Gimnastika artistiko

Gizonezkoen gimnasia artistikoa» orritik birbideratua)

Gimnastika artistikoa aparatu jakin batzuetan derrigorrezko eta hautazko probak egitean datzan kirola da. Gizonezkoek sei proba dituzte (zaldi-jauzia, zaldi arkuduna, barra finkoa, barra paraleloak, eraztunak eta lurreko ariketak); emakumezkoek lau (zaldi-jauzia, oreka-barra, barra asimetrikoak eta lurreko ariketak).[1] Hiru eratara praktika daiteke:

Emakumezkoen lau aparatuak.

1. Taldeko txapelketa: domina bat ematen dute talde bakoitzeko. Partaide bakoitzak, bere ariketak eginez puntuak lortzen ditu bere talderako.

2. Banakako txapelketa: partaide bakoitzak aparatu guztiak egiten ditu eta puntu gehien lortzen dituena izango da txapelketaren irabazlea.

3. Banakako amaiera aparatuekin: hemen jakingo da bakoitza zein aparaturekin den onena, eta bakarrik puntuazio hoberenak dituzten bi partaidek hartzen dute parte.

Nazioarteko Gimnastika Federazioa (FIG) kirol honen arauak ezartzeaz eta lehiaketak antolatzeaz arduratzen da.[2]

Historikoki, antzinaroan jaio zen, ariketa fisikoa egiteko modu bat bezala. XIX. mendetik aurrera, gimnastika artistikoa gimnastika orokorretik independizatu zen eta, ondoren, 1881ean Europako Federazioa sortu zen. Geroago, 1896ko Atenaseko Olinpiar Jokoetan kirol olinpiko bilakatu zen, gizonek bakarrik parte hartzen zutena. 1928ko Amsterdamgo Joko Olinpikoetan emakumeei parte hartzeko aukera eman zitzaien. XX. mendearen erdialdetik aurrera, diziplina hau gaur egun ezagutzen den moduan praktikatzen hasi zen.[3]

Jatorria

aldatu

Gimnastika artistikoa, gimnastika olinpikoa bezala ere ezaguna da, eta bertan atletek euren indarra, arintasuna eta malgutasuna hobetzeko ariketak egiten zituzten. Gimnastika artistikoaren jatorria zehazki, Erromatar eta Greziar historiaren lehenengo urteetan du hasiera, non ikasleek ariketa konplexuak egiten zituzten.

Lehiatzeko kirola duela 100 urte baino gehiago bihurtu zen. 1881ean Europako Gimnastika Federazioa (FEG)  sortu zen eta 1883.urtean lehen Europako Gimnastika Txapelketa antolatu zen. 1986ean gimnastika artistikoa lehen Joko Olinpiko modernoetan sartu zen Atenasen, Grezian; eta ordutik, kirol olinpiko herrikoi eta zirraragarria izan da gaur egun arte.

Gimnasia artistikoak historian zehar aldaketa asko izan ditu, gehienbat tresnak erabili behar diren ariketetan. 1952ean Helsinkin egindako lehiaketaren ondoren, gaur egun erabiltzen ditugun zenbait aparatu  ipini ziren. Baina kontuan izan behar da denboran zehar tresna horiek aldaketak jasan dituztela, eta horrela ariketak erraztu eta hobeak egin direla. Kalifikazioa ere aldatu izan da: 2004. urtean 10 puntuko kalifikazioaren ordez 16 puntukoa jarri zen.

Gimnastika artistiko modernoa XIX. mendean sortu zen Europan, bereziki Alemanian eta Suedian, non entrenamendu-metodoak eta gimnastika-teknikak garatu eta estandarizatu egin ziren.

Gimnastika artistikoa kirolezko araubide bat da. Dantza batzuk egiten dira, gorputzarekin eta hainbat aparatuekin. Kirol hau bai mutilek eta bai neskek egin dezakete. Baina egiteko, gomendagarria da txikitatik hastea eta nahita nahiez indarra eduki behar da.

