NASCAR, National Association for Stock Car Auto Racing-en siglak dira. Serieko autoen mundu mailako lehiaketa garrantzitsuena da egun.

2004ko NASCAR lasterketa.

Lasterketa hauen berezitasuna obaloetan egiten direla eta parte-hartzaileak serieko autoak izaten direla da, hau da, parte-hartzaileen autoek fabrikatik irtendako autoen diseinua izaten dute. Gaur egun, autoak espezialistek egiten dituzte NASCAR-eko lasterketen berezitasunak kontuan hartuz, eta motorrak ekoizle garrantzitsuenek egiten dituzte, eta parte-hartzaile guztien konpetentzia maila berdintsua da.

Historia[1][2][3] aldatu

 
Daytona Beach zirkuitua, XX. mendearen hasieran.

XX. mendearen hasieran, ohikoa zen serieko autoen lasterketak ikustea. Gidariek denetariko hobekuntzak egiten zituzten, abiadura errekorrak hausteko. 1905ean, Daytona Beach Zirkuitua (Florida) errekor hauek hobetzeko leku hoberena bihurtu zen. Bi zuzengune luze eta paraleloz osatuta, esperimentu hauek egiteko leku aproposa zen, non 1935era arte 15 abiadura errekorrak hautsi ziren.

Horrekin lotuta, 1920an Lege Lehorra ezarri zen Estatu Batuetan, eta kontrabando mugimendu handi bat eragin zuen. Gidari batzuk, bootlegger izenekoak, legez kanpo alkohola saltzen eta banatzen hasi ziren. Poliziarengandik hobeto ihes egiteko, bootlegger-ak auto esperimentalen mugimenduan sartu ziren, abiadura hobetzeko, baita merkantziaren tamaina eta pisua hobeto jasateko ere. Aldaketa estetikoak nabarmenak ez zirenez, stock autoak erabiltzen zirela esaten zen.

Daytona Beach zirkuituan, lasterketak ospea irabazten hasi ziren, eta dirua irabazteko metodo ospetsu bihurtu ziren urteak pasa ahala. 1933an, Lege Lehorra indargabetu zenean, urtean behin antolatutako lasterketa hauek ospe berbera izaten jarraitu zuten, kotxeak hobetuz jarraitu ahala.

Azkenean, 1947an National Association for Stock Car Auto Racing sortu zen, bi kategoria nagusirekin: modifikatutako autoak, eta modifikaziorik ez zutenak. 1949an, lehen denboraldia antolatu zen zortzi lasterketarekin, Red Byron gidariak irabazi zuena.

1952an, NASCAR-aren atzerritako lehen lasterketa antolatu zen, Kanadan. Eta 1959an, lehen Daytona 500 martxan jarri zen, kirol honetako lasterketarik ospetsuentzat jotzen dena, eta gaur egun ere urtero egiten dena.

Kategoriak aldatu

Estatu Batuetan, hiru kategoria nagusi daude.[4][5]

NASCAR Cup Series aldatu

Eliteko kategoria gisa hartzen da, baita lehiaketan aurkeztu zen lehengotzat ere, 1949an. Garai horretan, edozein gidarik parte har zezakeen denboraldian modifikazio bariko autoekin, baina gaur egun kategoria honetako autoak 320 kilometro orduko abiadura har dezakete.

Hiru fabrikatzaile dauzka: Toyota, Chevrolet, eta Ford.

 
2020ko Xfinity lasterketa.

2021ean, denboraldian zehar 38 lasterketa antolatu ziren, hainbat motatako zirkuituetan; bai obalatuetan (motzak, ertainak eta superspeedway izenekoak), bai tradizionaletan.

NASCAR Xfinity Series aldatu

Lehiaketaren bigarren maila da. Ofizialki, kategoria hau 1982an jaio zen, eta beti Cup Series zirkuitu berberetan gauzatzen da, itzuli gutxiagorekin.

