Mesias Judaismoan
Mesias, judaismoan, (hebreeraz: מָשִׁיחַ ; grezieraz: χριστός ) salbatzaile eta askatzaile bat da, eskatologia juduaren arabera, eta uste da bera izango dela judu herriaren erredentorea. Mesianismoaren kontzeptua Judaismoaren barruan sortu zen, eta Hebrear Biblian, mesias bat errege bat edo goi-mailako apaiz bat da, tradizioaren arabera olio santuz gantzutua. Alabaina, mesiak ez ziren juduak bakarrik, eta, hala, Hebrear Bibliak Ziro Handia aipatzen du, Pertsiako erregea, mesias moduan, Jerusalemgo Tenplua berreraikitzeko eman zuen aginduagatik.
Eskatologia juduan, Mesias etorkizuneko errege judu bat da, Dabiden leinukoa, zeina espero baita izango dela olio santuz gantzutua eta gobernatuko duela judu herria Mesiatar Aroan eta etortzekoa den munduan. Mesias, sarritan, "errege Mesias" moduan aipatzen da (hebreeraz: מלך משיח), edo malka meshiḥa moduan, aramearrez.
Mesianismo judutik sortu zen kristautasuna, zeina Bigarren Tenpluaren aldiko sekta judu baten moduan hasi baitzen.
Etimologia
aldatuEskatologia juduan, mashiach edo "Messiah" terminoak Dabiden leinuko errege judu etorkizuneko bat adierazten du berariaz, zeina uste baita salbatuko duela nazio judua eta izango dela gantzutua olio santuaz eta gobernatuko duela judu herria Mesiatar Aroan. Mesias, sarri, "errege Mesias" gisa aipatzen da, edo, hebreeraz, מלך משיח (melekh mashiach ), eta, aramearrez, malka meshiḥa . Adiera hedatuenean, messiah hitzak salbatzailearen edo erredentorearen konnotazioa du, eta denboren amaieran agertzekoa da, eta herria Jainkoaren Erresumara gidatzekoa, eta Israel berrezartzekoa, edo zein ere jotzen den munduaren egoerarik idealena esleitzekoa. "
Mesianismoak "mugimendu bat adierazten du, edo sinismenen edo ideien sistema bat, ardatza duena igurikipen batean, mesias etorriko den igurikipenean. Judu ortodoxoek diote Mesias David erregearen leinuko aita batek sortua dela, eta juduak bildu eta Israelgo Lurrera eroango dituela, eta bake aro batean ezarriko, Hirugarren tenplua eraikiko, gizakume baten aita izango, Sanedringoa berrezarriko eta abar.
Tenpluaren Bigarren Garaiaren ondoko lehen edo azken tradizio juduak bi erredentore aipatzen ditu: batek pairamena igaroko du, eta besteak ohiko eginkizun mesiastarra beteko du, hots, hurrenez hurren, Mashiach ben Yosef eta Mashiach ben David. Oro har,"Mesias" termino kualifikaziorik gabeal "Mashiach ben David" (Mesias Daviden semea) aipatzen du. Fede juduaren betebehar nagusietako bat da Mesias etortzekoa dela sinestea, eta, horri buruz, Maimonidesek idatzi zuen: "Mesiasengan sinisten ez duenak, edo haren etorrera igurikitzen ez duenak, gainerako profetak ez ezik, Tora eta Moises gure rabbia ere ukatzen ditu ". [1]
Jatorriak eta historia
aldatuErbesteratu aurreko eskatologia judua (k.a. 8-6 m.)
aldatuJuduen eskatologiaren erroak erbesteratu aurreko profeten artean bilatu behar dira, Isaias eta Jeremias barne, eta orobat erbesteko Ezekiel eta Deutero-Isaias profeten artean. [web 1] Eskatologia juduaren printzipio nagusiak, hurrenkera jakinik gabe, Isaias, Jeremias eta Ezekiel liburuetan daude landuta: [web 2]
- Munduaren amaiera (ondorengo hauek guztiak baino lehen).
