Otsoaren leizea (finlandieraz, Susiluola; suedieraz, Varggrottan) Kristinestad hirian dagoen leize eta Finlandiako aztarnategi arkeologiko garrantzitsuenetako bat da. Paleolito garaiko tresneria aurkitu da barruan eta Neanderthalgo gizakiak Ipar Europan utzitako arrasto bakarrak direla uste dute adituek; zehazki, berrehun tresna eta Erdi Paleolitoko tekniken bidez moldatutako seiehun objektu aurkitu dira. Ondorioz, Ostrobotnia eskualdean dagoen aztarnategi hau, herrialdeko historiaurrearen berri izateko leku aproposena bilakatu da.

Otsoaren leizea
Susiluola (finlandieraz)
Varggrottan (suedieraz)
Map
Kokapena
Estatu burujabe Finlandia
Regional State Administrative AgencyWestern and Central Finland Regional State Administrative Agency
Finlandiako eskualdeakOstrobotnia eskualdea
HerriKristinestad
Koordenatuak62°18′10″N 21°39′39″E
Ezaugarriak
Aztarnakbai

Gaur egun, nahiz eta arkeologia-indusketan aritzen den talde bat dagoen, bisitarientzat irekita dago eta bertan aurkitutako tresneria guztia ikus daiteke.

Arkeologia-indusketak aldatu

1996. urtean, leizeko lurzorua garbitzen hasi ziren koba bisitarientzat irekitzeko. Orduan, garbitze-lanetan zeudela, gizakiek sortuak izan zitezkeen harrizko zenbait tresna aurkitu zituzten. Hurrengo urtean, Antzinako Gauzen Finlandiar Batzorde Nazionalak, Finlandiako Geologia Estudioak, Helsinkiko Unibertsitateko Geologia Sailak eta Finlandiako Natura-Historia Museoak antolatutako talde bat leizean arkeologia-indusketak egiten hasi zen [1].

Indusketa honek 2000. urtera arte iraun zuen eta emaitzak, 2002ko txosten batean argitaratu ziren. Koban zortzi geruza zeudela azaldu zuten eta, geologikoki eta arkeologikoki interesgarrienak, laugarrena eta bosgarrena zirela. Guztira, berrehun tresna eta seiehun objektu aurkitu zituzten; haien artean, harri harraskagailuak eta suak berotutako harriak. Objektu hauek material desberdinez egindakoak dira, hala nola, hareharrizkoak, harrinabarrezkoak, harri bolkanikozkoak, kuartzozkoak, kuartzitazkoak eta limolitazkoak dira. Kuartzita eta limolita ez dira leizean berez aurki daitezkeen arrokak, beraz, pentsatzekoa da gizakien eskutik iritsi zirela bertara. Tresnak Erdi Paleolitoko tekniken bidez moldatuak izan zirela ikus daiteke, zehazki, Mousteriar kulturaren modura. Azkenik, aipatzekoa da ere ugaztunen hezur asko aurkitu dituztela, nahiz eta arkeologoek ez duten hezur hauen adin zehatzik aipatu [2].

 
Leizearen barrualdea.

Eztabaida aldatu

Aurkeztutako txosten honetan, 'Otsoaren leizean Neanderthalgo gizakiak bizi izan zirela esaten da eta, ustez, hauek egindako tresnen eta objektuen erakusketa bat antolatu zen. Honela, duela 130.000-120.000 urteko aztarna hauek, Ipar Europan Neanderthalgo gizakiaren aztarna bakarrak direla proposatu zuten.

Joakim Donner Finlandiako geologo eta paleontologo ezagunak, Tieteessä tapahtuu aldizkarian artikulu bat idatzi zuen eta aurkitutako tresneria ez zela gizakiek eginikoa esan zuen. Donnerrek zioen, tresna hauek ez zirela Frantzian aurkitu ziren Neanderthalgo gizakien tresnen antzekoak, ezin zela sua leizean sortu zela frogatu eta garai horretan, koba ur-azpian zegoela [3].

Antzinako Gauzen Finlandiar Batzorde Nazionaleko Hans-Peter Schulzek kontra egin zion. Nahiz eta garai horretan Finlandia mendebaldea ur-azpian egon, leizea altuera txiki batean dagoenez, azalean egon zitekeela erantzun zion. Gainera, suaren arrastoak koban sortuak izan behar zirela azaldu zion eta honen barruan arrokak baino ez daudenez, gizakiek sortua izan behar zela. Nahiz eta aitortu zuen Neanderthalgo gizakiek Frantzian utzitako arrastoen eta Susiluolan aurkitutakoen artean antzekotasun gutxi dauden, Erdialdeko Europan agertu diren aztarnen antz handia dute.

2007. urtean zehar, Fennoscandia archaeologica aldizkarian, Izotz Aroa baino lehenago Finlandian neanderthalak zeuden eztabaida puri-purian egon zen. Dena den, ez zutenez adostasunik lortu, gaur egun, aurka dauden paleontologoak kontrakoa frogatu ezean, Neanderthalgo gizakien presentzia onartu egiten da.

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu