Maria Varona
María Pérez de Villanañe, María Varona izenarekin ezaguna (XI. mendearen bukaera eta XII. mendearen hasiera artean, Araba). Erdi Aroan Gaubean bizi izan zela esan izan den kondairazko pertsonaia da. Bere genealogia ez da ziurra eta, orain arte, ez da bera agertzen den bere garaiko dokumenturik aurkitu. Hala ere, Varona leinuaren jatorria eta sinboloa da —jatorrizko dorretxea Villanañe herrian duena— eta kroniketan eta literaturan tradizio luzea du.
Maria Varona | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Villanañe, XI. mendea |
Heriotza | XII. mendea ( urte) |
Jarduerak | |
Jarduerak | gudaria |
María Perez "La Varona"ren kondairako jatorria
aldatu1573ko "Memorial" lanean jasotako Lope Varonaren kronikak, María Perez La Varonaren kondairaren bertsio hedatuenetako bat jaso zuen. Horren arabera, María Perez bi nebekin, Gómez eta Alvar Perezekin, joan zen Alfontso VI.a erregeak Aragoiren aurka gerran aritzera, beraien moduan jantzita eta armatuta. Borrokaren nahasmenean, Mariak Alfontso I.a Borrokalaria Aragoiko erregearekin egin zuen topo, preso hartu zuen eta Alfontso VI.aren esku utzi zuen. Alfonso VI.a erregeak honakoa esan zion orduan: "Jokatu duzu, ez emakume ahul baten moduan, gizon indartsu baten moduan baizik, horregatik, zeure burua eta zure ondorengoak Varona, alegia, <<gizona>> deitu zaitezte". [1][2]
Hala ere, badago lehenagoko dokumentu bat, XV. mendearen bigarren erdialdean datatua, San Zoilo de Carrión-ekoa. Bertan, Don Velaren, Aragoiko erregearen semearen, emazte gisa agertzen da María Pérez. Don Vela Maria Perezekin ezkondu zen Villanañe eta Karkamuko oinordekoa zelako. Bertsio horren arabera, María Perezek senarra lagundu zuen Valladolidera musulmanekin borroka egitera, Dueñas inguruan. Han, Maria Perezek "Errege Moroa" garaitzeaz gain, burua moztu zion, eta "vara handia" goitizena irabazi zuen ('lantza indartsua" esan nahi omen zuena euskaraz), hortik eratorri zen "Varona" abizena.[2]
Varona abizenaren benetako jatorria
aldatuBadirudi, Perez Barahonako edo Pérez de Barahona abizena familiaren historian atzera eginda 1137ra arte jarrai daitekeela. Villanañe herria Alfontso VII.ak eman zionean Martin Perez Barahonakoari, koroari emandako zerbitzuengatik.[3]
Zehaztu gabeko data batetik aurrera, ahozko transmisioak eta familiako kronikek, pixkanaka, hainbat xehetasun etimologiko eta bestelakoak erantsi zizkieten jatorrizko gertaera historikoei, Varona abizena sortu arte, María Perez emakume ausartaren irudiari lotuta. Istorio hauek, emakumezko borrokalariaren tradizioa jasotzeaz gain, leinuaren jatorria "Errekonkistaren" hasierara arte eta baita bisigodoen garaia arte eramaten zuten.[3] Beharbada, Erdi Aroan istorio honek erromantze edo kanta gisa zirkulatu zuen, beste bertsio batzuekin batera, eta horrela geratu zen finkatuta XV. mendean elementu historiko eta kondairazkoekin apainduta, leinuaren jatorria legitimatzeko.[2]
Barahona abizena, beraz, jatorriz ez litzateke "Varona" ezizenetik etorriko, baizik eta Soriako Barahona toponimoarekin lotura izan lezake, Villanañen finkatutako leinuaren lehen kideen jatorrizko lekua izango zena. Izan ere, Sorian María Perezen istorioarekin parekotasun ugari dituzten antzeko kondairak ere badaude. Soriako kondairetako batean, Elvira andreak, Barahonako kondearen alabak, Aragoiko Alfontso I.ari aurre egin zion Arizan, Gaztelako erregearen aginduz, bere aita El Cid-ekin borrokan ari zelarik eta bere lurraldeak defentsarik gabe utzi zituelako. Aragoiko erregearen aurka garaipena lortu ondoren, "Barona de Castilla" ('Gaztelako Varona') titulua jaso zuen.[2] Ondorioz, Baraona herriko ezkutuak, zaldiz doan ezpatadun andre bat irudikatzen du, kondaira honen oroimenez.
