Koalizio katoliko-foruzalea
Koalizio katoliko-foruzalea Espainiako 1931ko ekainaren 28ko hauteskunde konstituziogileetara aurkeztu ziren Hego Euskadiko alderdi eskuindar foruzaleen hautagaitzen izendapen orokorra izan zen. Behin Gorteak osatuta, Euskal Gutxiengoa parlamentu-taldea eratu zuten.
Koalizio katoliko-foruzalea | |
---|---|
Datuak | |
Ideologia | foruzaletasuna, Tradizionalismo politikoa, Erregezaletasuna eta Euskozaletasuna |
Historia | |
Sorrera | 1931 |
Honako ideologia-joera hauek osatzen zuten:
- Tradizionalismoaren adar biak: jaimistak, Jakue Borboi-Parmakoaren aldekoak, eta integristak.
- Alfontsotar erregezaleak, kargutik kendu berri zuten Alfontso XIII. erregearen aldekoak.
- Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ), hasiera batean koalizioan egon ez eta bere hautagaitza eduki arren, azkenean hauteskundeak baino zortzi egun lehenago atzera egin eta Koallizioan sartu zen erlijio-balioen alde. Kide integristak EAJ sartzearen aurka bozkatu zuen.
Hautagaitzek Bizkaian eta Gipuzkoan Euskal Herriarentzako Sortarauaren Aldeko hautagaitza izendapena jaso zuten, Nafarroa Garaian Koalizio Katoliko-Foruzalea eta Araban Hautagaitza Katoliko-foruzalea. Hauteskanpaina Eliza katolikoaren alde ardaztu zuten: gobernuak emandako gurtzeko askatasunari eta erlijio katolikoaren ikasbidea ikasplanetik at uzteari buruzko xedapenei gogo biziz eraso zieten. Horretaz gain, 1839ko Foruak Baieztatzeko Legeak eta 1841eko Nafarroako Lege Hitzartuak deuseztatutako foruak leheneratzea eskatzen zuten.