Landetxe Kultur Aretoa

Oiartzun herriko kulturgile eta kulturzaleen topagunerako kulturgunea

Landetxe Kultur Aretoa. Gipuzkoako Oiartzun herrian dago eta herriko kulturgile eta kulturzaleen topagunerako kulturgunea da. Izaera publikoa du, eta jabetza Oiartzungo udalarena da.

Landetxe Kultur Aretoa
Kokapena
Koordenatuak43°18′01″N 1°51′39″W / 43.30019°N 1.86072°W / 43.30019; -1.86072
Map
Historia eta erabilera
Inaugurazioa2023ko martxoaren 10a
JabeaOiartzungo Udala
Kontaktua
HelbideaLandetxe plaza
E-postamailto:oiartzun@oiartzun.eus
Telefonoatel:+34943490142
Webgune ofiziala

Kokalekua aldatu

Elizalde auzoko Landetxe plazan kokatua dago, aurreko Egiania edo Landetxe etxea eraitsi eta bere eremuan eraikia. Azpian geratu dira XVI. mendean Urdinolatarren palazioa zenaren aztarnak. Romana Urdiñolak XIX. mendearen bukaeran eraikitako Egiania edo Landetxetik zutik geratzen diren bakarrak, bertan ezarritako armarria eta zutabeak dira, orain eraikin berriaren atarian kokatu direnak.[1]

 
Egiania edo Landetxe etxea, Romana Urdiñolak eraikia. (XIX.m.)

Historia aldatu

 
Urdinola.Zutabeak
 
Urdinola.Armarria

2023ko martxoaren 10ean ireki zituen ateak Landetxe Kultur Aretoak. Oiartzungo herriak zuen gabeziak eraman zuen espazio hau diseinatzera. 2016an hasi zen Udala proiektua hezurmamitzen. Oiartzunek zituen behar estrategikoak aztertu eta lau lehentasun identifikatu zituen: kultur aretoa, zahartze aktiboa sustatzeko jubilatuentzako egoitza berria, euskara indartu eta eragile guztiak elkartuko zituen espazioa eta gizarte zerbitzuak eta zaintza erdigunean jartzeko azpiegitura egokiak. Lau lehentasun horiek izan dira Landetxe sortzeko oinarria. Udalarentzat obra eta eraikina bera baino garrantzitsuagoa izan zen proiektu osoa hasieratik herritarrekin elkarlanean definitzea. Horretarako arloz arlo parte-hartze prozesuak jarri zituen martxan: Kultur eragileekin aretoa diseinatzeaz gain, Oiartzungo kultur eredu propioaren inguruko hausnarketa egin zuen. Euskalgintzako solairua bertako eragileekin elkarlanean diseinatu zen, haien premietara egokitzeko. Jubilatuen beharrak ezagutzeko ere parte-hartze prozesua egin zuen.[2]

Eraikina aldatu

 
Landetxeko eremua 1940ean.

780m2ko eraikina da, hiru solairutan banaturik. Egituraz eta ekipamenduz era minimalistan eraikia da. Kanpoaldeko hormak zurez, harriz eta metalez estalita daude, urre zaharraren antzeko tonalitatearekin. Argi naturala sartzen da terrazako leihateetatik eta teilatuko argizuloetatik. Orotara 6,5 milioi euroko kostua izan du.[3] Egoitzak bere barne hartzen ditu: Kultura, ongizatea, zahartze aktiboa eta euskara sustatzeko espazioa,[4] modu honetara banatua:[5]

0 solairua aldatu

Kulturgunea dago, auditorio moduan pentsatua. 249 eserleku ditu. Harmailak automatikoki ireki eta gordetzen dira, eta jasota daudenean 600 pertsonentzako tokia du auditorioak. Entsegu-gela, kamerinoak, bulegoak eta beste zerbitzuak ere baditu.

1. solairua aldatu

 
Errenteriako bidetik ikusia

“Gazte Izanak” jubilatuekin eta oro har herriko adinekoekin lan egiten duten beste elkarte batzuen eremua. Bertan kokatzen dira, baita ere, ile-apaindegia eta podologia zerbitzuak. Espazio horien ondoan taberna dago, terraza handi batez hornitua.

2. solairua aldatu

Euskararen eremua. Udal euskara zerbitzua bertan kokatu da, eta horrekin batera UEMA (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea), Oiartzun Irratia, Intxixu AEK euskaltegia eta Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilgunea.

Iruditegia aldatu

Xabier Leteren eskultura aldatu

 
Xabier Leteren eskultura

Bataio agirian jasotakoaren arabera, Xabier Lete Bergaretxe Egianian jaio zen, 1944ko apirilaren 5ean, kultur areto berria egin den tokian. Sortzaileak euskal kulturan utzitako aztarna beti presente izateko, Eneko Salaberriak egindako 'Lete' eskultura jarri da idazlea jaio zen etxearen ondoan, kultur aretoko sarrera nagusiaren alboan. Horrela Leteren jaiotetxetik metro gutxira, txoko berria du bere memoriak.[6]

Inaugurazio ekitaldia 2024ko urtarrilaren 14ean egin zuen udalak, Letek 80 urte beteko zituen urtea zela kontutan hartuta.[7]

Erreferentziak aldatu

  1. r01epd0122e4ed314423e0db04c97a47b5baa317f, r01etpd158aa64558419b9ec5ed77644af02263cda. (2023-04-20). «Landetxe Kultur Aretoa» www.kulturklik.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-08).
  2. (Ingelesez) «100. Udala Informatzen by Oiartzungo Udala - Issuu» issuu.com 2023-03-29 (Noiz kontsultatua: 2024-03-08).
  3. (Gaztelaniaz) Viñas, Elena. (2023-03-09). «Así son las instalaciones del edificio Landetxe» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2024-03-08).
  4. (Ingelesez) «100. Udala Informatzen by Oiartzungo Udala - Issuu» issuu.com 2023-03-29 (Noiz kontsultatua: 2024-03-08).
  5. Erik, Gartzia(e)ko. (2023-01-05). «Landetxe, herria artikulatzeko eraikina» Oarsoaldeko Hitza (Noiz kontsultatua: 2024-03-08).
  6. (Gaztelaniaz) Viñas, Elena. (2023-06-22). «Xabier Leteren eskultura jarri dute Landetxen» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2024-03-08).
  7. Erik, Gartzia(e)ko. (2024-01-09). «Xabier Lete gogorarazteko ekitaldi sorta, asteburuan» Oarsoaldeko Hitza (Noiz kontsultatua: 2024-03-08).

Kanpo estekak aldatu