Sega (lanabesa)

Artikulu hau lanabesari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Sega (argipena)».

Sega, beste izenez kodaina edo dailua nekazaritzan erabiltzen den tresna da. Makil baten txertatuta doan kurbatutako aihotz batek osatzen du, eta orokorrean belarra, abereentzako bazka edo laboreak biltzeko erabiltzen da. Herrialde aurreratuetan erabiltzen hasi diren baliabide mekanikoen agerpena dela-eta, bere erabilera gutxituz joan da. Hala eta guztiz ere, sega-jokoak egiten dira oraindik Euskal Herrian.

Sega erabiltzen
Segalari bat belarra mozten

Gaur egun jada segatzeko lana nagusiki belarra mozteko makina eta sega-makinarekin burutzen da.

DiseinuaAldatu

Lanabes honek diseinu landu baten beharra dauka errendimendu ona eskaintzeko. Sega bat aihotzak eta kirtenak osatzen dute. Aihotzak erradio handiko arku baten forma dauka. Altzairuzkoa izan ohi da, gogorra eta iraunkorra izateko. Bertan hiru zati bereizten dira:

  • Ahoa
  • Ertza
  • Burua (kirtenaren lotzeko ahokadura bat izaten duena)

Kirtena zurezkoa izaten da, eta bere luzeeraren erdialdean helduleku bat izaten da. Sega guztiek forma berdina izaten dute; ezberdintasunak, ordea, heldulekuan eta aihotzaren makurduran izaten dira normalean. Kirtena 120-180 cm luze izan ohi da, eta aihotza 80-92 cm; loturaren lekuan aihotzak 10 cm izaten ditu zabaleran.

ErabilpenaAldatu

Erritmo eta postura bereziarekin erabiltzen da sega. Bi zangoak zabalik eta belaunen gainean bermaturik, aurrean duzun belar-koska xerratan bezala ebaki behar da, xaflak lurzorua doi-doi ukitzen duela. Bi eskuekin tinko eutsita sega, besoen eta gerriaren mugimendua ere beharrezkoa da, eta erritmo jakin batean egiteak lagundu egiten du[1].

Segaren erabilpen jarraiturako, ahoa zorrotz egotea ezinbestekoa da. Prozesu bikoitz batekin lortzen da hori, batetik ingudean pikatzen da mailu berezi batekin segaren ahoa; eta ondoan zorroztarri berezi batekin (arraitz edo segarria esaten zaio) pasatzen da. Segarria gordetzeko tresna osagarria segapotoa da, aldean eramateko zurezko ontzi txikia[1].

ErreferentziakAldatu

  1. a b «Sega, erreminta moderno hori» Argia Noiz kontsultatua: 2021-03-20.

Ikus gaineraAldatu

Kanpo estekakAldatu