Norman Haworth
Sir Walter Norman Haworth (White Coppice, Lancashire, 1883ko martxoaren 19a - Barnt Green, Worcestershire, 1950eko martxoaren 19a) ingeles kimikaria izan zen. 1937ko Kimikako Nobel Saria jaso zuen karbohidratoei eta C bitaminari buruz egindako ikerketengatik. Paul Karrer kimikari suitzarrarekin partekatu zuen saria. Haworth proiekzioa garatu zuen, hiru dimentsiotako azukre-egiturak bi dimentsiotako forma grafikoetara lekualdatzea ahalbidetzen duena.
Kimika ikasi zuen Manchesterreko Unibertsitatean eta ikasketak zabaldu zituen Göttingengo Unibertsitatean. 1912an Saint Andrewseko Unibertsitatera joan zen erakustera eta han karbohidratoen kimikaz interesatu zen. Lehen Mundu Gerran, gobernu britainiarrarentzat botikak ekoizteko laborategiak antolatu zituen.
1920an kimika organikoko irakasle izendatu zuten Durhameko Unibertsitatean eta 1925etik 1948ra Birminghamgo Unibertsitateko kimikako irakaslea izan zen. 1933an Nobel Saria eman zioten aurkikuntzak egin zituen bertan.