Jainko (monoteismo)
- Artikulu hau Jainkoaren kontzeptu monoteistari buruzkoa da. Jainkoen kontzeptu politeista aztertzen duen artikulua hau da: Jainko (politeismo)
Erlijio monoteistetan, Jainkoa, batzuetan Jaungoikoa ere deitua[Oh 1], naturaz gaindiko izaki gorena eta unibertsoaren sortzaile bakarra da, besteak beste, judaismoan, kristautasunean eta islamean.
Jainkoa bat bakarrik dela sinesten duten erlijioen artean ere, jainko horren izenak hainbat dira, erlijio batetik bestera eta hizkuntza batetik bestera aldatzen dira. Hala, juduek Elohim edo Adonai eta musulmanek Ala deitzen diote. Erlijio eta hizkuntza beraren barruan ere, hainbat izen erabiltzen dira. Adibidez, kristauek, euskaraz, Hirutasun Santua, Gure Aita, Jauna eta Jaungoikoa izenak erabiltzen dituzte. Bestalde, teologiak historian zehar jainkoa definitzeko kontzeptu eta ezaugarri ugari sortu ditu: Ahalguztiduna, Esentzia Gorena, Leku guztietan dagoena, Ongi Gorena, Betierekoa, Beharrezko Izatea... Era berean, deskribapen ugari izan ditu: gorputz gabeko izakia, izate pertsonala, moralaren oinarria...
-
Jainkoaren izena freskoaren xehetasuna Jainkoaren izenaren jaurespena (Aintza), Francisco Goyarena, 1772.
-
Ala izenaren kaligrafia.
Erlijio teista eta deistetan (baita beste sinesmen-sistema batzuetan ere), Jainko izena ematen zaio ahalguztiduna, nonahikoa, orojakilea eta pertsonala den izaki gorenari, edo jainko bakarrari monoteismoan, edo jainko nagusiari (monolatria) politeismo forma batzuetan, esaterako, henoteismoan[1].
Jainkoak ere adieraz dezake izaki goren ez-pertsonal bat, adibidez, panteismoan, eta, ikusmolde batzuetan, ideia edo arrazoiketa hutsa da, gogamenetik kanpoko ezein errealitate iraunkorrik gabea, hala nola sistema materialistetan.
Sarritan, Jainkoa naturaz gaindiko sortzaile eta unibertsoaren ikuskatzaile (teismo) gisa ulertzen da. Teologoek atributu ugari atxiki dizkiete Jainkoaren ikuskera ezberdin ugariei. Horien artean ohikoenak dira: orojakintza, ahalguztiduntasuna, nonahikotasuna, oronginahia (erabateko ongia), sinpletasun jainkotiarra eta betiereko existentzia. Jainkoa, halaber, hartua izan da: natura gorpuzgabetzat, izaki pertsonaltzat, betebehar moral ororen iturritzat eta existentziadun izaki bururagarririk handientzat[1]. Atributu horiek maila desberdinetan deskribatu zituzten lehen filosofo-teologo juduek, kristauek eta musulmanek, Maimonides[2], San Agustin[2] eta Al-Ghazali[3] barne, hurrenez hurren. Erdi Aroko filosofoek eta filosofo moderno ospetsu askok Jainkoaren existentziaren aldeko argudioak garatu zituzten[3]. Ildo horretatik, filosofo eta intelektual garaikide askok Jainkoaren existentziaren aldeko zein kontrako argudioak garatu eta aztertu dituzte[4].
Izaki gorenaren ikuskerak
aldatuJainkoaren definiziorik arruntena izaki goren, ahalguztidun, nonahiko eta orojakilea da[2]; sortzailea, epailea, babeslea eta, zenbait erlijiotan, arduratsu eta unibertsoaren eta gizateriaren salbatzailea.
Definizio horri buruz zenbait aldakuntza dira[1].
Jainkoak izaki goren pertsonal gisa definitua
aldatuIkuspegi ezberdinen arabera, ezaugarri anitz eta beti ez direnak elkarrekin harmonizagarriak eman daitezke. Gainera, badira Jainko pertsonal batean sinesten dutenak, argudio filosofikoetan oinarrituz, baina erlijio batera jo beharrik gabe (Deismoa); beste batzuek, berriz, Jainkoa argudio erlijiosoekin eta beste argudio filosofiko batzuk alde batera utzi gabe aztertzen dute, eta gizakien aldeko ekintza salbatzailea espero dute (Teismoa).
