Gurutze Santuaren santutxoa (Legorreta)

eraikitako euskal ondare nabaria Legorretan

San Kruz edo Gurutze Santuaren santutxoa Legorretan (Gipuzkoa) dagoen santutxoa da.

Gurutze Santuaren santutxoa.
Gurutze Santuaren santutxoa.
43°5′8.52″N 2°9′3.24″W / 43.0857000°N 2.1509000°W / 43.0857000; -2.1509000

2004ko maiatzaren 28an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Ezaugarriak aldatu

Santutxoa bolumen soil batek osatzen du: kubo erregular bat, lau isurkiko estalkiak estalia, eta oina karratua. Atalase bat da, hiru arku erdizirkular ditu irekita, eta barreneko horman ez du hutsarte bat ere; horma hori da gurutzearen hondoa, eta, era berean, mazelari eusteko horma. Bazterrak lantzer erakoak dira, eta arkuen alde banatara, harroinak dauzka, harrizko erlaitzez amaituak, erlaitza bozel erako moldura jarraitu batez eratutako taulamenduaren gainean duela.

Barrualdea, gurtzeko gurutzea kokatuta dagoen lekuan, gurutze-ganga batez dago estalia; tertzeleteak ditu gurutze-ganga horrek, eta nerbioak elkartzen diren tokietan giltzarri bana, bost guztira.

Santutxora sartzeko bidea aurrealdeko hormako erdi-puntuko arkuan zehar doa, eta arku horren aurrean lorategitxo bat dago, zuhamuxkak dituena, karel apal batez inguratuta. Arku guztiak burdinsarez itxita daude.

Santutxoa mazelak maldan gora hasten den lekuan dago, aurrealdeko lorategitxoa malda hasten den lekuan bertan duela eta ondoko hormak mazelari eusten diola. Oinarria, lorategitik hasita, kota baten dago, baina egitura maldari egokitzen zaio. Agerian gelditzen da, baina oraindik ere ez da ikusten bidetik, bizitegi-eraikinez inguratuta dago-eta. Hala ere, gurutzea bai, ikus daiteke bidetik, orientazioa dela-eta.

Formaren analisia aldatu

Obra txiki hau proiektu bakar gisa pentsatua izan zela dirudi, eta proiektu bakar gisa gauzatzeko pentsatua izan zela; proiektugile ikasi baten eragina, edota are eskua ere, antzeman dakioke, gipuzkoar egile-arkitekturaren garai bikainetako baten eskua, alegia.

Ideia orokorra xumea da, eta "kartesiarra"; forma soilen bidez garatua dago. Kuboa ia akatsgabea da, eta arku handi, tinko eta erdizirkularrak, sustapen-asmo xume baten eta garaiko kultur ideien emaitza dira.

Eraikuntza bera ere gure herrialde honetako egikera kontraesankor horren arabera dago egina: estalkian erabilitako formak beranduko gotikoari dagozkio, baina barrokoaren azken aldiko eta are neoklasikoaren garaiko formekin daude nahastuta; egikera hori garai horretako lanik garrantzitsuenetan ere erabiltzen da, hala nola Donostiako Andre Marian eta beste batzuetan.

Labur esateko, harribitxi txiki eta zaindu bat dugu esku artean, lan arretatsu baten emaitza, egikera herrikoia eta ikasia nahastuz burututakoa.

Eraikuntzaren analisia aldatu

Aurrealdeko eta alboetako hormak harlanduz daude eginda, nahiko ongi landutako harriz. Atzealdeko horma harlangaitzez dago egina, gainetik igeltsua du emanda eta kanpoaldetik zuritua dago. Barrualdea igeltsua emanda dago eta oztin kolorez margotua, are gangako arkuen arteko hutsarteetako betelanak ere.

Barrualdea gurutze-ganga batez dago estalia, dagoeneko deskribatu dugu, eta estalkiaren triangelu-eiteko isurkiei teila makurrez eman zaie amaiera.

Beste osagai batzuk aldatu

Santutxo honek, barrualdean, harri landuzko gurutze bat dauka idulki mailakatu baten gainean, besoak lore handi batzuetan amaitzen zaizkiola, eta erruz apaindua dago Jaunaren nekaldiaren sinboloen erliebez.

Gorabeherak eta zainketa aldatu

Oro har, ondo dago zainduta.

Kanpo estekak aldatu