Inés Joyes y Blake (Madril, 1731ko abenduaren 27a - Velez-Málaga, 1808) Ilustrazioaren itzultzaile eta idazlea izan zen. Letren esparruan egin zen ezagun Samuel Johnsonen Rasselas, Príncipe de Abisinia eleberriaren itzulpenarekin 1798an. Lan honen edizioak bere testu propioa dakar, Emakumeen apologia izenekoa, Espainiako lehen saiakera feministetako bat izango litzatekeena.[1]

Inés Joyes y Blake
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakInés Joyes y Blake
JaiotzaMadril1731ko abenduaren 27a
Herrialdea Espainia
HeriotzaVélez-Málaga, 1808 (76/77 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakitzultzailea eta idazlea

Biografia aldatu

1731ean, Madrilen jaio zen familia katoliko burges batean, ama frantsesa eta aita irlandarra zituen, Patricio Joyes eta Ines Joyesen sei semeetatik hirugarrena izanik. Garai hartan Espainian bizi ziren irlandar familia asko bezala, berea negozio-burgesiaren mundukoa izan zen, hiri handien inguruan eta bereziki hiriburuan dirutza eginez. Bere aita 1745ean hil ondoren, Ines eta bere anaiak amaren tutoretzapean geratu ziren, emakume kultua eta negozioen munduan moldatzeko prestatua. Iturri historikoek haien hezkuntza eta irakurketak ezagutzen uzten ez duten arren, haren prestakuntza autodidakta zela pentsa daiteke[2]. Haien gizarte-maila, bere garaikide gehienena baino prestakuntza intelektual sakonagoa ematea ahalbidetu zion Inesi. Hainbat hizkuntzatan hitz egiten zuen, ingelesa, frantsesa eta gaztelania, besteak beste, eta ilustratuek garai hartan antolatzen zituzten solasaldi eta bilera kulturaletan parte hartu zuen.[3]

1752an, Agustin Blake merkatariarekin ezkondu zen, amaren bidez bere ahaidea zena. Horren ondorioz, Madril utzi eta Malagara bizitzera joan zen. Ezkontza itundua izan zen, oreka soziala eta komenentzia ekonomikoa kontuan hartuta. Senar-emazteek bederatzi seme-alaba izan zituzten, bost gizon eta lau emakume hogei urtean zehar. Harreman zabalak izan zituzten familiekin eta tokiko gizartean eragina zuten pertsonekin. Hala ere, Joyes Blakeri ez zaio jarduera publikorik ezagutzen, familiako erantzukizunak edo negozioetan zeharka duen inplikazioa alde batera utzita.[4] Familia lehenengo Malagan bizitzera joan zen, eta 1767. eta 1771. urteen bitartean Velez-Malagan, non senarrak negozioak baitzituen. Geroago, 1782an, bere senarra hil ondoren, Ines berak hartu zuen negozioen ardura eta Malagan bizi izan zen hil zen arte 1808an.[5]

Ines Joyesek ez zuen galdu irlandar kulturarekin eta bere hizkuntzarekin zuen lotura. Horri esker, 1798an Samuel Johnsonen Rasselas, Abisiniako Printzea eleberri filosofikoaren ingelesezko itzulpena egin zuen. Bertan, gainera, Inesek gutun itxurako testu propio bat sartu zuen, Emakumeen Apologia. [6] Izan ere, testu hau da bere obretan konstantzia dugun bakarra. Gutuna hizkuntza sinple batean idatzita dago, garai hartan estilatzen ziren saiakerako formula korapilatsuetatik urruntzen dena. Bertan, Ilustrazioan emakumeak duen egoera azaleratzen du, besteak beste, hezkuntza, emakumeek jasaten duten ezjakintasun izugarria, eta gizonek ez bezalako hezkuntza ematen die etxeko lanetan. Era berean, azpimarratzen du gizonen eta emakumeen ezkontza-egoera ezberdina dela, eta haien arteko ezberdintasuna ezkondutakoan.

