Pinguino erregea (Aptenodytes patagonicus), Aptenodytes generoko animalia-espeziea, hegaztien Spheniscidae familiakoa.

Pinguino errege
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
KlaseaAves
OrdenaSphenisciformes
FamiliaSpheniscidae
GeneroaAptenodytes
Espeziea Aptenodytes patagonicus
Miller,JF, 1778
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masa306 g
arra: 12,8 kg
emea: 11,5 kg

Euskaraz, pinguino errege du izen arrunta. Bigarren pinguino handiena da, pinguino enperadorearen atzetik. Aptenodytes generoko bi espezie biziak dira horiek, baina bada froga fosilik beste espezie bat, Aptenodytes ridgeni, existitu zela baieztatzeko. Espezie haren fosila duela hiru milioi urtekoa da, eta Zeelanda Berrian aurkitu dute.

Tamainari dagokionez, 11-16 kg izan ohi du, eta 90 cm garai izaten da. Pinguino-espezie guztiak bezala, gorputz hidrodinamikoa du, igeri egiten ari dela erresistentzia txikitzeko, eta oin palmatuak, indar gehiagoz abiada hartzeko. Bularraren goialdean, lepo inguruan, kolore laranja-horixka izaten du, marra beltz batez inguratua; bizkarra, aldiz, grisa, buztaneraino. Tripa zurixka du, eta buru beltza. Moko luze eta zorrotza du, laranja-kolorekoa.

Antarktikaren iparraldean (45-55ºS), Suaren Lurraldean eta Falkland uharteetan bizi da. Lurralde hotz haietan jartzen du habia, eta izaten ditu txitak. Txitak jaiotzen direnean, lumatxa gaztaina-kolorekoa izaten dute, ilearen antzekoa.

Pinguino errege bat eta haren txita

Pinguino erregeak monogamoak dira, bikotekide berarekin egoten dira urtebetez; nolanahi ere, % 29 soilik omen da leial urte batetik bestera. Ugalketa-ziklo luzea izaten dute; izan ere, 14-16 hilabete igarotzen dira arrautzak errutetik txitak lumatzen diren arte. Gainera, nahiz eta urtero saiatu txitak izaten, bi urtetik behin izaten dute gurasoek arrakasta. Ez dago alde handirik arraren eta emearen artean, lumak antzekoak dituzte, nahiz eta emea tamainaz txikixeagoa izan. Naturan, 15-20 urtez bizi dira, batez beste.

Pinguino erregea ezin hobeto egokitu da Antarktikako muturreko kondizioetara. Gorputzaren tenperatura ez galtzeko, lau luma-geruza dituzte pinguinoek; pinguino erregeek, aldiz, 70 luma dituzte 2,5 cm²-ko. Kanpoko luma-geruza koipetsua eta iragazgaitza da. Barneko beste hiru luma-geruzak plumulaz osatuak dira, zeinak isolatzeko gaitasun handia baitute. Txitak kanpoko geruza koipetsurik gabe jaiotzen dira, eta, beraz, ezin dute arrantzan egin heldu izan arte. Hortaz, lehorrean gelditzen dira plumulak erortzen zaizkien arte. Pinguino gehienak bezala, pinguino erregeak gauza dira ur gazia edateko, guruin supraorbitarioek odolean duten gatz-soberakina iragazten baitute.

Elikadurari dagokionez, krilla, beste krustazeo batzuk eta arrain txikiak jaten dituzte, antxoa beltza eta txipiroia, bereziki. Bazka bila, 100 m-ko sakoneraraino egiten dute igeri behin eta berriz, eta 300 m-ko sakoneran ere ikusi izan dituzte.

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu