak aldatu

Stavrovouni monasterioko erlikia ezagunena Benetako Gurutzearen zatitxoa da, lapur onarena hain zuzen ere, gaur egun zilarrezko gurutze baten barnean dagoena[6]. Azkazal bat ere badago[4] eta batzuek Jesukristoren arropa zati bat ere aipatzen dute.

Bi kate txiki ere badaude, Pafosko apezpikua zen San Panaretosek bizialdian eraman zituenak.

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. Stavrovouni Monastery - Stavrovouni is the first monastery in Cyprus. https://www.cyprusalive.com/en/location/stavrovouni.
  2. (Ingelesez) «Stavrovouni Monastery» in-cyprus.philenews.com (Noiz kontsultatua: 2020-12-20).
  3. a b «Stavrovouni Monastery - Larnaka Tourism Board (Official Site)» larnakaregion.com (Noiz kontsultatua: 2020-12-20).
  4. a b (Ingelesez) chart. Saint Helena Brings the Holy Cross to Cyprus – Chrissi Hart. (Noiz kontsultatua: 2020-12-20).
  5. a b «Stavrovouni-1» kypros.org (Noiz kontsultatua: 2020-12-20).
  6. «Stavrovouni Monastery» www.chooseyourcyprus.com (Noiz kontsultatua: 2020-12-20).

Kanpo estekak aldatu