- Jainkoak juduen herria askatu babiloniar erbestean hasi zen gatibotasunetik, Exodo berri baten bidez
- Jainkoak Israelgo Lurrera daroa atzera judu herria
- Jainkoak berrezarri egiten ditu Daviden etxea eta Tenplua Jerusalemen
- Jainkoak erregeorde bat sortzen du Daviden Etxetik (hau da, Mesias judua) herri judua eta mundua gidatzeko eta justizia eta bake aro batean sarrarazteko.
- Nazio guztiek onartzen dute Israelen Jainkoa egiazko Jainko bakarra dela
- Jainkoak hilak berpizten ditu
- Jainkoak zeru berri bat eta lur berri bat sortzen ditu
Bigarren Tenpluaren aldia (k.a. 516. - k.o. 70)
aldatuBigarren tenpluaren aldiaren hasiera-hasieratik deskribatzen dira etorkizun hobe baterako itxaropenak erlijio-testu juduetan. [web 3] Babiloniako erbesteratik itzuli ondoren, Ziro Handia errege persiarrari "mesias" deitu zitzaion Isaiasen, judu erbesteratuen itzuleran izan zuen eraginagatik.
Bigarren Tenplu Aldiaaren amaieran, hainbat ideia mesiatar garatu ziren, hasi munduko eta politikazko itxaropenetatik eta garaien amaierako igurikipen apokaliptikoetaraino, noiz ere hilak berpiztuak izango baitziren eta Zeruetako Erresuma ezarriko baitzen lurrean. Mesias "Dabiden Seme" erregetar bat izan zitekeen, edo "Gizonaren Seme" zerutiarrago bat, baina "Mesiamismoa" geroz eta eskatologikoago bihurtu zen, eta eskatologian eragin erabakigarria izan zuen apokaliptizismoak"; aldiz, "igurikipen mesiatarrak" geroz eta gehiago xedatu zitzaizkion salbatzaile baten figurari. Zwi Werblowsky-ren arabera, "Mesiasek ez zuen engoitik irudikatzen aro baten etorrera, baina aitzitik, uste zen hark ekarriko zuela. ""Jaunaren gantzutua, hala, "salbatzailea eta erredentorea bihurtu zen", ingurikipen eta doktrina biziagoen arretagune. "Ideia mesianikoak garatu ziren bai eskritura juduen interpretazio berrien bidetik ( pesher, midrash ) bai iragarpenezko agerkundeen bidez.
Apokaliptizismoa
aldatuMesias apokaliptizismoan
aldatuHebrear Bibliako pasarteek Mesias bat aipatzen ote duteneko auziari buruzko erlijiozko iritzietan ez datoz bat antzinako Israelen arloko ikerlariak, dela aipamen horiek jatorrizko testuinguruan duten esanahiaz, eta ezta ere rabbitar ikerlariak. Isaiasen, Jeremiasen eta Ezekielen mesiasen inguruko baieztapenak irakurtea anakronikoa da, zeren eta mesianismoa testu horiek baino geroago garatu baitzen. James c. VanderKamen arabera, ez dago 2. mendea baino lehenagoko testurik lider mesiastarrik aiaptzen duenik, nahiz eta hitz batzuk izan aieru gisakoak, eta beste hitz batzuk hartakotzat interpretatu izan, hala nola Isasiasen zerbitzari pairatzailea. [2]
Zwi Werblowsky-k dioenez, Antioko IV. errege greziar helenistiko seleuzidaren agintaldi basak (k.a. 175-163) igurikipen mesiatar berriak eragin zituen, Daniel Liburuan ageri den moduan [web 3] Haren agintea Macabeotar Matxinadak azkenarazi zuen (k.a. 167-160), eta Asmondar dinastia (k.a. 167-37) ezartzeak. Makabear agintariek Judea Seleuzidar Inperiotik erdi-beregainean agindu zuten k.a. 67-110 urteen artean, guztiz beregainean k.a. 110-63 urteen artean, eta Erromaren estatu bezero moduko batean k.a. 63-37 urteen artean, noiz ere Herodes Handia iritsi baitzen boterera. Asmondar dinastia amaitzearekin, lider mesianiko baten baitako sinismena areago garatu zen. [web 4] James C. VanderKam-en arabera, genero apokaliptikoak jarrera txarra adirazten du Judea zuzentzen zuten atzerriko botereen aldera, baina botere horien arbuioa ez zen genero apokaliptikoa garatzeko kausa bakarra. [2]