Gimnastika artistikoa Joko Olinpikoetan

aldatu

Atletismoaren eta gimnastikaren alderdiak talde komunak osatzen zituzten. Gimnastikako lehiaketa batean zati atletikoa eta gimnastika artistikoko zatia zegoen. Zati atletikoak, besteak beste, 100 metroko lasterketa-probak, altuera- eta pertika-jauziak, sokatik igotzekoak eta oreka-ariketak zituen. Zati gimnastikoan ordea, aparatu guztiak egiten ziren, lurra izan ezik. Taldekako lehiaketa bazegoen non barra paraleloetan eta barra finkoan modu sinkronizatuan lehiatu zitezkeen. Zortzi gimnastako taldeak ziren gehienez, eta azken puntuazioa sei gimnasta hoberenen baturarekin lortzen zen, azkenengo bi gimnasten puntuazioa banakako puntuazioetan baino ez zuten balio. Banakako ariketen lehiaketan nahitaezko eta aukerako ariketak egin behar ziren, eta ariketa horiek egiteko gutxieneko adina 18 urtekoa zen.

1928an, emakumeak joko olinpikoetan parte hartzen hasi ziren.

Emakumeen parte-hartzea

aldatu

Urte askotan, erabat onartezina zen emakumeak gimnasia olinpikoan lehiatzeko aukera izatea, baita emakume batek besoak ez ziren zerbait erakustea ere. Baina, azkenik, zain egon ondoren, gimnastei Jokoetan parte hartzeko baimena eman zitzaien. 1928an agertu zen lehen aldiz, emakumezkoen kategoria Amsterdamgo Jokoetan, non Herbeheretako taldeak urrezko domina irabazi baitzuen. Pixkanaka, emakumezkoen taldeek gimnastika-lehiaketetan parte hartu zuten.

Helsinkitik aurrera (1952)

aldatu

Etapa honek kirol gimnasia zorrotzaren aroaren hasiera markatzen du. Proba gimnastiko klasikoak eta egungoak lantzen ziren , eta mota guztietako atletismo-probak ezabatu ziren. Joko Olinpiar hauetatik aurrera, proba atletiko mota guztiak desagertu eta lehen aldiz 6 gimnastaz osatutako taldeak agertu ziren.

Gimnastika artistikoaren kronologia

aldatu
  • 1776. urtean, Alemaniako Dessau hiriko Basedow eskolan, gimnastika modernoko lehen irakaslea Johann Friedrich Simon izan zen.
  • 1806. urtean, Espainian, gimnastika artistikoa Real Pestalozzi Institutuan landu zen lehen zentro ofiziala izan zen, Amorosek Madrilen sortu zuena.
  • 1811. urtean, Friedrich Ludwig Jahn hezitzaileak, gimnastikaren aitatzat hartzen denak, Berlinen Turnverein (gimnastika elkartea) sortu zuen.
  • 1888. urtean, gimnastika zenbait eskolatan errotuz joan zen eta Gimnastikako Elkarte Amateurra Berlinen sortu zen.
  • 1903. urtean lehen aldiz gizonezkoentzako Munduko Txapelketa egin zen.
  • 1928. urtean lehen aldiz emakumezkoen lehiaketa gehitu zen Amsterdamen.
  • 1934. urtean emakumezkoen lehen Munduko Txapelketak ospatu ziren.
  • 1975. urtean lehen aldiz Gimnastika Artistikoko Munduko Kopa antolatu zen.

Tresnak

aldatu

Gimnastika artistikoan hainbat tresna erabiltzen dira, adibidez, barra asimetrikoak, barra finkoa, oreka-barra, zaldiko-jauzia, eraztunak, lurra, barra paraleloak, tranpolina…

Tresnen erabilera emakumezkoen edo gizonezkoen kategoriaren arabera sailka daiteke, nahiz eta lurra eta zaldi jauzia bi generoek egin dezaketen.