Sinesmen desberdinetan esleitutako ezaugarriak:
- Jainkoa gai da bere gurtzaileei autogobernu-sistema sostengatzeko aukera ematen dien arnasa egokia emateko, berak definitzen duen moduan jarraitzaileek sakratutzat jotzen duten liburu-bilduma batean katalogatutako lege, arau eta printzipioen bilduma batean, non giza erredaktoreek Jainkoaren argitasunak gidatu dituela adierazten baitute. Botere hori intsuflatzean, ez dio sufrimendu gehigarririk eragiten ohiko bizi-sistemari[erreferentzia behar].
- Erlijio batzuetan, Jainkoa da unibertsoaren sortzailea[5].
- Tradizio batzuek diote sortzailea izateaz gain, Jainkoa kontserbatzailea (teismoa), eraldatzailea eta aldaezina dela; beste batzuek, berriz, Jainkoa sortzailea baino ez dela diote (deismoa).
- Filosofo batzuek diote Jainkoa dela guztiaren existentzia esplikatzen duen printzipio baldintzarik gabea. Beraz, ez da pentsamendura iristen den kontzeptu bat, pentsatzearen postulatu bat baizik, edo Santo Tomasek esango lukeen gisa, fedearen prolegomenoa.
Erlijio monoteistetan ―bahaismoa, kristautasuna, islama, judaismoa, krisnaismoa eta sikhismoa―, «Jainkoa» terminoak izaki goren, infinitu, perfektu, unibertsoaren sortzaile baten ideiari egiten dio erreferentzia, eta hori da, beraz, gauza guztien hasiera eta amaiera. Jainko goren horren ezaugarri nagusien artean, honako hauek ditugu nagusiki:
- Ahalguztiduntasuna: gauza guztien gaineko botere absolutua.
- Nonahikotasuna: nonahi presente egoteko ahalmena.
- Orojakintza: izan diren, diren eta gertatuko diren gauzak jakiteko botere absolutua.
Aldarrikatzen dute Jainkoa izaki maitekorra dela bere sorkuntzarekin eta justua[erreferentzia behar], eta, kristautasunean, Espiritu Santuaren bidez, bere obra egiteko aukeratutako pertsonak instrumentaliza ditzakeela eta Jainkoa, gainera, adimena eta alaitasuna dela, kolera edo tristura moduko emozioak adieraz ditzakeela. Jainkoaren obra litzateke gizakiei salbazioaren eta betiereko bizitzaren oparia ematea.
- Jainkoaren ikusmolde batzuek, izan ere, Jainkoa betiereko errealitate transzendente, aldaezin eta azken errealitate gisa ikusten dute, unibertso ikuskor eta etengabe aldakorrarekin kontrastean.
- Jainkoari, batez ere, ahalguztiduntasuna (dena ahal du), nonahikotasuna (dena hartzen du), orojakintza (dena daki) eta oronginahia (erabat ona da) egozten dizkiote. Hala ere, denek ez dute baieztatzen Jainkoa moralki ona dela. Batzuek uste dute Jainkoak ordezkatzen duela moralki ona dena, onaren eta txarraren definizio objektiboa dagoela onartuz; beste batzuentzat, berriz, Jainkoa moraltasunaren gainetik dago, edo bere definizioa du, eta, beraz, ona da Jainkoak ona izatea nahi duena. Bere atributu guztiak ez datoz bat, eta kontraesanak agertzen dira, kritikariek ukatu egiten dutelarik Jainkoak, aldi berean, adierazitako lau atributuak izan ditzakeenik. Adibidez, esaten da Jainkoa baldin bada sortzaile ahalguztiduna, orojakilea eta epaile bakarra, orduan gizateria sortzean (ateoak, paganoak eta erlijio faltsuak barne), badaki nolakoa izango den bere portaera eta infernura bidali beharko ditu[erreferentzia behar]. Jainko hori, beraz, ezin liteke ona izan gizaki guztien ikuspuntutik, batzuek baieztatuko baitute gizaki guztiak ez direla onak Jainkoaren ikuspuntutik. Horixe da, gaizkiaren existentziaren arazoa, eszeptikoek Jainkoaren kontzeptu