Orreaga Taldea

euskal elkarte politiko abertzalea

Orreaga Taldea ideologia abertzale, subiranista eta euskaltzalea duen euskal elkarte politikoa da. Elkarteak Nafarroako Erresuma hartzen du euskaldunen estatu eta egitura politiko zilegi bakartzat eta horren berrezartzea du helburu, zazpi euskal herrialdeak aipatutako egitura burujabean bil daitezen berriro.[1]

Orreaga Taldea
EgoeraAktibo
EremuaEuskal Herria
Ideologia politikoaEuskal abertzaletasuna
Subiranismoa
Independentismoa
Euskaltzaletasuna
Abstentzionismoa
Antiinperialismoa
KideakMikel Erauskin
Jesus Arregi
orreagataldea.com

Ideologia aldatu

Ideologia orokorra aldatu

Izena Orreagako guduari zor dio eta gudu horri erreferentzia ugari egiten dizkio bere ideologiak. Orreagako guduan euskaldunon arbasoek Karlomagnoren armada boteretsua garaitu izana goresten dute eta une hori hartzen dute euskaldunen etorkizunaren mugarri, une hartan erabaki zutelako euskaldunen arbasoek askatasunerako bidea hartzea eta ez integratzea atzerriko herri baten baitan. Gudu hori historiatik ezabatu nahi izana leporatzen diete estatu konkistatzaileei.[2]

Nafarroako Erresuma hartzen dute azken euskal egitura politiko burujabetzat eta horregatik, zilegitzat. Baskoniako Dukerria eta Iruñeko Erresuma Nafarroako Erresumaren aurrekaritzat dituzte eta euskaldunen egitura politiko aske eta zilegitzat ere onartzen dituzte.[2] 1512ko Nafarroa Garaiko konkista gogor salatzen date, Espainiak une hartan Hego Euskal Herria bidegabe eta bortizkeriaz okupatu zuela gogorarazten dute eta okupazio horrek gaur egun ere jarraitzen duela babesten dute. Frantziak XVII. mendean Nafarroa Beherea modu berdinean konkistatu zuela ere oso argi dute eta estatu horren konkistak eta asimilazio prozesuak abian jarraitzen duela defendatzen dute.[2] Hortaz, Espainia eta Frantzia eta haien erakunde guztiak ilegaltzat dituzte Euskal Herrian.[3]

« Zazpi mende eta erdi iraun zuen gure askatasunak, 1512. urtean gaztelarren inbasio militar bortitz baten bidez galtzen hasi eta 1620an frantsesek prozesu hori erabat bukatu zuten arte. Ez zen, ez, noski, zori txarra izan hondamendi haren eragilea: autore konkretuak izan ziren krimen haren egileak.

Lauzpabost mende daramatzagu estatu inperialista haien menpe; askatasunean igaro genituenak baino gutxiago, hala ere.

»

—Orreaga Taldea


Nafarroako Erresumaren zilegitasuna aldatu

Orreaga Taldeak Nafarroako Erresuma hartzen du gaur egun ere Euskal Herriko egitura politiko zilegi bakartzat. Euskal Herriak izan duen eta duen estatu bakarra dela dio, Iruñeko Erresuma eta Baskoniako Dukerria haren aurrekari zilegiak izanik, eta haren deuseztapena bortizkeriaz eginikoa eta ilegitimoa izan zela babesten du.[4]

« Nafarroako Erreinua da Iruñekoaren oinordekoa, eta hura da gaur egun Euskal Herriaren estatua; Euskal Herriak sekula ez du onartu, ez ezagutu bestelakorik. »

—Orreaga Taldea


Abstentzionismoa aldatu

Espainiaren eta Frantziaren mendeko erakundeek deitutako hauteskundeetan botoa ez ematera dei egiten du Orreaga Taldeak. Elkartearen iritziz, estatu horiek hauteskundeak botere gehiago lortzeko deitzen dituzte eta hortaz, beraien mende dauden herriak are gehiago zanpatzeko. Izan ere, hauteskunde horietan parte hartzen dutenek erakunde espainiar eta frantziarrak legitimizatu egiten dituztela defendatzen dute, boto-emailearen botoa edozein dela ere. Hauteskunde horietatik ateratako hautetsiak estatu "inbaditzaileak" sortutako legeen menpe egongo direla diote eta hortaz, ez duela sekula izango aukerarik independentziara jotzeko. Funtsean, hauteskundeak euskaldunen herria asimilatzeko tresnatzat dituzte eta alderdi politiko abertzaleak tresna horretara integratu direla salatzen dute.[3][5]

« Hauteskundeak boteredunak antolatzen ditu, boto emaileek botere hori legitimatu eta are boteretsuagoa izateko, inoiz ez boterea galtzeko. »

—Orreaga Taldea


Erreferentziak aldatu

  1. Orreaga taldea | Independentzia da demokraziaren abiapuntua. (Noiz kontsultatua: 2020-08-16).
  2. a b c Adm2. BATU, INDARTU, ASKATU | Orreaga taldea. (Noiz kontsultatua: 2020-08-16).
  3. a b Izagirre, Andoni Rekondo. ««Autodeterminazioa ezin da bozkagai jarri»» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-08-16).
  4. Nor gara | Orreaga taldea. (Noiz kontsultatua: 2020-08-16).
  5. Adm2. Hauteskundeak (07): gurean bai, gureak ez | Orreaga taldea. (Noiz kontsultatua: 2020-08-16).

Kanpo estekak aldatu