NASCAR Camping World Truck Series aldatu

NASCAR-en hirugarren kategoria da, 1995 hasi zena. Modifikatutako pickup kamionetekin lehiatzen da. Lehenengo urteetan, zirkuitu motzetan lehiatzen zen, baina, urteak pasa ahala, Cup Series-en egutegia imitatzen hasi zen, Xfinity baino itzuli gutxiagorekin.

Azpi kategoriak aldatu

Esports[6][7][8] aldatu

2010ean, NASCAR kirolaren lehen kategoria birtuala sortu zuen, eNASCAR Coca-Cola iRacing Series, iRacing (2009) automobilismo jokoan.

Hurrengo urteetan, beste esports ligak sortu ziren, gutxi iraun zutenak. 2020an, NASCAR Ignite Series sortu zen, iRacing-en lehiatzen berriro, eta, urte berean, eNASCAR Heat Pro League jaio zen, NASCAR Heat bideojokoan. Hiru kategoria hauek NASCAR kirol elektronikoen elitea osatzen dute.

 
Whelen Modified lasterketa hasiera.

NASCAR Whelen Modified Tour[9] aldatu

Buggyekin lehiatzen duen kategoria. NASCAR-en jatorrizko kategoria bat da, eta, beraz adintsuena, ia arau berdinekin. Garai hartan, gidariek bere autoetan nahi zituzten modifikazio guztiak egin zitzaketen, baina 1980 hamarkadako amaieran, modelo estandarrak erabiltzen hasi ziren. Lehiaketa guztiak trazadura obalatuetan gauzatzen dira.

Dibisio honeko beste bereiztasuna kotxeen asimetria da; karrozeriaren ezkerrean pisu gehiago dute eskuinean baino, zirkuitu obalatuen birak aprobetxatuz.

ARCA Menard Series[10][11] aldatu

Kategoria hau ezaguna da Cup Series modelo zaharrak erabiltzeagatik eta haiekin esperimentatzeagatik. 1953an sortu zenetik, autoen eta gidarien trebetasuna aztertzeko erabili da. Lehenengo hiru kategorietako gidari askok hemen hasten dute bere karrera profesionala.

2018an NASCAR erakundeak ARCA erosi zuen, eta hortik aurrera dibisio honen garrantzia igo da, Cup Series-en zirkuituetan lehiatzen.

Beste herrialdetan aldatu

Estatu Batuetatik kanpo, NASCAR Cup Series-en zenbait deribatu sortu dira. Arau eta auto antzekoak erabiltzen dira.

Lasterketen arauak aldatu

NASCAR Cup Series lehiaketak asteburu batean zehar jokatzen dira. Larunbatetan, praktika saioak antolatzen dira (15 edo 20 minutukoa, zirkuituaren arabera), eta ondoren sailkapen saioa. Lasterketa igandeetan gauzatzen da. Azpi kategorietan, arauak antzekoak dira, normalean denbora antzeko edo gutxiagoko saioekin.

Sailkapen txanda[12] aldatu

Lasterketa hasierako gidarien ordena erabakitzen du. Trazadura obalatuetan, gidari bakoitzak aukera bakar bat dauka zirkuitu bira batean denborarik motzena lortzeko. Hortik 10 gidari onenek, bigarren txanda izango dute beraien artean ordena ezartzeko.

Errepideko trazaduretan, ez dute bira bakar bat egin beharrik. Ordea, gidari guztiek 15 minutuko saio bat izango dute ahal duten denbora hoberena lortzeko. Hartatik, lehenengo 10ak hurrengo saiora igaroko dira, 10 minutukoa.

Beste sailkapen mota berezi bat dago, Bristol Dirt zirkuiturako (Cup Series kategoriari esklusiboa dena): Gidari guztiak ausazko lau taldetan banatzen dira, eta talde bakoitzak lasterketa motz batean lehiatzen du. Lau lasterketen emaitzek lasterketaren ordena ezarriko dute.