VanderKam-en esanetan, "Bigarren Tenpluko testu gehien-gehienek ez dute aipatzen inon ere denboren amaierako lider mesiastar bat". [2] Animalien Apokalipsia (k.a. 160 c) da lehena horrelako aipamenen bat duena, baina geroago, apokalipsi batzuetan bakarrik, eta apokaliptikoak izan gabe irakaspen apokaliptikoak edo eskatologikoak dauzkaten beste batzuetan ere bai, aipatzen da gidari mesiastar bat. [2] VanderKam-en arabera, aipamen mesianikorik ez egoteko kausa izan daiteke Judea mendeetan zehar atzerriko botereek gobernatu izana, arazo handirik gabe maiz, edota juduek agintari jentil horien aldera jarrera txarra izatea. [2]
K.a. lehen milurtekoan, Qumrango testuetan, Salomonen Salmoak eta Henoken antzekotasunak deritzenetan, agintari atzerritarrak nahiz bertakoak gaitzesten dira, eta Mesias batengan jartzen dira itxaropenak (edo hainbat Mesiasetan, bidegabekeriazko uneko aroari amaiera emango diolakoan. [2] Lehenengo judu-erromatar gerraren ondoren (k.o. 66-70 h.), 2 Baruch eta 4 Ezra testuetan, esaterako, garaiko etsipenaren berri jasotzen da. [2] Mesiasen irudiak eta estatusak nahiko desberdinak dira testu batzuetan eta besteetan, baina mesias apokaliptikoak doi bat goretsiagoak dira ezen ez teste ez-apokaliptikoetan marrazten diren liderrak. [2]
Charleswoth-ek ohartarazi du kontzeptu mesianikoak Testamentu Zaharreko pseudo-epigrafatan aurkitzen direla, horietan Apokalipsi ugari bildu ohi direla. [note 1]
Danielen liburua
aldatuDanielen Liburua (k.a. II. mendearen erdialdera), juduek eta kristauek aipatu izan zuten k.a. I. mendean denboren amaiera iragartzen zuelakoan. [3] Hilezkortasunaren eta berpizkundearen kontzeptuek, zuzenentzako sariak eta gaiztoentzako zigorrak zekartzatelarik, Daniel baino antzinago dituzte erroak, baina lehenengo aipamen garbia liburu horren amaierako kapituluan jasotzen da: "Hautsaren gainean lo egiten dutenetako asko iratzarriko dira, batzuk betiereko bizitzara, beste batzuk betiere lotsara eta gaitzespenera". [4] Sinesmen hori gabe, kristautasuna, zeinean Jesusen berpizkundeak eginkizun funtsezkoa betetzen baitu, desagertu egingo zatekeen, nola desagertu ziren I. mendeko beste karismadun pertsonaia batzuen ondorioz sortutako mugimenduak. [5]
Henok
aldatuHenoken liburua (1 Henok, k.a. 3-1m c) antzinako obra apokaliptiko judu erlijiozko bat da, zeina tradizioaren arabera Henok-ena baita, Noeren birraitonarena. [6] [7] Henok-ek Mesiasen mila urteko erregealdiaren azalpen profetiko bat jasotzen du. Testuaren atal zaharragoak (batez ere Zaintzaileen Liburuan), k.a. 300 urtekoak direla jotzen da. Azken zatia (Parabolen Liburua), seguruenik, k.a. I. mendekoa da. [8]
Henok da lehenengo testua lehenagotik den zerutar Mesias baten ideia jasotzen duena, "gizakiaren Semea" deritzan batena [web 4] , baina Ezrak- 4k ere aldatu egiten du Daniel 7ko Mesias erregetar baten itxaropena, eta zerutar mesias goretsi bat bihurtzen du, zeinaren eginkizuna izango bailitzateke epaiak egikaritzea eta bake eta zoriontasun aro berri bati hasiera ematea. Izaki aingerutar baten gisa deskribatzen da, zeina "Jainkoak hautatu baitzuen eta gorde, mundua sortu baino lehen, eta zeinak haren presentzian iraunen baitu betirako. Justiziaren eta Jakituriaren haragitzea omen da, eta zeruan tronu batean omen dago eserita, zeina munduari ezagutzera emango baitzaio denboren amaieran, noiz ere izaki guztiak epaituko baititu. [9]
Henokek eragina izan zuen Itun Berriak Mesias-i buruz, Gizonaren Semeari buruz, Mesiastar erresumari buruz, demonologiari buruz, berpizkundeari buruz eta eskatologiari buruz dakartzan doktrinak eratzean.
