Juliana Maria Brunswick-Wolfenbüttelekoa
Juliana Maria Brunswick-Wolfenbüttelekoa (alemanez: Juliane Marie von Braunschweig-Wolfenbüttel; Wolfenbüttel, 1729ko irailaren 4 – Fredensborg, 1796ko urriaren 10). Fernando Alberto II.a Brunswick-Lüneburgekoaren eta Antonieta Amaliaren alaba zen.
Biografia
aldatu1752eko uztailaren 8an Frederiko V.a Danimarkakoarekin ezkondu zen, Kristian VI.a eta Sofia Magdalena Brandenburg-Kulmbachekoaren semea. Frederiko urtebete lehenago alargundu zen, Luisa Erresuma Batukoaren heriotzaren ostean. Ezkontza honekin Danimarka eta Norvegiako erregina ezkontidean bilakatu zen. Bizitza politikoan gehiegi sartu gabe seme bat izan zuten, Frederiko.
1766an Frederiko V.a hil zen, eta bere semeorde Kristian VII.ak hartu zuen erregetza. Kristian VII.ak arazo mentalak zituen eta ez zen gai gobernatzeko, horregatik Johann Friedrich Struensee eta Karolina Matilde Erresuma Batukoak hartu zuten agintearen delegazioa. Struenseek hainbat erreforma liberal sartu zituen gobernua, eta Karolina Matilderekin harreman sentimentala zuen. Danimarkako kontserbadoreek oso gaizki hartu zuten hau, baita Juliana Mariak ere. 1772ko urtarrilaren 17n estatu-kolpea egon zen, Struensee eta bere laguntzaileak atxilotu eta apirilaren 28an exekutatu zituzten. Karolina Matilde deserriratu zuten.
Juliana Mariaren seme Frederiko, hemezortzi urtekoa, izendatu zuten gobernu berriko erregente, baina Juliana Maria zen benetan gidatzen zuena herrialdea, Ove Høegh-Guldberg ministroarekin batera. Gobernu berriak neurri oso kontserbadoreak hartu zituen eta Juliana Maria nobleziaren heroi berria zen: euren tituluak mantentzeaz gain titulu berriak eman zituen boterean gehiago mantentzeko.
1784ko apirilaren 14an Kristian VII.aren semearen aldekoek beste estatu-kolpe bat eman zuten eta Frederiko VI.a Danimarkakoa jarri zuten erregente, Struenseeren neurrietako batzuk berrezarriz.
Juliaana Maria, politikatik kanpo, Fredensborgen hil zen 1796an. Bere semea tronoan jartzea lortu ez bazuen ere bere biloba Kristian VIII.a Danimarkakoa izan zen, 1839tik aurrera errege.