hori onartzeko jartzen duten oztopoetako bat. Fededunek, izan ere, gizakion «erabakimen askea» argudiatu ohi dute munduko gaitza azaltzeko, nahiz eta argudio horrek ez duen balio Naturako gaitza azaltzeko (nahiz eta Naturan gaizkiaren kontzeptua guztiz definituta ez egon, bada, ongia eta gaizkia aukera kontua bada (askatasunez edo arrazoibidez egindakoa), Naturak ez du horrelako aukerarik, den bezalakoa baita, besterik gabe). Bestalde, kritikariek ez dituzte bateragarritzat jotzen Jainkoaren ahalguztiduntasuna eta orojakintasuna hautamenarekin, argudiatuz ezen Jainkoak dena ahal badu haren esku hartzeak gizakiaren askatasuna oztopatzea ekarriko lukeela, edo dena jakiteak esan nahiko luke gizakiaren askatasunean ez dagoela ezer aurrez finkatua eta esana ez denik. Ahalguztiduntasunari dagokionez, Jainkoaren ezaugarri oronginahiarekin kontrajartzen da, zeren dena ahalduntzean ez baitu egiten nahitaez, baizik eta gizakiari hasiera batean sortu zuen ezaugarri askearen arabera jokatzen uzten baitio, eta ez du eragozten, dela apatiagatik edo plazeragatik (Jainkoaren onginahiarekin kontraesankorra baitlitzateke), dela naturarekiko begirunegatik (bere onginahitik sortua baita)[erreferentzia behar].
- Teologia negatiboak (edo bide negatiboak) argudiatzen du Jainkoaren atributuei buruzko baieztapen eztabaidaezinak ezin direla zehaztu; agnostikoek, berriz, uste dute giza ezagutza mugatuak ez duela uzten Jainkoa zer edo nolakoa den froga eztabaidaezinik lortzen. Mistizismoarekin zerikusia duten ohitura batzuek, aldiz, muga batzuk ezartzen dizkiote Jainkoaren botereari, iritzita Jainkoaren izaera gorenak ez diola zoriari lekurik uzten.
- Jainkoaren ikusmoldea eta bere ezaugarriak, Monoteismo zein politeismoarenak, herrien tradizioaren araberakoak dira (ikus, Hirutasuna, dualismoa eta henoteismoa)[erreferentzia behar].
Jainkoa izaki goren ez-pertsonal gisa definitua
aldatu- Jainkoa, gauza goren gisa, baina ez nahitaez izaki pertsonal gisa; Brahman absolutuaren kontzeptuaren baliokidetzat hartzen da hinduismoaren eskola batzuetan.
- Jainkoari buruzko ideia batzuek atributu antropomorfikoak izan ditzakete: generoa, izen zehatzak eta baita esklusibotasun etnikoa ere; beste ideia batzuk, ordea, kontzeptu filosofiko hutsak dira.
- Jainkoaren ideia egiaren definizioarekin nahasten da, non Jainkoa egia guztien batura den. Ikuspegi horretatik, zientzia Jainkoa aurkitzeko bide bat besterik ez da.
- Desadostasunak daude Jainkoa pertsona gisa edo, hobeto esanda, indar edo bulkada inpertsonal gisa definitzean. Era berean, anitzak dira Jainkoak gizakiarekin erlazionatzeko dituen moduak eta Jainkoak izango lukeen itxura ere.
- Batzuek diote Jainkoaren definizio baliagarri bakarra dagoela, eta beste batzuek, berriz, Jainkoaren definizio bat baino gehiago posible izan daitezkeela, aldi berean[erreferentzia behar].
- Psikologiatik Jainkoaren existentziari buruzko azalpen bat eraiki daiteke, haren birsortze mentalarekin bat datorren kanpoko errealitatea zein den ezartzen saiatuz[erreferentzia behar]. Horrela, kontzientziaren azterketa introspektibotik abiatuta, ondorioztatu ahal izango litzateke hura nolabaiteko hutsune baten esperientziarekin lotuta dagoela[erreferentzia behar].
Etimologia
aldatuJainko terminoaren etimologiari buruz, ikus Euskara! Hiztegi Historiko Etimologikoa (EHHE200)[6].