Emakumezko zein gizonezkoen kategorian erabiltzen diren tresnak:

Emakumezkoen kategoria

aldatu

Emakumezkoen gimnastika artistikoak lau modalitate nagusi ditu, barra asimetrikoa, oreka barra, lurra eta zaldi jauzia.

 
Barra asimetrikoak

Barra asimetrikoak

aldatu

Barra asimetrikoetan, beheko barra egokitua izan daiteke 140 eta 160 cm artean, eta goiko barra 235 eta 240 cm artean. Barrak metro bateko distantziaz bananduta daude eta bien arteko gehiengo distantzia 143'5 cm-koa izan daiteke. Ariketa kategoriaren arabera aldatzen da.

Barra asimetrikoetako eliteko ariketak bi barren arteko trantsizioak izan behar ditu: itzulipurdiak, hegaldiko elementu ezberdinak, ez-hegaldiko elementu ezberdinak eta amaierako jauzia, ariketaren amaieraren seinale izango dena. Ariketek ezin dute 30 segundo baino gehiago iraun.

 
Oreka barra

Oreka barra

aldatu

Oreka barrako ariketak 70 eta 90 segundo arteko iraupena izan behar du eta aparatuaren luzera guztia okupatu behar du. Gimnastak mugimendu akrobatikoak, gimnastikoak eta dantzakoak burutu behar ditu puntuazio altua lortzeko. Oreka-barran zenbait eskakizun daude: serie akrobatiko bat gutxienez bi hegaldi-elementurekin, gutxienez 360 graduko hanka baten gaineko biraketa, zabaltasun handiko jauzi bat, gimnastika/akrobazia serie bat, gimnastika serie bat eta barratik hurbil dagoen lan elementu bat. Oreka-barra 1'2 m-ko altueran dago, 10 cm-ko zabalera du eta 5 metro neurtzen du.

Aparatuan egiten duten sarreraren arabera, tranpolina erabil dezakete. Ariketa etenik gabe egin behar da, elementu multzoaren eta erritmo desberdinen arteko lotura harmoniatsua egon behar da. Barra osoan egin behar dira. Gimnasta barratik erortzen bada, 10 segundo ditu berriro igotzeko eta ariketarekin jarraitzeko.             

 
Lurra

Lurreko ariketak musikalki egokituta egon behar du koreografia baten bidez, 70 eta 90 segundo bitarte iraun behar du eta lurzoruaren eremu osoa estali behar du. Gimnastak elementu akrobatikoak, gimnastikoak eta dantzakoak erabili behar ditu ariketan puntuazio altua lortzeko. Elementu horiek bi serie akrobatiko izan behar dituzte, bat gutxienez jauzi nagusi batekin (edo gehiagorekin), serie akrobatiko/gimnastiko bat eta gimnastika-serie bat. Gimnastak era harmonikoan nahastu behar ditu elementu horiek eta lurzoruaren espazioa modu aldakorrean erabili behar du, mugimenduaren norabidea eta maila aldatuz. Gimnastika elementuek libreki ibili behar dute ariketan; jauziek, berriz, distantzia handiak bete behar dituzte eta piruetek eta birek emozioa erantsi behar diote musikari. Lurzoruaren azalera 12 x 12 m-koa da.

