Martzelina Lopetegi Olaiz
Martzelina Lopetegi Olaiz (Oiartzun, Gipuzkoa, 1864ko martxoaren 22a – 1930eko abuztuaren 2a), bertsolaria izan zen.[1]Emakume aitzindaria bertsolari munduan.[2]
Martzelina Lopetegi Olaiz | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Oiartzun, 1864ko martxoaren 22a |
Herrialdea | ![]() |
Heriotza | Oiartzun, 1930eko abuztuaren 2a (66 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | bertsolaria |
Bizitza
aldatuMartzelina Oiartzungo Ergoien auzoko Galtzadeta (Galtzata) baserrian jaio zen. Guraso biak oiartzuarrak, Frantzisko eta Maria Edubijis izan ziren. Bost senide izan ziren: Guadalupe, Nikolasa, Kanuta, Kaitano eta denetan gazteena, Martxelina. 1907an, 43 urte zituela, Juan Kruz Irastortzarekin Zabale baserrira ezkondu zen.[3] Bi seme izan zituzten, eta biak ia jaio orduko hil. Orduan Juan Kruz Irastorza, Emieta baserriko iloba ekarri zuten etxera, senarraren besoetakoa eta izen bera zuena. Ez dago Martzelinaren argazkirik. Ezagutu zutenek esana da kolore gorriko emakume alta xamarra zela.[4]
Jostuna zen eta bertsozale amorratua, nahiz eta ezkondu ondorengo bertsorik edo bertso jardunik ez den jaso. Garai haietan emakumeek bertsotan egitea erraza ez zen arren, Martzelina bertsolaria izan zen. Aita Zavalak berari buruz gogoratutakoa eta bertso gutxi batzuk jaso ahal izan zituen. Zuluagako errotan bilera egiten zen eta bertan aritzen zen Martzelina bertsotan Pello Errota eta Txirritarekin trebatuz, besteak beste. Erromerietan eta jaietan bertsotan jardutea gustuko omen zuen, batzuetan entzuten zegoen lekutik eta beste batzuetan bertsolariengana hurbilduta. Martzelinaren lau ahizpek eta lagunek ez omen zuten gustuko Martzelinaren zaletasun hau eta haserre egiten omen zioten.[5] Jaietan Galtzadetara inor laguntzera joandakoekin ere bertsotan aritzen omen zen, eta edozein momentutan erantzuna ere bertsotan ematen zuela Martzelinak. Emakume bizia eta ausarta zela edozein gizonekin bertsotan aritzeko, eta gizasemeen moduko ahots altua zuela.[4]
Agustin Mendizabalek, Oiartzungo Hau leku aittorra[6] lanean jasota duen bezala, Laxaro eta Joxe Miel Eskudero Lekuonaren kontaerari jarraituaz, Artikutzan urtero bertsolari txapelketa egiten zen San Agustin jaietan, abuztuan. Urte batean, Martzelina eta Txirrita aritu ziren, eta bertso ezagun hauek kantatu zituzten, jarritako gaiari erantzunez. Urte horretan, bi bertso horien ondoren saria Martzelinari eman zioten (doinuak aipatutako liburuan bertan aurki daitezke).[5] Hona hemen, Txirritaren bertsua eta Martzelinaren erantzuna:
Txirritak:Aditu bihaituzu
nere abisuak
hoyek izango dira
gauza prezisuak
jakiñaren gañian
jarri gurasuak
bestela ez du baliyo
nere desiuak.
Martzelinak erantzun:Aitakiñ eta amakiñ
konpontzen naiz ondo
haitaz eskusarikan
jartzerik ez dago;
jakiñaren gañian
dirade lenago
libertadia hartua
aspaldiyan nago.
Hau leku aittorra lanean, Martzelinak ere emakumeek bertsotan jasan behar izaten zituzten irainak jasan behar izan zituela dakar, Laxaro Eskuderoren bidez jakinda:
"Goizuetako Kaiku esaten ziotena aitzen zen kantari zerbatte –baño ez zen bersolaiya, e?-, ta harrek astokei batzuk esanak, gaizki esanak, puta bat izango balitz bezela, postura hortan. Ta [Martxelinak] geyo ez zela jongo esan ‘men zun, plaza(ra), ta ez ‘men zen jon geyo. Hoi ‘re aittu izan dut. Kaiku, ikazkin aitzen zen, ta herrira etortzen bazin beti mozkorrak, biño [bertsolari bezala] ez zun baliyo ezer.Joxe Miel Eskuderok zioenez, Martxelina ez zen tabernetara joaten, kantatzera, edozer gauza entzun behar izaten baitzuen…!, baina “bersolai ona ‘men zen, gue attak hala ‘saten zun”.[7]
Martzelina Bertsozale Elkartea
aldatuOiartzungo bertso eskolak bere izena aldatu eta aurrerantzean Martzelina Bertsozale Elkartea izatea erabaki zuen.[8]
Erreferentziak
aldatu- ↑ Iametza. «Martxelina Lopetegi Olaiz» www.bestekaleak.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-09).
- ↑ «Las pioneras de la bertsolaritza» EITB Radio Televisión Pública Vasca (Noiz kontsultatua: 2022-03-09).
- ↑ «Martzelina eta Amerikanoa» bertsoa.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-09).
- ↑ a b https://www.euskaltzaindia.eus/dok/iker_jagon_tegiak/auspoa/10682.pdf
- ↑ a b «Martxelina Lopetegi eta Txirrita» bertsoa.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-09).
- ↑ (Ingelesez) Mendizabal, Agustin. (2017). «Hau leku aittorra! Oiartzun haraneko kanta eta bertso zahar bilduma berria» issuu.com (Oiartzungo Udala): 45-47. ISBN 978-84-88917-43-0. (Noiz kontsultatua: 2023-01-26).
- ↑ Elkartea, Xenpelar Dokumentazio Zentroa-Bertsozale. «Martxelina Lopetegi - Biografías - BDB. Base de datos sobre bertsolarismo» bdb.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-09).
- ↑ Erik, Gartzia(e)ko. (2023-04-14). «Bertso eskola Martzelina Bertsozale Elkartea bilakatu dela ospatuko dute» Oarsoaldeko Hitza (Noiz kontsultatua: 2023-04-18).
Bibliografia
aldatu- Zavala, Antonio. "Oiartzungo beste lau bertsolari". Auspoa 119. zka. Tolosa: 1974. 104-138 orrialdeak.http://www.euskaltzaindia.net/dok/iker_jagon_tegiak/auspoa/10682.pdf
- Mendizabal, Agustin. “Hau leku aittorra! : Oiartzun haraneko kanta eta bertso zahar bilduma berria”. Oiartzun: Udala, 2017.