Une hartan 67 urte zituen eta Ilustrazioaren garaiko emakumeari buruzko ideiarik aurreratuenak irudikatzen zituen, Espainian eta Europan mendebaldeko gizartean zeuden genero-desberdintasunak agerian uzten hasi ziren emakume-talde horretako kide izanik. Hala ere, Inesen bizitza diskretua izan zen, bere garaiko hainbat emakumerena bezala. Bere itzulpena eta obra oharkabean pasatu ziren eta duela gutxi berreskuratu dira, bere testuaren analisiak bere garaiko pentsamendu feministan izan zezakeen garrantzia ikustea ahalbidetu duenean. [7]

Lanak eta pentsamendua aldatu

Emakumeen Apologia bere alabei eskaini zien saiakera bat da, eta modu epistolarrean idatzi zuen Rasselas, Abisiniako Printzearen itzulpenaren gehigarri gisa. Bertan, emakumeak bere garaian zuen egoerari heltzen dio, jasotzen zuten heziketa eskasa, desberdintasuna eta gizartean ikusten zuen sexu-moral bikoitza salatuz.

Obraren azalak ez du informazio gehigarririk ematen, eta Gaztelako Kontseiluaren aurrean inprimatzeko lizentzia lortzeko nahitaezko espedientea ez dago gordeta. Izan ere, kasu askotan, egileei eta itzultzaileei buruzko datu biografikoak eta soziologikoak ematea ahalbidetzen du. Hala ere, argitalpen horren ondoren, Inés Joyesen izena isiltasunean murgiltzen da. [8]

Testua lehen pertsonan idatzita dago, 30 orri ditu, eta horrek bere argudioak bermatzeko balio du, haren esperientzia propiagatik balioazten baititu. Bertan, garaiko literaturaren idealizaziotik urrun dagoen familiaren irudia eskaintzen du. Familia gizartearen oinarrizko gizarte eta hezkuntza-erakundea da, baina emakumeak ez du garapen-itxaropen handirik, eta haren nortasuna eta gizarte-begirunea ezkontzari lotuta daude.

“No puedo sufrir con paciencia el ridículo papel que generalmente hacemos las mujeres en el mundo, unas veces idolatradas como deidades y otras despreciadas aun de hombres que tienen fama de sabios. Somos queridas, aborrecidas, alabadas, vituperadas, celebradas, respetadas, despreciadas y censuradas” (177 or.). [9]

Saiakera honen bidez egindako ekarpen feministan, emakumeek XVIII. mendeko Espainiako eremu publikoarekin duten harremana erakusten digu. Era berean, emakumeentzat arrazoimena erabiltzea defendatzen du, haien gaitasun intelektuala eta balioa ezagutarazteko ahaleginean, gizonezkoen iritziaren aurrean haien konfiantza eusten saiatuz. [10]Emakumeen jarduteko gaitasuna mugatzen zuten desberdintasun sozialak eta interesak irmo salatzen ditu, familia-bizitzara mugatuz. Hortaz aparte, bereziki emakumearen heziketaz kezkatzen da eta gizartean duen eginkizunaz.

Hezkuntzari dagokionez, Madame de Lambertek [1647-1733] egindako azterketa berreskuratuko du berriro. Lambertek esango du emakumeak ezjakintasunean mantentzeak gizonak menderatzeko asmo argia ezkutatzen duela, eta familia eta ezkontza ez direla emakumeak gauzatzeko bide bakarrak baieztatuko du. Zentzu horretan, emakumeak poztasun emozionala irakurketan edo ikasketan ere aurkitzera bultzatzen ditu.

Joyesek nabarmentzen duen kritika bat gizonentzat eta emakumeentzat familia-gaietan, bizi-aukeretan eta abarretan oso eskakizun desberdinak proposatzen dituen ezaugarri moral bikoitzari buruzkoa da. Ekarpen hau garrantzitsua izango litzateke, garai hartako beste intelektual batzuek ikertu ez duten arloa baita. Jasaten ari diren diskriminazio-egoera azaltzen du, ohiturak aldatzearen eta sexuen arteko harremanak berdintasunez baloratzearen alde egiten duena. Testu honetan, emakumeak haren zoriontasuna finkatzeko autonomia intelektual, moral eta sentimentala har dezatela gonbidatzen du. Hortik sortzen da haren nortasuna: argia, arriskutsua eta batere konformatzailea. Ez du arrazionalismo eta sentiberatasun ilustratuak ezarritako emakume-ereduekin jarraituko. [11]

"Yo quisiera desde lo alto de algún monte donde fuera posible que me oyesen todas darles un consejo. Oid, mujeres, les diría: no os apoquéis; vuestras almas son iguales a las del sexo que os quiere tiranizar. [...] Respetaos vosotras mismas y os respetarán; amaos unas a otras; conoced que vuestro verdadero mérito no consiste sólo en una cara bonita [...]. Manifestadles que sois amantes de vuestro sexo, que podéis pasar las horas unas con otras en varias ocupaciones y conversaciones sin echarlos de menos...” (204 or.)[9]