La Varona, pertsonaia literarioa
aldatuXVII. mendearen hasieran, Lope de Vegak literatura pertsonaia bihurtu zuen Maria Perez La Varona.[2] Urrezko Mendeko komedietan agertzen diren beste emakume batzuen antzera (gizonez mozorrotuta, ezpata borroka desberdinetan parte hartu zutenak)[4], Maria Perezen kondaira erabiltzen du Lope de Vegak: "La Filomena", "Jerusalem konkistatua"[2] eta, batez ere, "La Varona Castellana" lanetan.
Vos, que como varón fuerte,
Fuistes varona de fama,
Dejad el nombre de Pérez
Y el águila de las armas;
Llamaos, desde hoy más, Barona.[5]
('Zerorrek, gizon indartsuen gisara,
izen oneko gizakumea izan zinen,
laga Perez izena
eta armetako arranoa;
Har ezazu, gaurtik aurrera, Barona.')
Denboran aurrera eginda, hainbat egilek leinuaren historia bildu zuten, esate baterako, Manuel Díaz de Arcayaren "La heroína de Villanañe" lana XIX. mendearen amaieran.[6]
La Varonaren irudiak
aldatuVarona jauregiko sarrera korridorean harrizko eskultura dago emakume noble bat irudikatzen duena belauniko. Tradizionalki "La Varona" zela esan izan da,[3] baina, seguruena, Amador Varonaren emaztea izan zen Maria de Pinedoren hilobiko eskultura-sortakoa izan behar du eta Miranda Argako (Nafarroa) parrokian zegoena.[2]
Varona dorre-jauregiaren lorategian dagoen iturrian ere, ezpata daraman La Varonaren bustoa dago.[2] Antzera irudikatzen da Villanañeko parrokian dagoen Varonatarren armarrian.[3]
"La Varona Castellana"ren beste irudi bitxi bat, koloretan margotua, Fray Miguel Varonaren Kronikan jasotzen da.[2][7]
La Varonaren beste hainbat irudikapen daude hainbat grabatu eta argitalpenetan.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Jatorrizko testua: “Haveis obrado, no como dèbil muger, sino como fuerte varon, y debeis llamaros Varona vos y vuestros descendientes”
- ↑ a b c d e f g h i MARTÍNEZ ÁLAVA, Carlos J. (2009). Diputación Foral de Álava, ed. La torre-palacio de los Varona: historia y patrimonio. Vitoria-Gasteiz. p. pp. 37-80., Carlos J. (2009). La torre-palacio de los Varona: historia y patrimonio. Vitoria-Gasteiz: Diputación Foral de Álava, 37-80 or..
- ↑ a b c d PORTILLA VITORIA, Micaela J. (1978). Torres y Casas Fuertes en Álava. II Vitoria-Gasteiz: Obra Cultural de la Caja de Ahorros Municipal de la Ciudad de Vitoria, 1029-1036 or..
- ↑ MCKENDRICK, Melveena. (1974). Woman and society in the Spanish drama of the Golden Age. Cambridge: Cambridge University Press ISBN 9780521136617..
- ↑ Lope de, VEGA. «La Varona Castellana». Obras completas. Comedias XI. .
- ↑ DÍAZ DE ARCAYA, Manuel. (1897-1898). «La heroína de Villanañe». Leyendas alavesas. Zaragoza.
- ↑ Historia y genealogía de la casa Varona escrita por Fray Miguel de Varona. Arabako Lurraldearen Artxibo Historikoa (ATHA). Varona funtsa.
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- María la Varona Eusko Ikaskuntzan, 2004ko otsailaren 3a.
- 'La Varona', una alavesa de armas tomar El Correo egunkarian, 2018ko urriaren 11a.