Lasterketa[13] aldatu

Zirkuitu bakoitzaren lasterketaren formatua eta itzul kopurua zenbait faktoreren menpe daude, baina zenbait arau estandar ezarrita daude:

  • Ez dago denbora mugarik lasterketa baten iraupenerako, karrera zuzendariek kontrakoa esaten badute izan ezik.
  • Gidari bakoitzak behar dituen hainbeste pit-stop egin ditzateke, baina gutxienez bat egitera behartuta daude.
  • Talde bakoitza gehienez lau gidarirekin lehiatu daiteke.
  • Pace-car pistan badago, gidariak kotxe hori jarraitu beharko dute, abiadura murriztuz eta aurreratzeak sahiestuz.
  • Gidariak eta taldeak hiru motatako penalizazioak[14] jaso ditzateke:
    • Level 1: Autoan egindako modifikazio txikiak, edo autoaren parteak arauetatik kanpo muntatzea. Gidariari 10 eta 40 puntu artean kendu diezaiokete, modifikazioaren arduraduna hurrengo lasterketatik kanporatzea, edo $50.000 inguruko isuna gidariaren talderako.
    • Level 2: Autoan modifikazio esanguratsuak, lehiaketaren kanpo azterketa ilegalak gauzatzea, edo motorrak potentzia gehiegi izatea. Gidariak gutxienez 75 puntu galduko du, modifikazioaren arduraduna hurrengo sei lasterketetik kanporatuta egongo da, edo taldeak $100.000 baino gehiago ordaindu beharko du.
    • Portaerarekin lotutako penalizazioak: Gidaria lasterketan zehar gidatzeko moduaren ondorioz ezartzen diren zigorrak. Horren ondorioz, gidaria pit-errepidetik pasatzera, pit-lane-an denbora jakin baten zehar gelditzera, edo lasterketa guztiz uztera behartuta egondo da.

Banderak[15] aldatu

Bandera Esanahia
 
Lasterketaren hasiera edo segitzea.
 
Arretaz gidatu.
 
Lasterketa gelditu da.
 
Gidaria zirkuitua utzi behar du.
 
Itzuli bat lasterketa bukatzeko.
 
Lasterketa bukatu da.
 
Lasterketaren tartea bukatu da.
 
Lasterketaren liderrak bikoiztutako gidarietara hurbiltzen ari dira.
 
(Errepideko zirkuituetan) Arazo bat pistan, ikusteko zaila.
 
(Errepideko zirkuituetan) Zaborrak pistan.
 
 
Praktita edo sailkapen saioa bukatu da.

Zirkuituak[16][17] aldatu

Motzak aldatu

Milia erdia (800 m) edo gutxiago neurtzen duten zirkuituak dira, trazadura obalatuarekin. Mota honetako zirkuitu ezagunen artean, Bristol Motor Speedway (Tennessee), eta Martinsville Speedway (Virginia) daude.

Ertainak aldatu

Milia bat eta erdi (2,4 km) ingurukoak dira, gehienak 1,5 milia zehatzak neurriz. Bi zirkuitu ertain ezagunak Las Vegas Motor Speedway (Nevada) eta Charlotte Motor Speedway (Massachusetts) dira.

 
Daytona Superspeedway zirkuitua 2018an.

Superspeedways aldatu

Bi milia (3,21 km) baino gehiago neurtzen duten zirkuituak. Autoen abiadura maximora heltzeko diseinatuta daude, balazta pedala ukitu barik. Kasu batzuetan, arauak ezartzen dira kotxeak potentzia jaisteko eta segurtasun handiagoz lehiatzeko. Daytona (Florida) eta Indianapolis (Indiana) adibide ezagunenak dira, baita NASCAR kanpo ere.

Errepideak aldatu

Obalatuak ez diren trazadurak. Normalean, denboraldian zehar lau errepide zirkuitutan lehiatzen da bakarrik. Sonoma (Kalifornia) eta Circuit of the Americas (Texas) bi adibide dira, eta bigarrena ere ezaguna da beste kategoria batzuetan, Formula 1 kasu.

