Hamburger Hillgo gudua

Hamburger Hillgo gudua (ingelesez: Battle of Hamburger Hill) Vietnamgo Gerrako gudu bat izan zen, 1969ko maiatzaren 10aetik 20ra gertatua. Borrokalariak, alde batetik, Ameriketako Estatu Batuetako Armada eta Hego Vietnamgo Armada ziren; bestetik, Ipar Vietnamgo Armada. AEBen eta Hego Vietnamen garaipen pirrikoa izan zen emaitza.[1]

Hamburger Hillgo gudua
Vietnamgo Gerra
Data1969ko maiatzaren 10a-20
LekuaThua Thien probintzia, Hego Vietnam
Koordenatuak16°15′11″N 107°10′29″E / 16.2531°N 107.1747°E / 16.2531; 107.1747
EmaitzaHegovietnamdar garaipen taktikoa
Gudulariak
 Hego Vietnam
 AEB
 Ipar Vietnam
Buruzagiak
Ameriketako Estatu Batuak Weldon Honeycutt Ipar Vietnam Ma Vĩnh Lan
Indarra
1.800 ~800
Galerak
72 hildako
372 zauritu
630 hildako
3 preso

Borrokalekuari Hamburger Hill goitizena (hitzez hitz, «hanburgesaren muinoa») han borrokatzen ari ziren estatubatuar soldaduek eman zioten, sarraskia pairatzen ari zirela adierazteko.

Gudua aldatu

1969ko maiatzaren 11n, 101. dibisio aerogarraiatuko 3. batailoiak tropa etsaien presentziaren berri eman zuen, garai hartan 937 muinoa izen soilaz ezaguna zen toki batean, A Sầu haranean, Laosko mugatik kilometro gutxira, eta goi agintaritzak posizio hori edozein preziotan hartzea agindu zuen.

Maiatzaren 12an, 13an eta 14an egin zuten erasoa; hiru eraso izan ziren jarraian, eta AEBetako tropek galera handiak izan zituzten. Aireko laguntza eskatu zuten, eta Ameriketako Estatu Batuetako Aireko Armadak bonbardaketa gogor bat egin zuen napalmekin eta botere handiko lehergailuekin. Hala ere, iparvietnamdarrak ongi babestuta zeuden tontorretik pixka bat beherago zulatutako babeslekuetan, eta, beraz, erasoaldiari aurre egin zioten. Iparramerikarren beste bi batailoi eta hegovietnamdar tropak heldu zirenean, berriz saiatu ziren hartzen, baina berriz ere iparvietnamdarrek eutsi zioten enbidoari.

Maiatzaren 19rako hamar eraso egin ziren. Iparvietnamdar defentsa ahultzen hasia zen, eta posizioa galduta zegoen haientzat, baina Estatu Batuetako helikoptero artilleriadun batek koordenatuak gaizki hartuta ia erabat suntsitu zuen zuhaitzen eta sastrakaren artean igotzen ari zen estatubatuar zutabea. Hartualdia ez zen gertatu.

Hamaikagarren erasoa, maiatzaren 20an, muinoaren konkistarekin amaitu zen. Handik bi egunera, ordea, posizioa uzteko agindu zuten, eta estatubatuarrek aurkitu ahal izan zituzten kideen gorpuak eraman zituzten.

Posizioa defendatzen zuten iparvietnamdar tropen borrokaren eta erresistentziaren gogortasunaz gain, eragozpen izan ziren euria, intsektuak eta tenperatura altuak ere. Hala ere, horrek ez zuen estatubatuar eta hegovietnamdar tropen buru zen estatubatuar ofiziala, Weldon Honeycutt teniente koronela, posizioa hartzeko agindua zalantzan jartzera bultzatu. Gudua amaitu zenean, haren gizonek 10.000 dolar eskaini zituzten Honeycutten buruagatik.[2]

Estatubatuar soldadu hilak 72 izan ziren (hala ere, ezin izan zituzten 60 hilotz berreskuratu), eta 372 zauritu. Eroritako kopuru handi horrek eragin zuen han borrokatzen ari ziren estatubatuar soldaduek muinoari «hanburgesaren muino» (ingelesez: Hamburger Hill) izena jartzea: hildako eta zauritutako kideen gorpuak haragi xehatutzat identifikatzen zituen txiste makabroa, eta Koreako Gerran antzeko ezaugarriak zituen Pork Chop Hillgo guduari erreferentzia eginez.

Ondorioak aldatu

Gudu hau ezaguna izan zenean, Edward Kennedy senatariak, gerraren aurkako Senatuko kideen ordezkaritzat, protesta egin zuen, hau esanez: «Mutilak hiltegira bidaltzen jarraitzen da, gerraren garapenerako garrantzirik ez duten posizioak harrapatzeko».

Pentagonoak, erantzun gisa, ziurtatu zuen 937. muinoak garrantzi estrategiko handia zuela Hanoiren tropek Laos zeharkatuz infiltratzeko erabiltzen zuten ibilbidea kontrolatzeko; eta inteligentzia zerbitzuen informazioen arabera, iparvietnamdarrek, laster, Hue hiriaren aurkako eraso bat egiteko erabiliko zutela. Hala ere, muinoa hartu eta bi egunera, estatubatuar tropei handik alde egiteko agindu zitzaien.[3]

Hamburger Hillgo borroka, Tet erasoaldiaren hondamendiaren ondoren landutako estrategiaren barruan sartzen zen. Estrategia berri horren arabera, erasoen kopurua ugaldu egin zen, tamaina txikiagoko unitateekin aurrera eramanez. Horrela, soldadu kopurua murriztean, AEBen erasoaldia murriztu egin zela ematen zuen (egiaz eraso kopurua hirukoiztu zen arren). Bestalde, eroritakoen kopuru handiak iparvietnamdar erasoen gorakadaren ondorio zirela ematen zuen.

Gudu honen ondoren, estatubatuar tropek ez zuten bilaketa eta suntsipen eraso masiborik egin, lan hori hegovietnamdarrei utzita.

1987an John Irvin zinemagileak gertaera zinemara eraman zuen.

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) Long, Ngo Vinh. (1993). The Vietnam War: Vietnamese and American Perspectives. M.E. Sharpe, 204 or. ISBN 9780765638632..
  2. Asko. (1993). Nam. Crónica de la Guerra de Vietnam 1965-1975. II Bartzelona: Planeta-De Agostini, 559 or. ISBN 84-395-0766-6..
  3. (Ingelesez) Lipsman, Samuel; Doyle, Edward. (1984). Fighting for Time (The Vietnam Experience). Boston Publishing Company ISBN 9780939526079..

Kanpo estekak aldatu