Jainkoaren izenak
aldatuErlijio monoteistetan, «Jainko» hitza jainkotasun gorena izendatzeko erabiltzen da. Denboran zehar, kultura ezberdinek izen bereziak eman dizkiete jainkoei, eta, ondorioz, hizkuntza desberdinetan, izen askorekin identifikatzen dituzte.
Jarraian, izendapen horien zerrenda bat aurkezten da:
- Atxaman erlijio guantxea ―Kanarietan―, zeruaren jainko euslea, eta jainko gorena[7].
- Ahura Mazda jainkoaren izena zoroastrismoarentzat.
- Ala (arabieraz:الله Al-Lah) islamean. Kontrakoa uste izan ohi den arren, ez da izen berezia, baizik eta «Jainko» hitza arabieraz. Hitz horrekin, arabieradunek (musulmanak, kristauak nahiz juduak izan) erlijio monoteisten Jainko bakarrari egiten diote erreferentzia[8][9][10].
- Amaterasu O-Mikami (jainkotasun handi agurgarria, zeruan distira egiten duena), sintoismoan[11].
- Ameno Minakanushi (Jainko Jauna, zeruko aita) antzinako sintoísmoan.
- Avalokiteshvara (sanskritoz) lamaísmoaren arabera.
- Ayyavazhi India hegoaldean.
- Brahma (literalki eboluzioa edo garapena sanskrito hizkuntzan) Unibertsoaren jainko sortzailea eta Trimurtiko (hiru forma) kidea da: Brahmak (jainko sortzailea), Vishnuk (jainko zaintzailea) eta Shivak (jainko suntsitzailea) osatzen duten hirukotea.
- Brahman sanskritoko terminoa da, hinduismoaren jainkotasun absolutuari erreferentzia egiten diona. Etimologikoki, brahman hitzak, sanskritoan, hedapena esanahia du.
- Cao Ðài (vietnamdarra), Jainkoaren izena kaodaismoan.
- Elohim Biblian erabilitako Jainkoaren izen eta titulua.
- Igzi'abihier Etiopiako Eliza ortodoxoan, literalki, unibertsoko jauna.
- Yah, Yahvehren apokopea, rastafariek erabiltzen duten Jainko izena.
- Jehova Yahvehren ustezko ahoskatzea.
- Krishna (sanskritoz) hinduismo krisnaistaren barruan.
- Mulungu Jainkoaren izena Afrikako Kamba herrian.
- Temaukel Jainkoaren izena Txileko Selknam herrian.
- Baha Jainkoaren izena bahaismoan.
- Ngai Jainkoaren izena masai herrian.
- Shangdi / Tian zeruko jauna Txinako erlijio tradizionalean.
- Shiva Jainkoaren izena Indiako shivaismoan.
- Hirutasun Santua (barne hartzen ditu: Aita Jainkoa, Seme Jainkoa eta Espiritu Santua) Jainkoa ordezkatzen du ia kristau konfesio guztietan.
- Visnu (sanskritoz) Indiako visnuismoaren barruan.
- Waheguru Jainkoarentzat, sijismoaren terminoa da.
- Viracocha jainko gorena eta unibertsoaren sortzailea inken inken mitologian.
- Yahveh (hebreeraz:יהוה) judaismoan, Jainkoari erreferentzia egiteko, Tanaj-en aipatzen den izen berezia da. Horrela adierazi ohi zen Jainkoa Moisesen aurrean (Éxodo 3:13-15-BLP). Beste pasarte batzuetan, berriz, Elohim gisako izenburuak aipatzen dituzte. Gurtza juduan, izen hori ez da inoiz ahoskatzen, eta, haren ordez, Adonai esaten da, «Nire Jauna» esan nahi duena. Praktika hori erabili zen Septuaginta grezierara itzultzeko, «Κύριος» erabiliz; Dominusen, latinezko Vulgatan «Kyrios», eta hitz baliokideak beste itzulpen askotan, antzinako zein modernoetan[12].
Judaismoan, Bigarren Tenplutik Yahvehren ahoskatzea tabu bihurtu zenez, VII. mendetik X. mendera bitarteko masoretek, qeri puntuak gehitu zituzten adierazteko Yahveh izena Adonai irakurri behar zela; sistema hori ez zekiten kristau jakintsuek pentsatu zuten Tetragramaton-i (JHVH) Adonairen bokalak gehitu behar zitzaizkiola, eta, XII. mende inguruan, «Jehovah» agertu zen. Badago adostasun akademiko unibertsal bat, non onartzen den jatorrizko bokalizazioa «Yah-Weh» dela[13].