Gidarien segurtasuna[18][19] aldatu

NASCAR oso muturreko kirola da, zeinean gidariek ez duten ia erreakzionatzeko denborarik, zirkuituen abiadura eta trazadura direla eta. Izan ere, kirolaren kategoria nagusian, 29 heriotza erregistratu dira bere historian zehar. Zauri larriak eta heriotza gehiago saihesteko, NASCAR berrikuntza etengabean dago segurtasuna hobetzeko, batez ere 2002tik aurrera.

 
Catch hesiak, Daytona zirkuituan.

Zirkuituko hesiak aldatu

Zirkuituaren inguruko hesiak ia NASCAR-en historia guztian zehar egon dira presente, baina 2002an, SAFER hesiak barneratu ziren, hormigoizkoak ordezkatuz. XX. mendean, hormigoi hesiak gidarien heriotzen arrazoi nagusia izan ziren. SAFER-ak, ordea, metalez eta goma-aparrez osatuta daude, inpaktuekin suntsitzeko diseinatuta eta beraz istripuaren larritasuna murriztuz.

Horretaz gain, catch hesiak ere zirkuitu guztietan ageri dira, publikoa babesteko.

Spotterrak aldatu

1980 hamarkadan, NASCAR autoen kanpoko ispiluak debekatu zituen, talka txikien arriskua saihesteko. Horren ondorioz, taldeak spotter postua sortu zuten; Pertson bat radioz komunikatzen da gidariarekin lasterketa guztian zehar, bere inguruen informazioa emanez. Neurri honi esker, gidariak erabakiak hartu ditzake, bere lasterketa hobetuz eta arriskuak murriztuz.

Spotterrak bereziko garrantzia hartzen dute superspeedway zirkuituetan, non pistaren zabaleran hiru auto lehia ditzakete elkarren alboan.

Karrozeria eta txasis aldatu

1970 hamarkadaren bukaeran, maila handiko motor kategoriak munduan zehar, roll cage erabiltzen hasi ziren. Karrozeriaren barruan eta gidariaren inguruan kokatutako barra sistema bat da. Istripu handietan, gidariaren postua babesteko diseinatuta dago. 1990 hamarkadaren zehar, roll cage sistema hobetuz joan zen, materiala gehituz inpaktuak xurgatzeko.

 
HANS-gailuaren grafikoa.

Gidariaren ekipamendua eta eserlekua aldatu

Nahiz eta suaren aurkako lasterketa jantziak maiz erabiltzen ziren 1990eko hamarkadan zehar, 2002ra arte ez ziren derrigorrezkoak bihurtu. Urte horretan, gainera, talde bakoitzeko mekanikariak ere jantzi horiek eramatera behartu zituzten.

Azken denboraldi horretan ere, HANS-gailua derrigorrezkoa bihurtu zen. Gailu honek lepoa babesten du aurreko inpaktuetan. Izan ere, 2022 arte erregistratu den azken heriotza (Dale Earnhardt, 2001), gailu honi esker ekidin zitekeen.

1993an, bost puntuko arnesak ezarri ziren, 2007an sei puntura garatu ziren, eta 2015tik aurrera zazpi puntuko arnesak erabiltzen hasi ziren derrigorrez. Honi esker, gidariak ezin dira bere eserlekutik mugitu, eta beste segurtasun neurri guztiek hobeto funtzionatzen dute.

Eta eserlekuaren kasuan, XXI. mendearen hasieran, karbono-zuntzez egindako eserlekuak erabiltzen hasi ziren. Material hau malguago eta arinago da aluminioa baino, inpaktuak errazki xurgatzen dituen materiala. Gainera, eserleku bakoitza bere gidariari egokituta eta kotxeari soldatua dago, eta ustekabeko mugimenduak saihesten ditu.

NASCAR kulturan aldatu

Filmetan[20] aldatu

50eko hamarkadaren amaieran NASCARek ospea lortu zuenetik, zinemaren industriak behin eta berriz bisitatu du lasterketa amerikarren mundua.

 
Days of Thunder Cole Trickle protagonistaren autoa.

Days of Thunder (1990), Talladega Nights (2006) eta Cars (2006) adibide ezagunenak dira, eta publiko askok aipatzen dute kirolean sartu zituzten filmak bezala.