Izenburu mesianikoak
aldatuVanderKam-ek, halaber, ohartarazi du Itsaso Hileko Eskuizkribuetan hainbat izen erabiltzen direla Mesiasentzat: [2]
- Mesias - Damasko Dokumentua, Kongregazioaren Araua, Genesiari buruzko iruzkina, 4Q521 (Apokalipsi Mesianikoa), seguru asko 4Q246 (" Jainkoaren Semea Testua ")
- Zuzena
- Aukeratua
- Gizonaren Semea
- Semea (Jainkoarena)
- Jainkoaren Zerbitzaria
- Bilkurako Printzea
- Daviden Adarra
- Legearen Interpretea
- Apaiz (Gorena)
Aipamen mesiastarrak
aldatuHainbat gizakiren gaineko aipamen mesiastarren artean dago Menahem ben Hezekiah, zeina Bigarren Tenplua desegin zen egun berean jaio zela baitio tradizioak. [10]
Kristautasuna
aldatuKristautasun judua
aldatuKristautasuna sortu zen sekta judu mesianiko baten gisa. Jesusen irakaspen gehienak ulergarriak eta onargarriak ziren Bigarren Tenpluko Judaismoaren arabera; Jesusen jarraitzaileak beste juduengandik bereizten zituena, beraz, Jesusengan zuten fedea zen, hura mesias berpiztutzat hartzen zutela. Antzinako judaismoak, alabaina, mesias anitz aitortzen zituen, Mesias ben Joseph eta Messia ben David zirelarik nabarmenenak; aitzitik, kristautasunak azken Mesias bat baizik ez du aitortzen. Jesus, orduko askok bi horietako baten gisa ikusiko zuten. Larry Hurtadoren arabera, "Paulok ekarritako kristologia eta deboziozko jarrera (zeina Jesusen jarraitzaileen lehenengo mugimenduan askorena izan baitzen) ez zen izan mesianismo judu ustez kolore bakarreko batetik aldaratzea edo hura gainditzea, baizik eta, aitzitik, adierazpen berezi bat, itxaropen judu mesiastarren multzo askotariko baten barruan.
Jesus Mesias zela ukatzea
aldatuMaimonidesen arabera, Jesus izan zen mesias faltsu guztien artean eraginik handiena izan zuena, eta ondorioz, kaltegarriena. Alabaina, nola eta sinismen judu tradiziozkoaren arabera mesias ez den oraindik etorri eta Mesiasen Aroa ez den oraindik gure artean, Jesus erabat arbuiatzea, bai mesias gisa bai, jainko gisa, ez da inoiz izan funtsezko gai bat judaismoarentzat.
Judaismoak ez ditu inoiz onartu kristautasunak Jesusi egozten dizkion profeziak, gauzatutzat aldarrikatuak. Judaismoak eragotzi egiten du pertsona bat adoratzea, idolatriatzat du, zeren eta Judaismoaren sinismen nagusia baita Jainkoaren erabateko batasuna eta berezitasuna. Eskatologia juduak dio Mesiasen etorrera gertaera berezi oraindik agitu batzurekin batera izango dela, juduak beren aberrira itzultzea eta Tenpluaren berreraikuntza barne, eta bakezko eta elkar aditzezko Aro Mesiastar bat izango dela, zeinean "Jainkoaren jakituriak" beteko baitu lurra. Eta nola eta juduek sinesten duten gertaera horietako bat ere ez zela gertatu Jesusen bizialdian (ez eta ondoren ere), hala, bada, Jesus ez zen Mesias.