Antzinatean
aldatu- Aton Jainkoaren izena antzinako erlijio atonistan.
- Assur Jainkoaren izena antzinako erlijio asiriarrean.
- Ometeotl Jainkoaren izena antzinako Mitologia aztekan.
- Viracocha Jainkoaren izena antzinako Inken erlijioan.
- Odin Jainkoaren izena antzinako eskandinaviar erlijioan
- Zeus Jainkoaren izena antzinako greziar erlijioan.
- Anu Jainkoaren izena antzinako sumertar erlijioan.
- El jainko gorena antzinako kanaaneko erlijioa.
- Yahweh antzinako erlijio yahwista.
- Dhātar V. mendeko Indiako filosofia monoteista, garai vedikoan[14]. Sortu gabeko sortzailetzat hartzen zen, lehen kausa[15].
Jainkoaren ezaugarriak
aldatuKristau jarrera monoteista
aldatuMonoteismo kristauaren arabera, Jainkoaren izaera bi bidetatik ezagut liteke: bata goranzkoa, naturatik Jainkoari buruz jakin zitekeenetik abiatuta; bestea, berriz, beheranzkoa, Jainkoak ustez adierazten duena[16].
Hurrengo atalean, Jainkoaren ustezko atributuak sailkatzen dira sortutakoarekin duten harremanaren arabera:
- Lotu gabeko atributuak: sorkuntzatik erabat independenteak direnak (adibidez, espiritualtasuna), eta
- Loturiko atributuak: sorkuntzan agertzen direnak (adibidez, ahalguztiduntasuna). Lotura, oro har, sortutakoarekin edo izaki arrazionalekin eratzen den kontuan hartuta, azken horiek honela banatzen dira:
- Atributu aktiboak: Jainkoa unibertsoarekiko dena. Jainkoa litzateke: ahalguztiduna, nonahikoa, orojakilea, jakintsua eta burujabea.
- Atributu moralak: judaismotik jasoa, sinesmen etikoa, moraltasuna Jainkoagandik datorrela dioena.
Lotu gabeko atributuak
aldatuJainkozko atributuak dira, kreatutzat jotzen denarekiko erabat independenteak direnak.
Espiritualitatea
aldatuIkuspuntu horrek Jainko bat aurkezten du, materia ez dena eta existentzia materiaren baldintzetara mugatuta ez dagoena. Espiritua dela dio, izaki arrazionalekin pentsatu, sentitu, hitz egin eta komunikatzen dena; gorputz-adarrik edo grinarik ez duena; elementu materialez osatua ez dagoena, eta existentzia naturalaren baldintzen menpe ez dagoena. Bibliaren arabera, Jesus Nazaretekoak esango zukeen Jainkoa Espiritua dela, Joanen Ebanjelioan jasotzen den moduan:
« | Jainkoa Espiritua da, eta gurtzen dutenek, gurtu behar dute espirituz eta egiaz. | » |
Jainkoaren espiritualtasunaren ustezko ondorio bat litzateke Jainkoa bizi dela, izaki moral bat bezala bizi dela, Homo sapiensaren antzera, alegia, baina perfekzio gorenean. A. Strong-ek dio[17]:
« | Espirituak gizakiarengan bizitza inplikatzen badu, orduan, espirituak betiko bizitza eta agorrezina inplikatzen du Jainkoarengan. | » |
Amaigabetasuna
aldatuJainkoa ez du ezerk mugatzen, eta, beraz, amaigabea litzateke. Amaigabea espazioarekiko (Jainkoaren neurtezintasuna) edo denborarekiko (Jainkoaren betierekotasuna). Jainkoa, espazioari dagokionez, amaigabea litzateke, leku orotan (baita espaziotik kanpo ere) presente dagoelako; atributu hori nonahikotasunarekin lotuta egongo litzateke. Denborari dagokionez, amaigabea litzateke betierekoa izateagatik.
Unitatea
aldatuJainkoa guztiz sinplea litzateke, eta, berarengan, ez legoke ez konposaketarik ez atalik ere.
