Iberiar matxo (gaztelaniaz: macho ibérico) espainiar maskulinitatearen estereotipo bat da, frankismo berantiarrean eta trantsizioan Alfredo Landaren filmetatik eta Destape zinematik sortua. Garai hartako erdi mailako espainiar gizona irudikatzen du: garaiera txikikoa, beltzarana, iletsua eta emakumeekin obsesionatua.

Sorrera eta bilakaera aldatu

Francoren politika immobilistak inposatutako aurreiritzi eta tradizio nazional-katolikoak gorabehera, 1960ko hamarkadako Espainiako gizartea kanpotik modernitate-mugimendu berrien etorrera sumatzen hasi zen, garapen eta europar turismoaren aldaketa ekonomikoek bultzatuta.

Orduko Espainiako zinemak ondo islatzen du testuinguru hori bere filmetan, eta horien artean "komedia sexy" izenez ezagutzen den generokoak nabarmentzen dira. Eduki erotikoko filmak dira, zentsuraren oniritzia errazteko umore kutsua dutenak; eta horietan protagonista nagusia gizon bat da, iberiar matxoa, zeinak frankismoaren azken garaiko balioak pertsonifikatzen dituen atzerritik datozen irekitasunaren aldeko idealen aurrean. Estereotipo hau hobekien interpretatu zuen aktorea Alfredo Landa izan zen, bere azpigenero filmografiko propioari izena eman ziona, landismoa. Andres Pajaresek, Fernando Estesok eta Antonio Ozoresk, besteak beste, rol hori jokatu zuten Trantsizio garaiko destape zineman.

Komedia hauetan, iberiar matxoa klase ertain edo ertain-baxuko espainiarra zen, kanpotik zetozen balioez lotsakorra eta suediarrekin obsesionatua, hau da, edozein atzerritar emakume gazterekin. Suediarrak garai hartako espainiarrek amesten zuten oparotasun ekonomikoaren eta askatasun politiko eta sexualaren ikurra ziren. Film hauen argumentuak turismoa, landa exodoa, emigrazioa, etxeko zerbitzua edo tradizio zaharrak bezalako topikoak parodiatzen zituen.

Demokrazia sendotu ondoren, Espainia hainbat hamarkadatan europeizatuta bizi da maila politikoan, ekonomikoan eta sozialean. Hala ere, iberiar matxoaren kontzeptuak bere horretan dirau Espainiako imajinario kolektiboan. Horren frogarik nabarmenena Santiago Segura zinemagileak zuzendu eta protagonizatutako Torrenteren film saila da. Horietan, estereotipo maskulino horren gehiegizko bertsioa berreskuratu zuen.

Bibliografia aldatu