Jesusen ikuspegi tradizionalak negatiboak izan dira gehienetan (ikus: Toledot Yeshu, Jesus iruzurti gisa erretratatzen duen kontakizuna), nahiz eta Erdi Aroan Juda Halevi-k eta Maimonidesek Jesus ikusi zuten Aro Mesiastarreko etorkizuneko etika monoteista unibertsalerako bidea prestatu zuen figura baten gisa. Egungo pentsalari judu batzuek, 18. mendean hasita Jacob Emden ortodoxoarekin eta Moses Mendlessohn erreformistarekin, argudiatu izan dute ezen litekeena dela Jesus historikoa gertuago egon izana Judaismotik Ebanjelioek edo tradiziozko judu kontakizunek adierazten dutena baino.
Tenplu osteko eta Erdi Aroko ikuspegiak
aldatuTalmuda
aldatuTalmud-ek luze dihardu Mesiasen etorreraz (Sanedrin 98a-99a, et al.), eta askatasun eta bake aldi bat deskribatzen du, zeina behin betiko zoriontasunaren aldia izango baita juduentzat. Sanedrin tratatuak ere luze dihardu Mesiasen etorrera ekarriko duten gertaeren gainean. Talmudak hainbat istorio kontatzen ditu Mesiasen gainean, eta, haietako batzuetan, Talmud-tar rabbi ospetsuak agertzen dira, Elias profetaren eta Mesiasen ikustaldiak jasotzen dituztenak.
Maimonides
aldatuMaimonides filosofo judu itzal handikoak Mesiasen gainean dihardu Mishneh Torah-en, Lege juduaren gaineko 14 liburukiko bere bilduman, Hilkhot Melakhim Umilchamoteihem atalean, 11 eta 12. kapituluetan. Maimonidesen arabera, Jesus Nazaretekoa ez da Mesias, Kristauek dioten gisan.
Juduen egungo ikuspegiak
aldatuJudaismo ortodoxoa
aldatuJudaismo ortodoxoak fedezko 13 printzipioak atxikitzen ditu Maimonidesek Mishna Torah-en Helek kapituluaren atarikoan formulatu zituen moduan. Printzipio bakoitza Ani Maamin (Sinesten dut) hitzekin hasten da. 12. printzipioa da printzipio nagusia Mesiasi behatzen zaionez. Judu ortodoxoek Mesias baitan sinesten dute, heriotzaren ondoko bizitzan eta lur aginduaren berrezartzean.
Sinesten dut fede osoarekin Mesiasen etorreran. Eta, berandutuarren, guztiarekin ere, haren jitea igurikitzen dut egun oroz.
Judaismo hasidikoa
aldatuJudu hasidikoek badu joera bat irmoki eta suharki sinesteko Mesiasen etorrera behalakoa izango dela, beren egikuneek haren etorrera lasterragotu dezaketela. Maisu hasidikoen jainkozaletasun, jakitura eta lidergorako gaitasunak direla-eta, komunitate hasidikoetako kideak batzuetan lerratzen dira beren rebbe dinastikoak Mesias gaitzat ikustera. Judu askok (Ikus nola Bartenuraren azalpena Megillat Ruten, eta Halakhic-en arrapostuak Ch'Sam Sofer-en inguruan Choshen Mishpat-en (6. liburukia) 98. kapituluan, non agerikoa baita ikuspegi hori), bereziki Hasiditarrek, sinisten dute belaunaldi bakoitzean pertsona bat sortu ohi dela Mesias bihurtzeko gai dena, herri juduak haren etorrera bermatuz gero; hautagai horri Tzadik Ha-Dor ohi deritza, Belaunaldiko Tzaddik-a. Dena den, gutxiago dira hautagia bat izenda dezaketenak.
Chabad mesianismoa
aldatuMenachem Mendel Schneerson-ek, Chabad-Lubavitch-eko azken Rebbeak, sarritan adierazi izan zuen Mesias oso gertu zegoela, guztiak presatzen zituelarik Mesiasen etorreraren alde otoitz egitera eta eginahalak egitera hori lasterrago agi zedin zintzotasunezko ekintza geroz eta ugariagoez. 1960ko hamarraldiko azken urteetatik aurrera, Rebbeak dei egin zien jarraitzaileei engaia zitezen Mesiastar Aro Judua erakartzeko egikuneetan parte hartzen, eta horrek eskatima ekarri zuen Chabaden sinesmen mesiatarren inguruan. Zenbait Chabad Hasiditarrek, mashichist zeritzenek, "ez dute oraindik onartu Rebbearen heriotza", eta haren heriotzaren ondotik ere errege Mesias biziaren eta "belaunaldiko Moisesen" gisara ikusten dute hura, haren bigarren etorreraren zain.
