Loita Armada Revolucionaria
Loita Armada Revolucionaria, LAR, Galiziako talde armatu independentista bat izan zen. Partido Galego do Proletariado (PGP) eta Galicia Ceibe (OLN) erakundeen ingurukotzat jotzen zen. Bere lehen ekintza armatua 1978ko uztailaren 28an egin zuen, Santiago Compostelakoan hainbat kamioi errez. Ondoren, atentatu landuagoak burutu zituzten, banketxeak lapurtuz edo Atlatikoko Autopista delakoaren aurka lehergailuak ipiniz.
Loita Armada Revolucionaria | |
---|---|
Datuak | |
Mota | erakunde armatua |
Ideologia | Galician independence movement (en) eta sozialismoa |
Historia | |
Sorrera | 1978 |
Desagerpena | 1984 |
1980ko irailean hamasei lagun atxilotu zituzten LAReko kideak izatea egotzita. Horrez gain, hainbat pertsonek Portugalera egin zuten ihesi. Atxilotuek hamar egun igaro zituzten inkomunikaturik, Lege Antiterroristaren pean, eta torturak salatu zituzten. 1982an epaitu zituzten atxilotuak, azkenean bost lagun zigortuz. 1983an espetxean geratzen ziren LAReko hiru kideak kaleratu zituzten, PSOEko gobernuak presoek beraiek eskatutako indultua onartu eta gero.
1984an taldearen disoluzio ofiziala gauzatu zen.