Legionella pneumophila

Legionella pneumophila Legionella generoko bakterioa da, legionelosia eragiten duena. Bakterioa isolatua izan zen lehenbizikoz 1977an, Filadelfia hirian 1976an gertatu zen legionelosiaren agerraldi larri baten ostean.

Legionella pneumophila
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPseudomonadati
FilumaPseudomonadota
KlaseaGammaproteobacteria
OrdenaLegionellales
FamiliaLegionellaceae
GeneroaLegionella
Espeziea Legionella pneumophila
[[|]]
Datu orokorrak
Gram tindaketabakterio gram-negatibo

Ezaugarriak aldatu

Legionella pneumophila bakterio Gram negatiboa da, aerobio hertsia. Bazilo itxura du, katalasa eta oxidasa (+) da eta mugikorra, daukan flagelo polar bati esker. Ez ditu nitratoak erreduzitzen. Gram negatiboa izan arren, gaizki tindatzen da Gram tindaketarekin, ohikoa izanik tindaketa bereziak erabiltzea baziloa ongi ikusi ahal izateko [1].

Eskakizun nutritibo zorrotzak ditu, eta ez du laborategiko ohiko hazkuntza-inguruetan hazten. Besteak beste, zisteina eta burdina behar ditu. Eskakizun zorrotz horiek bere isolamendua eta identifikazioa zaildu zuten, urtebete baino gehiago igaro baitzen Filadelfiako agerraldiaren agerpena eta agerraldi horren mikrobio eragilearen identifikazioaren artean.

Bakterioaren habitat naturala ura da, eta ibai, laku, padura eta lur hezeetatik isolatu daiteke. Hortik igaro ahal da gizakiak egindako ur ingurune artifizialetara (ur biltegiak, etxe zein eraikin handiko hoditeriak, hozte dorreak...). Ingurune artifizial horiek kolonizatzen dituenean arriskutsu bihurtzen da baziloa, legionelosia eragin baitezake.

Berezko ezaugarria du Legionella pneumophilak: zelula barneko parasitoa da. Aske bizi denean, sarritan ameben barruan bizi da [2]. Gizakia infektatzen duenean, aldiz, makrofagoen barruan egon daiteke, lisosomen jarduerari aurre egiten baitio.

Gaur egun (2015ean) bakterio honen 35 serotipo inguru ezagutzen dira. Legionella pneumophilaren 1. serotipoa da patogeno garrantzitsuena.

Patogenia aldatu

Sakontzeko, irakurri: «legionelosi»

Bere habitat naturaletan Legionella pneumophila ez da arriskutsua, baina ur ingurune artifizialak (hozte dorreak, etxe zein eraikinen hoditeriak, aire girotuaren sistemak, jakuzziak...) kolonizatzen dituenean osasunerako benetako mehatxu bihurtzen da, ingurune horien sedimentuek eta korrosio-gaiek, inguruneen tenperatura epelekin batera, bakterioaren hazkundea areagotzen dutelako nabarmen. Bakterioak eragiten duen infekzioa arnas bidetik harrapatzen denez, aerosolak sortzen dituzten mekanismoak (dutxak, hozte dorreak, aire girotuaren sistemak...), bereziki, infekzioaren fokuak izan ohi dira.

Legionella pneumophila azken urteetan azaleratzen ari den patogenotzat jotzen da, 1976an baino lehen guztiz ezezaguna baitzen. Bakterioak sortzen duen gaitza -legionelosia-, nolabait, gure zibilizazio teknifikatuaren ondorioa izaten da, aerosolak sortzen dituzten gailuen bidez (hozte dorreak, aire girotuaren sistemak...) harrapatzen baita.

Legionella pneumophilak arnas aparatuaren bi patologia eragin ditzake: Pontiako sukarra, gripearen antzeko gaitz mugatua, eta legionelosia edo legionarioen gaitza, pneumonia akutu oso larria. Legionelosi infekzio sistemikoa da, beheko arnas traktuan eragiten duena. Sukarra, eztula, hotzikarak, nekea eta buruko mina dira gaitz honen ohiko sintomak, eta pertsona inmunogutxituengan hilkorra izan daiteke.

Ez dago argi zergatik bakterioak batzuetan Pontiac-eko sukarra eragiten duen eta beste batzuetan legionelosia. Mikrobiologo batzuen ustez, bakterioaren infekzio-dosia eta gaixoaren immunitate-sistemaren egoera erabakigarriak dira gaitz arina (Pontiac-eko sukarra) edo larria (legionelosia) garatzeko orduan.

Legionelosia ez da pertsonen artean transmititzen, ezta bakterioak kutsatutako ura edaten. Arnas bidetik harrapatzen da, bakterioak dituzten aerosolak inhalatzerakoan.

Zelula barneko parasitoa denez, eta makrofagoen barruan egon daitekeenez, erantzun immune humoralak ez du balio Legionellak sortutako infekzioak kontrolatzeko. Immunitate zelularrak (T linfozitoen bidezkoa) besterik ez du organismoa babestuko patogeno horren aurka [1].

Erreferentziak aldatu

  1. a b Basaras Miren eta Umaran, Adelaida Mikrobiologia medikoa E.H.U.ak argitaratuta, 217-221 orr.
  2. Greub G, Raoult D (Nov 2003). «Morphology of Legionella pneumophila according to their location within Hartmanella vermiformis». Res Microbiol. 154 (9): 619–21.

Kanpo estekak aldatu