"Chabad-Mesiatar auziari buruz, Moshiach zendu bati dagokion eretzetik, kontrako iritziak eman ziren halachic ikuspegitik, zenbait agintari ortodoxo itzal handikoren ahotik, are LItuaniar Ashkenazi ez-hasidiar erakundeetatik, edo Ponevezh yeshiva-ren aldetik Bnei Brak-en, Israelen, eta kontra egin zioten mutiriki, Yeshivas Chofetz Chaim-ek New York-en (RSA), nabarmenkien eta Ameriketako Kontseilu Rabbitarrak ere bai.
Judaismo kontserbadorea
aldatuEmet Ve-Emunah mugimendu kontserbadorearen printzipioen adierazpenak honako hau dio:
Nola eta inork ezin duen esan ziurtasunez zer gertatuko den "etorkizuneko egunetan", gutako bakoitza libre da nork bere usteak egiteko...Nahiz eta gutako batzuek hitzez hitz egiazkotzat eduki uste horiek, beste askok uste dugu metafora landuak direla...Munduko komunitatearentzat amesten dugu gerra ezeztatua izango den aro bat, justizia eta errukia izango direnekoa pertsonen eta nazioen arteko harremanetako axiomak, Isaiasen hitzen arabera (11:9) "...lurra Jaunaren jakituriaz beteko da, nola urek betetzen duten itsasoa". Gure jendearentzat, amesten dugu judu guztiak biltzea Sionen, non gure destinoaren jabe izango baikara berriro eta gure sen berezia erakutsiko baitugu nazio-bizitzaren arlo guztietan...Baieztatzen dugu Isaiasen iragarpena (2:3), alegia, "...Torah jarioko zaio Sioni, Jaunaren mundua Jerusalemi...Ez dakigu noiz etorriko den Mesias, ez eta gizaki karismatiko bat izango ote den edo gizakia munduko gaizkietatik aterako duen ikur bat. Mesiasen doktrinaren bidez, Judaismoak erakusten digu ezen gizaki bakoitzak bizi behar duela berak balu bezala ardura Mesiatar Aroa erakartzeko. Horrez beste, Maimonidesen hitzak gogorarazten ditugu, Habakkuk profetan oinarrituak (2:3), ezen, berandutuarren, hala ere, egunero-egunero gagozkio haiduru.
Judaismo erreformazalea eta judaismo berreraikitzailea
aldatuJudaismo erreformazaleak eta judaismo berreraikitzaileak, oro har, ez dute onartzen Mesias bat izango delako idea. Batzuen ustez, izan daiteke nolabaiteko "Mesiatar Aro" bat (Etortzekoa den Mundua), utopia gisa aditua, eta judu guztiek lan egin behar dute hartara hurbiltzeko (hala nola Tikkun olam-en tradizioa).1999an, Amerikar Rabbien Konferentzia Nagusiak, Amerikar Rabbi Erreformazaleen erakunde ofizialak, "Judaismo Erreformazalearen Printzipioen Adierazpen" bat eman zuen argitara, egungo Judaismo Erreformazalearen espirituzko egoera deskribatu eta definitzeko asmoz.
Noiz agertuko den igartzea
aldatuTalmud, [11] Midrash, [12] eta Zohar [13] testuen arabera, Mesias agertzeko epemuga kreazioaz geroko 6.000. urtea da (Gutxi gorabehera 2.240 urtea Gregoriotar egutegian, nahiz eta kalkuluak ez datozen guztiak bat) Judu ikerlari hasierako eta amaierako ugari ari dira gai horren inguruan lanean, tartean Ramban, [14] Isaac Abrabanel, [15] Abraham Ibn Ezra, [16] Rabbeinu Bachya, [17] Vilna Gaon, [18] Lubavitcher Rebbe, [19] Ramchal, [20] Aryeh Kaplan, eta Rebbetzin Esther Jungreis . [21]
Bibliografia
aldatu- Emet Ve-Emunah: Statement of Principles of Conservative Judaism, Ed. Robert Gordis, Amerikako Seminario Teologiko judua, 1988
- Cohen, Abraham (1995) [1949]. Everyman's Talmud: The Teachings Major of the Rabbinic Sages (paperback). Neusner, Jacob (paperback ed.). New York: Schocken Books. pp. 405 . ISBN Cohen, Abraham (1995) [1949]. Cohen, Abraham (1995) [1949].
