Kartimandua edo Kartismandua (43. urte ingurua - 69) Britaniako brigantiar tribuko erregina izan zen. Brigantiarrak Britaniako erromatar konkistaren garaian biztanle gehien zituen tribua izan zen. Kartimandua izenak euren hizkuntzan zaldi dotore esan nahi omen zuen.

F. Bartolozziren lana, British Museum

43an Klaudio erromatar enperadoreak Britaniako erromatar konkistari ekin zionean, erromatarrei erresistentzia gehien ipini zieten tribuak Karatako eta Togodumno buruzagi eta anaien agindupean zegoen Trinovantes tribua izan zen, halaber, bi anai hauek Catuvellauni tribuko Kunobelino erregearen semeak zirelarik. Baina erromatarrek trinovanteak berehala garaitu eta Karatakok uhartean mendebaldean dagoen Galesko lurraldera ihes egin beharrean izan zen, bien bitartean Britaniako hamabi tribuetako hamaika erromatarrei errenditu zitzaien (haien artean biztanle gehien zituen brigantiarrak tribuko Kartimandua erregina barne, honek Tazitoren aipamenez bere "leinu noblearen" ondorioz agintzen zuen).

47an briganteetako multzo bat erromatarren aurka matxinatu zen, Publio Ostorio Eskapularen gudarosteak haiek garaitu eta Eskapulak britoi buruzagi matxinatu guztiak hiltzea agindu zuen.

51an azkenik Eskapulak Karatako garaitzea lortu zuen, berriz ere Karatako eta bere senideak iparraldera ihes egin eta Kartimandua erreginaren lurraldean babesa hartu zuen. Kartimanduak Karatakori harrera egin baina erromatarrei ohartarazi zien, Karatako antzeman eta erromatarrei kateaturik eskaini zien. Erromatarrek Kartimanduari bere traizioa saritu asmoz, Kartimandua eta bere senarra zen Venutius Erromako adiskide leial eta babespekoa izendatu zuten, gainera aberastasunak eman eta Kartimanduaren boterea indartu zuten.

Halere, lasterrera Kartimanduak erromatarrekin zuen aliantza frogan jarri zuen: 52-56 bitartean Venutius senarretik dibortziatu eta nahiz eta Kartimanduak Venutiusen anaia eta senide batzuk bahitu, Venutius beste britoi tribu batzuen laguntzaz matxinatu egin zen.

Venutius buruzagi matxinatua Stanwick gotorlekuan ezarri zen, aldiz Aulo Didio Galo erromatar gobernadore berriak Brigantiako hegoaldeaz jabetu zen, Templeborough (Rotherham), Brough on Noe eta Rossington Bridge (Doncaster) kokalekuetan gotorlekuak eraikiz.[1]

Bi alderdien arteko hainbat guduen ondoren, azkenik 56an Zesio Nasikaren IX Hispania legioak Venutius eta bere britoi matxinatuak garaitu zituen. Brigantiak eta Kartimanduak erromatarrekin euren aliantza mantendu zuten, baita Britaniako erromatar nagusitasuna kinkan jarri zuen icemi tribuko Boudika erreginaren matxinada garaian ere.

Aldiz, Kartimandua bere senar Venutiusekin baketu eta berrekaltuta denboraldi bat egon ondoren, berriz ere senarrari uko egin eta senarraren arma adiskide-ohia zen Vellokatus ohe-kide eta tronu-kide gisa hautatu zuen.

69an Lau enperadoreen urteko nahasmena aprobetxatuz, eta Carvetii, Novantae eta Selgovae tribuen babesarekin berriz ere matxinatu zen. Tazitoren esanetan herriak Erreginaren izara gizonzale, haragikoi eta basatia baino Venutius nahiago baitzuen. Oraingo honetan Erromak gudaroste laguntzaileak besterik ezin izan zituen bidali izan, hauek ez ziren Britanian euren nagusitasuna ezartzeko gai izan, baina gutxienez erregina erreskatatzea lortu zuten. Erreginaren ondorengo nondik-norakoa ezagutzeko ez da aztarna historiko edo arkeologikorik topatu ahal izan.

Ikus gainera aldatu

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kartimandua