Kontuan hartu behar da, Apologia emakumeei buruzko eztabaida-tradizio luze batean kokatzen dela. 1726an, Aita Feijook [1676-1764] emakumeen defentsa argitaratu zuen, polemika handia sortu zuena eta emakumeen natura, moral eta hezkuntzari buruzko testu andana sustatu zuena. 1790eko hamarkadan, diskurtso kritikoa eta emakumeen eskariak erradikalizatu egin ziren Europa osoan. Hala ere, urte horietan argitaratutako beste idazki batzuetan bezala (El discurso sobre la educación física y moral de las mujeres Josefa Amar y Borbon idatzia), Joyesen ekarpena emakumeek eremu pribatuan eta gizarte-espazioetan dituzten desberdintasunei buruzkoa da batez ere: familia, hezkuntza, maitasun eta soziabilitate-harremanak, iritzia edo idazketa. Ideia ilustratuen jakitun, baliteke Inés Joyesek Mary Wollstonecraft garaikidea eta Emakumearen Eskubideen Aldarrikapena irakurtzea, eta horregatik ikus daitezke bere obraren zenbait ezaugarri Emakumeen Apologian. [12]

Apologiak bere garaikideengan izan zuen oihartzuna oso txikia izan zen, gutxienez letra inprimatuan. Prentsan Gaceta eta Diario de Madrid egunkarietan bi iragarki argitaratu zirela iragarri bazen ere, ez zen 2009ra arte berrargitaratu. Izan ere, 1813, 1831 eta 1860an Rasselas lanaren ondorengo itzultzaileek ez zuten aipatu.

Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) silviapato. (2014-07-13). «La apología de Inés Joyes y Blake» Culturamas (Noiz kontsultatua: 2022-02-11).
  2. (Gaztelaniaz) fgm847. «Inés Joyes, escritora (1731-1806)» Identidad e Imagen de Andalucía en la Edad Moderna (Noiz kontsultatua: 2022-02-14).
  3. (Gaztelaniaz) joyespruebaticumu. (2016-12-05). «La sencilla vida femenina de la rebelde Inés» Inés Joyes y Blake (Noiz kontsultatua: 2022-02-11).
  4. (Gaztelaniaz) Bolufer Peruga, Mónica. (2006). ¿Escribir la experiencia? Familia, identidad y reflexión intelectual en Inés Joyes (s. XVIII). (Noiz kontsultatua: 2022-02-11).
  5. «Inés Joyes - De Toda La Villa» web.archive.org 2016-12-20 (Noiz kontsultatua: 2022-02-11).
  6. (Gaztelaniaz) Historia de Rasselas, príncipe de Abisinia traducida por Inés Joyes y Blake (2009) | Grupo de Estudios del Siglo XVIII. (Noiz kontsultatua: 2022-02-11).
  7. (Gaztelaniaz) Cádiz, Diario de. (2011-05-02). «Hablando desde las sombras» Diario de Cádiz (Noiz kontsultatua: 2022-02-11).
  8. Txantiloi:Gazteleraz Mónica, Bolufer Peruga. (2003). TRADUCCIÓN Y CREACIÓN EN LA ACTIVIDAD INTELECTUAL DE LAS ILUSTRADAS ESPAÑOLAS: EL EJEMPLO DE INÉS JOYES Y BLAKE.. , 137-155 or..
  9. a b «Adaleida de la Calle» historiamujeres.es (Noiz kontsultatua: 2022-02-14).
  10. «JOYES Y BLAKE INES | artehistoria.com» www.artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2022-02-11).
  11. (Gaztelaniaz) Garrosa, María Jesús García. (2009). «La vida y la escritura en el siglo XVIII. Inés Joyes: Apología de las mujeres de Mónica Bolufer Peruga» Castilla. Estudios de Literatura: 238–242. ISSN 1989-7383. (Noiz kontsultatua: 2022-02-11).
  12. (Gaztelaniaz) Bolufer Peruga, Mónica. (2004). «Inés Joyes y Blake: una ilustrada, entre privado y público» Bolufer Peruga, Mónica, “Inés Joyes y Blake: una ilustrada, entre privado y público”, Rosa Capel (coord.), Mujeres para la Historia. Figuras destacadas del primer feminismo. Madrid, Abada Editores, 2004, pp. 27-55, ISBN: 84-9658-32-7. (Noiz kontsultatua: 2022-02-11).

Kanpo estekak aldatu