- Mashiach Rabbi Jacob Immanuel Schochet, published by SIE, Brooklyn, NY, 1992 ISBN 978-0-18-814000-2 ; LCCN 92090728 (also avalilable in Spanish, Portuguese, Italian, French, Persian, Hebrew and Braille translations)
- Miriam Naomi Mashiah
- Mishneh Torah, Maimonides, Chapeter on Hilkhot Melakhim Umilchamoteihem (Kings of Wars and Laws)
- Moises Maimonides's Treatise on Resurretion, "Resurrection on", Trans. Fred Rosner
- Philosophies of Judaism, by Julius Guttmann, trans. David Silverman, JPS. 1964an
- Reform Judaism: A Centenary Perspective, Central Conference of American Rabbis
Erreferentziak
aldatu- ↑ Maimonides, Mishneh Torah (Hil. Melakhim, chapter 11)
- ↑ a b c d e f g h i VanderKam 2003.
- ↑ Grabbe 2002.
- ↑ Cohn 2002.
- ↑ Schwartz 1992.
- ↑ Barker, Margaret. (2005) [1987]. "Chapter 1: The Book of Enoch," in The Older Testament: The Survival of Themes from the Ancient Royal Cult in Sectarian Judaism and Early Christianity. London: SPCK; Sheffield Phoenix Press. ISBN 978-1905048199
- ↑ Barker, Margaret. (2005) [1998]. The Lost Prophet: The Book of Enoch and Its Influence on Christianity. London: SPCK; Sheffield Phoenix Press. ISBN 978-1905048182
- ↑ Fahlbusch, E.; Bromiley, G.W. The Encyclopedia of Christianity: P–Sh page 411, ISBN 0-8028-2416-1 (2004)
- ↑ Collins & Collins 2008.
- ↑ The Messiah texts – Page 24 Raphael Patai – 1988 "The list of legendary Redeemers, or quasi-messianic charismatic figures, includes Moses, Elijah (see chapter 14), ... (the First Temple was destroyed), Menahem ben Hezekiah (who was born on the very day the Second Temple was destroyed);"
- ↑ Babylonian Talmud Rosh Hashana 31a and Sanhedrin 97a
- ↑ Pirke De Rabbi Eliezer, Gerald Friedlander, Sepher-Hermon Press, New York, 1981, p. 141.
- ↑ Zohar (1:117a) and Zohar Vayera 119a
- ↑ Ramban on Genesis (2:3)
- ↑ Abarbanel on Genesis 2
- ↑ Ramban quoting Ibn Ezra at Leviticus (25:2)
- ↑ Bachya on Genesis 2:3
- ↑ Safra D'Tzniusa, Ch. 5
- ↑ Sefer HaSichos 5750:254
- ↑ Derech Hashem 4:7:2
- ↑ .
Iturriak
aldatu- Iturri inprimatuak
- ↑ The Old Testament pseudepigrapha and the New Testament: Page 111 James H. Charlesworth – 1985 "The seminar was focused on an assessment of the importance of the various messianic titles and ideas in the Old Testament Pseudepigrapha and their significance for a better understanding of the origins of Christology."
- Web-iturriak
- ↑ Jewish Virtual Library, Eschatology
- ↑ .
- ↑ a b R. J. Zwi Werblowsky (1987), Messianism: Jewish Messianism, Encyclopedia of Religion
- ↑ a b Joseph Jacobs, Moses Buttenwieser (1906), Messiah, Jewish Encyclopedia
Kanpo estekak
aldatu- Jewish Encyclopedia: Messiah
- Moshiach and the Future Redemption
- Who is the Messiah? Jeffrey A. Spitzer-en eskutik
- Why did majority of the Jewish world reject Jesus as the Messiah, and why did the first Christians accept Jesus as the Messiah? Rabbi Shraga Simmons
- The Messiah, by the University of Calgary
- BVideos on Topic of Moshiach by Jewish Rabbis