 
Zaldi jauzia

Zaldi jauzia

aldatu

Zaldi jauziak ahalegin handiagoa eskatzen du. Modalitate honetako jauziak, emakumezkoen kategorian, lau motatan multzokatuta daude eta mota bakoitzak ariketetan gorputzaren jarrerak eta egiten diren mugimenduak definitzen ditu. Ariketaren hasieratik oinek lurra ukitzen duten arte, gimnastak erabat kontzentratuta egon behar du. Gimnastak egin nahi duen jauziaren arabera, indarrean dagoen puntuazio-kodearen eskakizunak bete behar ditu. Jauzi on bat lasterketa indartsu edo azkar batekin hasten da; gimnasta tranpolinetik ateratzen da eta oinak buruaren gainetik altxatzen ditu. Bigarren hegaldia eta lurreratzea fase kritikoak dira. Lortutako altuera eta distantzia begiratu behar dira, baita jauzi nagusi eta bira kopurua ere. Normalean, gimnastak egiten dituen bira eta jauzi nagusiek osatzen dute jauziaren zailtasuna. Jauzirako lasterketa egiteko erabiltzen den pista metro bat zabal eta 25 metro luze da. Astoak 120 cm-ko altuera du, 35 cm-ko zabalera eta 160 cm-ko luzera.

 
Eraztunak

Gizonezkoen kategoria

aldatu

Gizonezkoen gimnastika artistikoak sei modalitate nagusi ditu:

Eraztunak

aldatu

Bi eraztun zintzilik dituen egitura batez egina dago aparatua, lurretik 2'75 metrora. Bien arteko distantzia 50 cm-koa da eta 18 cm-ko barne-diametroa du. Indarra, balantza eta oreka lantzeko ariketak dira. Epaimahaiak baloratuko ditu aparatuaren kontrola eta koreografiako elementuen zailtasuna. Eraztunen egiturak zenbat eta dardara gutxiago egin, orduan eta hobea izango da gimnastaren exekuzioaren puntuazioa. Gimnasiako indar-aparatu nagusia da.

 
Barra finkoa

Barra finkoa

aldatu

Barra finkoa 2'40 m-ko luzera duen barra bat da eta lurrarekiko paralelo dago, metalezko egitura baten gainean 2'80 m-ko altueran. Indar- eta oreka-mugimenduetan datza proba. Gimnastak mugimendu birakariak egin behar ditu errutina akrobatiko batean, birak, solteak, erretomak eta piruetak barne. Errutina garatzeko jariakortasuna da gailu honen ezaugarri nagusietako bat. Elementu batek beste bati lotuta egon behar du, gelditu gabe eta hasierako mugimenduaren jarraipena eta norabidea mantendu behar ditu. Horretarako, mugimenduaren norabidea arrazoirik gabe eten edo aldatuz gero, puntuak gal daitezke. Kalifikatu beharreko beste behin-betiko elementu bat ariketa bakoitza hasten edo amaitzen den angelua da, erreferentzia gisa 0 gradutik 360ra bitarteko lerroak irudikatuta. Gaur egun, akrobaziaren bidez oso erakargarri bihurtu nahi da tresna hori; beraz, egiten den ariketa bakoitzak elkarrengandik desberdina izan behar du.

 
Uztaidun zaldia

Uztaidun zaldia

aldatu

Animaliarekin duen antzekotasunagatik deitzen zaio uztaidun zaldia, bizkar altu batez osatutako tresna da eta haren gainean zeharkako bi uztai daude. Neurri hauek ditu: 1'15 m-ko altuera, 1'60 m-ko luzera eta 35 cm-ko zabalera. Uztaien altuera 12 cm da eta bien arteko distantzia 40 cm eta 45 cm artekoa. Ohiko serie bat hanken mugimenduan oinarritzen da, eta gimnastak borobilean mugitu behar du eraztunak eskuekin hartuta, nahiz eta pendulu-mugimenduak ere egin behar dituen. Mugimenduak etenik gabe eta hankek aparatua ukitu gabe egin behar dira.

 
Barra paraleloak

Barra paraleloak

aldatu

Barra paraleloak 3'5 metroko bi barra dira, 1'75 m-ko altueran eta paraleloan jarriak, 42 cm eta 52 cm arteko distantziaz elkarrengandik aldenduta. Proba honetan, oreka-ariketak eta indar-ariketak egiten dira, eta gimnastak bi barrak erabili behar ditu nahitaez.