Bideojokoetan[21][22] aldatu

1990ean, Bill Elliott's NASCAR Challenge kaleratu zen, lehen NASCAR bideojokoa. Hurrengo urteetan, kirola "arcade" kontsoletan aurkitzea nahiko ohikoa zen 90 hamarkadan zehar.

2010 hamarkadan, NASCAR Heat saga kirolari buruzko erreferentzia popularren artean ezarri da. Baina bideo-jokoaren munduan, NASCAR eduki popularrena duena iRacing (2009) da, mota askotako autoak eta zirkuituak aurkezten dituena.

Erreferentziak aldatu

  1. «¿Qué es la Nascar? - Glosario de mecánica | Hello Auto» helloauto.com (Noiz kontsultatua: 2022-05-03).
  2. (Gaztelaniaz) Juárez, Mau. (2018-06-24). «NASCAR: Cómo unos contrabandistas dieron pie a una de las categorías más famosas del mundo» Motorpasión México (Noiz kontsultatua: 2022-05-03).
  3. (Gaztelaniaz) Soler, Álex. Nascar: una historia de contrabando de whisky y coches modificados. (Noiz kontsultatua: 2022-05-03).
  4. (Ingelesez) «NASCAR's three national series, how they work | NASCAR» NASCAR 101 2021-07-22 (Noiz kontsultatua: 2022-05-04).
  5. (Gaztelaniaz) «NASCAR: todo sobre la competición de motor más popular de EE.UU.» Kilómetros que cuentan: los mejores planes para viajar en coche 2021-11-02 (Noiz kontsultatua: 2022-05-09).
  6. (Ingelesez) «eNASCAR | About eNASCAR Coca-Cola iRacing Series» eNASCAR (Noiz kontsultatua: 2022-05-11).
  7. (Ingelesez) «eNASCAR | About eNASCAR iRacing Pro Invitational Series» eNASCAR (Noiz kontsultatua: 2022-05-11).
  8. (Ingelesez) «NASCAR IGNITE Series» iRacing.com (Noiz kontsultatua: 2022-05-11).
  9. What Exactly is a NASCAR Modified?. (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
  10. (Ingelesez) Thornsburg, Brian. «What is ARCA, and their relationship with NASCAR?» www.sportskeeda.com (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
  11. (Ingelesez) Kelly, Godwin. «ARCA has become NASCAR’s proving ground» The Florida Times-Union (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
  12. (Ingelesez) «NASCAR announces practice, qualifying return in 2022 with knockout-style format» Official Site Of NASCAR 2021-11-19 (Noiz kontsultatua: 2022-05-11).
  13. (Ingelesez) «NASCAR Rules and Regulations» www.rookieroad.com (Noiz kontsultatua: 2022-05-11).
  14. (Ingelesez) «Understanding when and how NASCAR teams are penalized» NASCAR 101 2021-06-28 (Noiz kontsultatua: 2022-05-11).
  15. (Ingelesez) «What the flags mean in NASCAR» NASCAR 101 2021-06-28 (Noiz kontsultatua: 2022-05-13).
  16. (Ingelesez) «Tracks» Official Site Of NASCAR (Noiz kontsultatua: 2022-05-09).
  17. (Ingelesez) «NASCAR 101: A Guide to NASCAR Track Types» The Versed 2017-02-09 (Noiz kontsultatua: 2022-05-09).
  18. (Ingelesez) What are the safety features in a NASCAR car? - Nascar Chronicle. (Noiz kontsultatua: 2022-05-11).
  19. (Ingelesez) «The Evolution of Safety in NASCAR» State Racing 2017-06-06 (Noiz kontsultatua: 2022-05-11).
  20. «Sort by Year - Earliest Movies and TV Shows tagged with keyword "nascar"» IMDb (Noiz kontsultatua: 2022-05-10).
  21. The Evolution of NASCAR Games. Overtake.
  22. (Ingelesez) «NASCAR video games» Stock Car Racing Wiki (Noiz kontsultatua: 2022-05-10).

Kanpo estekak aldatu