Haydar Pasha meskita (grezieraz: Χαϊντάρ-πασά τζαμί, Chaintár-pasa Tzamí, turkieraz: Haydarpaşa Camii), aurrez Santa Katalina eliza (grezieraz: Ναός Αγίας Αικατερίνης, Naós Agías Aikaterínis), Nikosia hiriburuan kokaturiko eraikin historikoa da, Selimiye meskitaren ondoren eraikin garrantzitsuena[1]. Harry Charles Luke ofizial britainiarraren arabera uharteko eraikin gotiko ederrenetakoa zen[2]. Hiriaren iparraldean kokaturik dagoenez Ipar Zipreko Turkiar Errepublikari dagokio.

Haydar Pasha meskita
Kokapena
Estatu burujabe Zipre
Zipreren banaketa administratiboaNikosiako barrutia
HiriaNikosia
Koordenatuak35°10′39″N 33°21′58″E / 35.177485°N 33.366133°E / 35.177485; 33.366133
Map
Historia eta erabilera
IrekieraXIV. mendea
Izenaren jatorriaKatalina Alexandriakoa
IzenaKatalina Alexandriakoa
Arkitektura
Estiloaarkitektura gotikoa

Historia aldatu

XIV. mendean eraiki zuten Lusignandarren garaian[2] eta Santa Katalina eliza izena eman zioten[3].

1570. urtean otomandarrek Nikosia konkistatu zutenean meskita bihurtu zuten. Aristokrazia turkiarraren auzoan kokaturik zegoenez[4] historikoki "Ağalar Camisi" izena eman zaio, euskaraz "Jauntxoen meskita" esan nahi du[2].

Arkitektura aldatu

Kanpoaldea aldatu

Eraikinaren eskuinaldean Katalina Alexandriakoaren hilobia zegoela esaten da. XIX. mendean ikusgai zegoen oraindik eta greziar zipretarrek oliozko lanparak utzi ohi dituzte bertan. Aurreko ataria estilo gotiko bikainekoa da, arkupeko erlaitza mitxoleta buru batekin amaitzen da. Eskuinaldean minarete bat dago, Selimiye meskitaren minaretearen ondoren altuena[5]. Elizaren alboetan beste ate eder bana daude, mendebaldekoak marmolezko dintel bat du arrosa bat eta alboetan dragoiak dituena, eta hiru aldiz errepikatua, eta hegoaldekoa sendoagoa da[3]. Kontrahorma handiak ditu eraikinak eta hauen artean kokaturik hiru lehio gotiko daude. Lehio estu eta luzeak dira eta hauetatik bik zutabetxo bat badute. Kontrahormen gainean gargolak daude[6].

Meskitaren ezkerraldean antzerako kontrahorma batzuk daude eta dorre karratu bat ere bai.

Barnealdea aldatu

 
Meskitaren oinplanoa.

Barnealdea zuritu egin zuten eta oso kalteturik gelditu zen[5]. XX. mendearen hasieran gerruza zuria kendu zen eta margoen aztarnak agertu ziren[1].

Habearte bakarra du altuera handikoa[6]. Bi arku gotikok eusten dute ganga. Absidea eusteko zutabe batetaik ateratzen diren sei sahiets daude. Absidearen iparraldean sakristia dago[5].

Eraikinaren eskuinaldean mihraba eta minbarra daude[5].

Ingurua aldatu

Meskitaren alboan erdi hondarretan dagoen eraikin bat dago. Arku gotiko gutxi batzuk mantentzen dira. Apainduriko atari bat ere badu. Horatio Herbert Kitchener britainiar ofizialaren etxea izan zen[2].

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. a b Rupert Gunnis. (1936). Historic Cyprus - A Guide to its Towns and Villages, Monasteries and Castles. Halkin Sesh Ltd, Nicosia, 58-60 or..
  2. a b c d (Ingelesez) «Haydarpasha Mosque» Visit North Cyprus (Noiz kontsultatua: 2020-12-27).
  3. a b «Haydarpasha Mosque (St Catherine's Church), Nicosia (Lefkoşa), Cyprus - cypnet.co.uk» www.cypnet.co.uk (Noiz kontsultatua: 2020-12-27).
  4. Keshishian, Kevork K.. Nicosia: Capital of Cyprus Then and Now. Nicosia: The Moufflon Book and Art Centre, 186 or..
  5. a b c d Archduke Louis Salvator. (1881). Levkosia, the capital of Cyprus. .
  6. a b (Ingelesez) Haydar Pasha Mosque (Church of St Catherine) – North Cyprus. (Noiz kontsultatua: 2020-12-27).

Kanpo estekak aldatu