Zaldi jauzia

aldatu

Tranpolin baten bidez abiada hartuta, plataforma batetik salto egitean datza. Gimnasia artistikoan iraupen laburreneko proba da. Gimnasta bakoitzak bi jauzi egiteko eskubidea du. Pistak 25 metro luze ditu, eta amaieran, gimnastak abiada hartu behar du 1'35 metroko altueran jarritako zaldirantz jauzi egiteko. Bi oinak elkartuta egin behar da jauzia eta esku biak batera jarri behar dira zaldiaren gainean. Bi metro baino gehiagora erori behar da.

 
Lurra

12x12 metroko azalera batean egiten da, erorketak arintzeko material elastikoz egina dagoena. Ariketak 50 eta 70 segundo bitartekoak dira gizonezkoentzat. Proban zehar mugimendu akrobatikoak eta gimnastikoak egiten dira.

Araudia

aldatu

Formatua

aldatu

Gimnasia artistikoko lehiaketa ofizialek hiru modalitate izaten dituzte gizonezkoen nahiz emakumezkoen kategorian:

  • Banakako lehiaketa orokorra
  • Aparatuen araberako banakako finalak
  • Taldekako lehiaketa

Banakako lehiaketa orokorrean, gimnasta bakoitza aparatu guztietan lehiatzen da banakako txapeldunari irabazteko. Sailkapen-txandan puntuaziorik onenak lortu dituzten 24 gimnastak arituko dira finalean. Gimnasta bakoitzaren azken nota aparatu bakoitzean lortutako puntuazioa batuz lortzen da.

Aparatuen araberako banakako finaletan, horietako bakoitzean kirolari onena nor den zehazten da. Sailkapen txandan aparatu bakoitzean puntuaziorik onenak lortu dituzten 8 gimnastek hartzen dute parte lehiaketa honetan. Nazionalitate bereko bi gimnasta onartzen dira gehienez.

Taldekako lehiaketan, sailkapen-txandan puntuaziorik onenak lortu dituzten 8 taldeek hartzen dute parte.

Puntuazio sistema

aldatu

Gimnastika artistikoko puntuazio-sistemak denborarekin bilakaera handia izan du, eta, gaur egun, Nazioarteko Gimnastika Federazioaren Puntu Kodean (NGF) oinarritutako puntuazio-sistema erabiltzen da. Puntuen Kodea gida bat da, errutina bateko elementuen balioa eta hauek egiterakoen egiten diren akatsen balioa ezartzen duena.

Nazioarteko Gimnastika Federazioak (NGF) finkatzen du puntuazio-sistema lehiaketa-maila guztietarako. Behe-mailetan edo NGFren eskumenetik kanpoko lehiaketetan beste araudi bat dago.

Gaur egungo sistema 2006koa da, 2004ko Atenasko Joko Olinpikoetako eztabaiden ondorioz ordura arte indarrean zeuden arauek aldaketa sakona izan ondorengoa. Izan ere, une hartako puntuazio-arauen objektibotasuna zalantzan jarri zen eta ariketen zailtasuna gehiegi baloratzea kritikatu zen.[4]

Sistema berriaren ezaugarriak

aldatu

Puntuazio-sistemaren osagai nagusietako bat elementuen taula da. Taula honetan, kirol horren elementu posibleak (biraketak, jauziak, akrobaziak, etab.) jasotzen dira eta duten zailtasun-maila esleitzen zaie. Ariketa bakoitza bi epaile-taldek ebaluatzen dute eta horrela bi puntuazio lortzen dira. Epaile-talde bakoitzak ariketaren alderdi hauetako bat ebaluatzen du:

  • Zailtasuna: zailtasun-kalifikazioaren balioa lortzeko, lehenik ariketako zortzi elementu zailenak batu behar dira, elementuen taularen arabera eta haien puntuazioak batu. Lortutako balioari puntuak gehitzen zaizkio, aparteko elementuengatik edo eskatutako talde guztietako elementuak izateagatik. Elementu arriskutsuak egiteak errutina zigortzea dakar.
  • Exekuzioa: 10.0 puntu bitarte, ariketaren exekuzio artistikoa ebaluatzen da. Aparatutik erortzea zigortu egiten da, adibidez.