Ahalguztiduntasuna
aldatuJainkoaren ahalguztiduntasunak esan nahiko luke:
- Askatasuna eta boterea bere izaerarekin kontsekuentea litzatekeen guztia egiteko.
- Egindako guztiaren edo egin daitekeenaren gaineko kontrola eta subiranotasuna.
Orojakintza
aldatuJainkoaren ezagutza perfektua da; teorian, ezagutza guztiak ditu.
Jakinduria
aldatuJainkoaren jakinduria haren orojakintasunaren eta ahalguztiduntasunaren arteko konbinazioa litzateke. Bere ezagutzak aplikatzeko ahalmena du, helbururik onenak ahalik eta baliabiderik onenek egin edo bete ditzaten.
Historia
aldatuAntzinako Ekialdean, hiri askok beren jainko lokala zuten, nahiz eta jainko bakar baten gurtza horrek ez zuen beste jainko batzuen existentziaren ukapena ekarri.
Egiptoko Aton eguzki-jainkoaren gurtza ikonoklasta Akenaton faraoiak (Amenhotep IV) sustatu zuen, K.a. 1358 eta 1340 urteen artean gobernatu zuena. Eguzkiaren jainkoa den Atonen gurtza, ezagutzen den monoteismoaren adibiderik antzinakoentzat aipatzen da maiz. Faraoi gisa, Akenatonek bere jaioterria utzi, eta, basamortuan, zentro erlijioso eta politiko berria eraiki zuen (Aketaton «atoizko horizontea»), Aton jainkoaren jarraibideen aginduak argudiatuz, zeinak Gorena izendatu zuen beste jainkoen aurrean. Bere erregealdiko bederatzigarren urtean, Akenatonek adierazi zuen Aton ez zela jainko gorena, bakarra baizik.
« | Zer anitz dira zure lanak; gizonaren aurrean daude ezkutaturik, O Jainko bakarra, zeinaren ondoan ez dagoen besterik[18]. | » |
Atoni ereserkiaren testuaren zatia |
Akenatonek jainko bakarra Aton zela aldarrikatu arren, beste jainkoen gurtza ez zen inoiz amaitu Egipton, eta hura desagertu bezain laster, laster berreskuratu zuten lehentasuna antzinako kultu politeistek.
Teologia
aldatuGizarte batzuetan, erlijioso fededunek maiz onartzen dute portaera-moralaren sistema inspiratua dela erlijio nagusiaren errebelazioan, zeina liburu batean jaso baitaiteke: kristautasunarentzat Biblia da, judaismoarentzat Tanakha eta islamarentzat Korana.
Judaismoa
aldatuJuduen erlijioan, Jainkoak jainkozko errukiaren 13 atributu adierazi zituen; errebelazio erlatiboez gainera, Jainkoak nahi du jainkozaleak Harengana otoitzean eta eguneroko bizitzako ia pasarte guztietan hurbiltzea; beraz, egunero, giza jakituriaren lorpenik handiena Jainkoaren ezagutzarekin bat dator.
Kristautasuna
aldatuKristauek uste dute Jainkoa giza historian esku hartzen eta parte hartzen duen izakia dela, argitara ematen dena. Gainera, kristau-aitormen gehienek antzinatik uste dute Jainkoa hiru Pertsonaz osatuta dagoela egoera bakar batean, eta hori biltzen da Jainkoa Bat eta Hirukoa izango litzatekeela formulan.
Patristikaren idazkietan nabarmentzen da, jainko paganoen (zeinak bizioz eta kontraesanez beterik dauden) eta pentsalari pagano onenek (adibidez, Platon eta platonikoak, Agustin Hiponakoak Jainkoaren hiria obran aipatzen dituenak) zein kristauek ezagutzen duten Jainkoaren artean.
