Kataluniako Batasun Demokratikoa

Kataluniako Batasun Demokratikoa (UDC, katalanez: Unió Democràtica de Catalunya) Kataluniako alderdi politiko abertzale eta kristau-demokrata (edo, beraien hitzetan, "sozial-kristaua") da. 1931ko azaroaren 7an sortu zen eta 1978tik Convergencia i Unio koalizioko kide da, Kataluniako Konbergentzia Demokratikoa alderdiarekin batera. Alderdiko buru eta ordezkari garrantzitsuena Josep Antoni Duran i Lleida da 1987tik. 16.000 afiliatu ditu.

Kataluniako Batasun Demokratikoa
Idazkari nagusiaRamon Espadaler
Sorrera1931ko azaroaren 7a
Egoitza nagusiaNápoles, 25, Bartzelona
Ideologia politikoaKristau demokrazia, europeismoa, kataluniar abertzaletasuna eta katalanista
Nazioarteko kidetzaEuropako Alderdi Popularra
www.unio.cat

Historia

aldatu

1931ko azaroaren 7an El Matí egunkarian kaleratutako manifestu baten sinatzaileek alderdi katalanista eta demokratiko bat sortzeko erabakia hartu zuten, kristautasunaren printzipioetan oinarrituta. Josep O. Anguera, Pere Arderiu, Xavier Aragó, Pere Aragai, Esteve Farré, Josep M. Farré, Àngel Grau, Joan Guinart, Josep M. Modolell, Àngel Morera, Manuel Pugués, Pau Romeva i Ferrer, Joan Baptista Roca i Caball, Maurici Serrahima i Bofill, Ramon Sunyer, Manuel Thió, Ramon Trinxet, Lluís Vila i d'Abadal eta Josep Vilaplana izan ziren sinatzaileak. Gehienak alderdi eskuindar tradizionalistetatik zetozen, alderdi hauek Kataluniako estatutuaren aurka hartutako erabakiarekin bat egiten ez zutelako. Beste batzuk ezkerreko taldeetatik zetozen, hauek hartutako erabaki batzuk erlijio askatasunaren aurkakoak zirela uste zutelako.

Espainiako Bigarren Errepublika garaian Gorte Orokorretan diputatu bat izan zuen, Manuel Carrasco i Formiguera, eta beste diputatu bat Kataluniako Parlamentuan, Pau Romeva i Ferrer. Espainiako Gerra Zibila lehertu zenean, Errepublikari leial iraun zion, nahiz eta bere ideologia kristau-demokrata zela eta Espainiako eta Kataluniako gobernuekin desadostasun nabariak izan. Gerrako bi bandoen areriotasuna izan zuen, bai matxinatuena (Kataluniaren eskubideak eta autonomia defendatzen zituelako) baita errepublikar batzuena ere (joera kontserbadorea zuenez, zenbait talde anarkisten jo-puntuan zegoen eta militante batzuk erail zituzten). Manuel Irujo jeltzalearekin harreman estua izan zuten alderdi honetako kideek, eta Espainiako Errepublikaren eta Aulki Santuaren arteko harremanak hobetzen saiatu ziren.

Frankismo garaian, alderdi demokratiko guztiak bezala, debekatuta egon zen eta buruzagi gehienak erbestera joan behar izan zuten. 1940ko hamarkadan zehar, alderdia klandestinitatean berregituratzeko saioak izan ziren, baina gehienbat kultura eta hizkuntza berreskuratzeko ikastaro eta mintzaldiak ematera mugatu ziren (klandestinitatean, beti ere). Kataluniako oposizio demokratikoarekin batera, hainbat elkarte klandestinotan parte hartu zuen. Erbestean, Espainiako oposizio demokratikoko zenbait kiderekin batera Equipo Demócrata Cristiano del Estado Español taldea sortu zuen eta Internazional Kristau Demokratan sartu zen.

1977ko Espainiako Hauteskundeetan Centre Catalá taldearekin batera aurkeztu zen Unió del Centre i la Democràcia Cristiana de Catalunya koalizioan eta 2 diputatu lortu zituzten. 1978an Anton Cañellas i Balcells diputatuak alderdia utzi zuen, Centristes de Catalunya sortzeko (UCDrekin koalizioan aurkeztuko zena). 1979tik aurrera, Kataluniako Konbergentzia Demokratikoa alderdiarekin batera Convergència i Unió koalizioa sortu zuen eta ordutik koalizio horretan aurkeztu izan da hauteskundeetara.

Kanpo estekak

aldatu