Bi puntuazio horien batura ariketaren azken kalifikazioa izanen da.

Gimnastak

aldatu

Ezaugarri fisikoak

aldatu

Indarra, mugikortasuna, malgutasuna eta muskuluen koordinazioa, funtsezkoak dira gimnasta batek arrakasta izan dezan. Genetika funtsezkoa da ezaugarri horiek izateko eta, horrela, aukeratutako modalitatean esanguratsua izateko.

Honetaz gain, gorputzaren kontrola eta mugimenduetan abila izatea ezinbestekoa izango da. Gainera, diziplina eta dedikazio handia behar ditu mugimenduak doitasunez eta dotoreziaz egiteko beharrezko teknikak menperatu ahal izateko.[5]

Ezaugarri psikologikoak

aldatu

Gimnasta artistikoek ezaugarri psikologiko espezifikoak ere badituzte; hala nola, presioa eta estresa maneiatzeko gaitasuna, pertseberantzia, auto-konfiantza, kontzentrazioa eta errutinak bistaratzeko eta programatzeko gaitasuna.[6]

Elikadura ezaugarriak

aldatu

Gimnasta artistikoek elikadura egokia izan behar dute, entrenamenduak eta txapelketak egiteko behar diren energia eta mantenugaiak eduki ahal izateko. Karbohidrato eta proteina asko behar izaten dituzte, eta gantz gutxi. Gainera, garrantzitsua da hidratazio egokia jasotzea entrenamenduen aurretik, bitartean eta ondoren.[7]

Honetaz gain, bitamina eta mineral nahikoa hartzea ere ezinbestekoa da. Gainera, gimnastek elikadura nahasmenduak izateko arriskuan ere egon daitezke, presio estetikoaren eta kiroleko argaltasunaren ikuspegiaren ondorioz.[8]

Prestakuntza etapak

aldatu

Gimnasta bat prestatzeko hiru fase edo etapa daude:[9][10][11][12]

  • Lehenengo etapa: gutxi gorabehera gimnastak 10 urte izan arte irauten du. Etapa horretan, kirolaren oinarri teknikoak irakasteaz gain, gimnastaren gaitasunak aurkituko dira prestakuntza fisikoaren bidez.
  • Bigarren etapa: gutxi gorabehera 10 urtetik 15 urte izan arte irauten du. Mugimendu konplexuagoak eta ezaugarri psikologikoak prestatzeaz gain, hasierako prestakuntza espezializatuko aldi bat sartzen da hemen. Entrenamendu-aldi espezializatu baten ondoren, zailtasun handiagoko mugimenduak eta konbinazioak irakasten dira.
  • Hirugarren etapa: gutxi gorabehera 16 urtetik 19 urte izan arte irauten du. Etapa honetan, prestakuntza fisikoaren hobekuntza amaituko da, eta zailtasun handiko elementuen entrenamenduarekin jarraituko da.

Entrenamendu motak

aldatu

Gimnastika artistikoan errendimendua hobetzeko hainbat entrenamendu mota daude, hala nola indar-entrenamendua, malgutasun-entrenamendua, oreka-entrenamendua, trebetasun tekniko espezifikoen entrenamendua, egokitzapen fisikoko entrenamendua, core entrenamendua…[13]

Indar entrenamendua

aldatu

Indarra entrenatzea gimnasta artistikoen entrenamenduaren zati garrantzitsua da, mugimendu esplosiboak eta intentsitate handikoak egiteko gaitasuna hobetzeko aukera ematen baitie. Gimnasta artistikoek indar-entrenamendu desberdinak egin ditzakete, hala nola, pisuak altxatzeko entrenamendua, gorputz-pisuarekin entrenatzea eta erresistentzia-entrenamendua.[14]