Erdi Arotik gaur egun arte, tradizio katolikoak Jainkoa azterketa teologikorako objektu bihurtzen du, eta, aldi berean, ulermen arrazional osorako eskuraezintzat jotzen du (Antselmo Canterburykoak azaltzen duen gisa, adibidez). Tomas Akinokoaren garaitik (1225-1274), Eliza katolikoak onartzen du Jainkoaren existentzia metafisikaren eremuan froga daitekeela. Tomas Akinokoak Suma teologikoa (1266) lanean dio Jainkoaren existentzia bost bide edo bidetatik uler daitekeela (bideak «iristeko modu» gisa ulertzen dira, ez proba zehatz gisa):
- Lehen motorraren bidea
- Kausa eraginkorraren bidea
- Beharrezko izatearen bidea
- Perfekzio graduen bidea
- Izaki adimendunaren eta munduaren gobernuaren bidea
Islama
aldatuIslamean, Koranak ez du sakonki eztabaidatzen Jainkoaren existentzia frogatzeko gaia, hura giza sen garbi eta osasuntsuak baieztatzen baitu (baita «politeismoaren ezpurutasunak» kutsatu gabeko gogoak ere). Are gehiago, Jainkoaren batasunaren baieztapena naturala eta instintiboa da[19][20].
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c (Gaztelaniaz) Richard Swinburne. 2024-05-28 (Noiz kontsultatua: 2024-07-26).
- ↑ a b c Paul Edwards (philosopher) (1995): «God and the philosophers», en Honderich, Ted (ed.): The Oxford Companion to Philosophy. Oxford (Reino Unido): Oxford University Press, 1995
- ↑ a b Platinga, Alvin. "God, Arguments for the Existence of," Routledge Encyclopedia of Philosophy, Routledge, 2000.
- ↑ Haught, James A. 2,000 Years of Disbelief: Famous People with the Courage to Doubt. Amherst: Prometheus Books, 1996. ISBN 1-57392-067-3
- ↑ Ikus: Hasiera, (1. atala), Erromatarrei Gutuna (2. atala); Nizeako kredoa.
- ↑ Euskaltzaindia, «Jainko» Euskara! Euskal Hiztegi Etimologikoa
- ↑ (Ingelesez) «Religión guanche - El Día - Hemeroteca 23-08-2009» eldia.es (Noiz kontsultatua: 2024-07-27).
- ↑ Allah, ingelesezko artikulua Encyclopædia Britannicaren webgunean. 2007. Encyclopædia Britannica
- ↑ Allah, ingelesezko artikulua Encyclopedia of the Modern Middle East and North African.
- ↑ Columbia Encyclopedia, Allah
- ↑ Japonieraz, amaterasu (天てらす大神様) «zeruan argitsua» esan nahi du, ama zerua delarik; tera (teru-ren flexio bat), distira egin, eta su errespetua adierazten duen aditz laguntzailea da. O-Mikami-k jainko agurgarri handia esan nahi du: ō handia izanik, mi izaki noble eta agurgarrientzako aurrizkia eta kami jainkotasuna adierazten duen izen generikoa. Iturria: Akira Matsumura (1995): Daijirin (japonieraz). Sanseido Liburuak, 2. edizioa, 1995.
- ↑ Edesio Sánchez Cetina, "¿JEHOVÁ, YAHVÉ, SEÑOR...? ¿Qué hay en el Nombre y cómo traducirlo?" en Traducción de la Biblia, Vol. 12 Núm. 2 2002
- ↑ Robert Alter, The Hebrew Bible: A Translation with Commentary (W. W. Norton & Company 2018), vol. 3, Exodus, capítulo 3, nota 14
- ↑ Sharma, Chandradhar (1962). «Chronological Summary of History of Indian Philosophy». Indian Philosophy: A Critical Survey. New York: Barnes & Noble. p. vi.
- ↑ «Rig Veda: Rig-Veda, Book 10: HYMN CXC. Creation.» sacred-texts.com (Noiz kontsultatua: 2024-07-27).
- ↑ Pearlman, Myer (1992): Teología bíblica y sistemática (págs. 41-49). Editorial Vida, 1992. ISBN 0-8297-1372-7
- ↑ Strong, Augustus Hopkins (1907): Systematic theology: a compendium (pág. 252). Old Tappan (Nueva Jersey): Fleming H. Revell Co., 1907.
- ↑ Lichtheim, Miriam (2006). Literatura Egipcia Antigua: Volumen II: El Nuevo Reino (2nd Ref. edición). University of California Press. p. 99. ISBN 978-0520248434
- ↑ Koran 30:30
- ↑ Al Ashqar, Omar Sulaiman (2003). La creencia en Allah, p.95. Riyadh: IIPH. ISBN 9960-850-02-1
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu
Aipuaren errorea: <ref>
tags exist for a group named "Oh", but no corresponding <references group="Oh"/>
tag was found