Malgutasun entrenamendua

aldatu

Malgutasuna trebetasun garrantzitsua da gimnastika artistikoan, gimnasta artistikoei aukera ematen baitie mugimenduak zabalago eta dotoreago egiteko. Malgutasun-entrenamenduak hainbat teknika har ditzake barne, hala nola, luzaketa estatikoa, luzaketa dinamikoa eta artikulazioen mugikortasuna.[15]

Oreka entrenamendua

aldatu

Oreka funtsezko trebetasuna da gimnastika artistikoan, eta oreka-entrenamendua gimnasta artistikoen entrenamenduaren zati garrantzitsu bat da. Entrenamendu mota honek, gimnastei jarrera eta posizio zailak beraien errutinetan sartzea baimentzen die.[16] Oreka entrenatzeko teknikek oreka estatikoko eta dinamikoko ariketak sar ditzakete, baita entrenamendu tresna mota desberdinak erabiltzea ere, adibidez, oreka-barra eta oreka-habea.[17]

Egokitzapen fisikoko entrenamendua

aldatu

Egokitzapen fisikoko entrenamendua funtsezkoa da gimnastika artistikoan; izan ere, gimnastak egoera fisiko onean egon behar dira intentsitate eta konplexutasun handiko mugimenduak egin ahal izateko. Egokitzapen fisikoko entrenamenduak hainbat teknika barne har ditzake, esaterako, entrenamendu kardiobaskularra, erresistentzia entrenamendua eta abiadura entrenamendua.[18]

Core entrenamendua

aldatu

Core entrenamendua funtsezkoa da gimnastika artistikoan, gimnastei gorputzaren erdian egonkortasuna izateko eta mugimenduak doitasunez kontrolatzeko aukera ematen baitie. Core entrenamenduak hainbat teknika barne har ditzake, hala nola sabeleko, gerrialdeko eta aldakako muskuluen entrenamendua.[19]

Trebetasun tekniko espezifikoen entrenamendua

aldatu

Trebetasun tekniko espezifikoen entrenamendua funtsezkoa da gimnastika artistikoan, gimnastek mugimendu eta sekuentzia konplexu ugari menperatu behar baitituzte. Trebetasun tekniko espezifikoen entrenamenduak hainbat teknika sar ditzake, hala nola gimnastika artistikoko aparatu espezifikoen erabilera, errutina espezifikoen praktika eta trebetasun espezifikoen entrenamendua; (adibidez; itzulipurdia, alboko gurpila eta zaldiko-jauzia.) [20]

Txapelketa motak

aldatu

Gimnastika artistikoan hainbat txapelketa mota daude, eta horietako batzuk honako hauek dira:

  • GIMNASTIKA ARTISTIKOKO MUNDUKO TXAPELKETA: Nazioarteko Gimnastika Federazioak (FIG) urtero antolatzen duen ekitaldia da, eta mundu osoko gimnastek hartzen dute parte. Hainbat kategoriatan antolatzen da, hala nola, maskulinoa eta femeninoa, eta maila desberdinetan, adibidez junior eta senior kategorietan.
  • OLINPIAR JOKOAK: Gimnastika artistikoa kirol olinpiko ezagun eta zirraragarrienetako bat da. Mundu osoko gimnastak maila ezberdinetan lehiatzen dira, bakarka eta taldeka, urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak irabazteko.
  • TXAPELKETA KONTINENTALAK: Kontinente ezberdinetan, Europan, Asian edo Amerikan, egiten diren txapelketak dira. Ekitaldi horiek maila eta kategoria desberdinetan egiten dira.
  • TXAPELKETA NAZIONALAK: Gimnastak nazio mailan lehiatzen diren ekitaldiak dira. Ekitaldi horiek hainbat kategoriatan antolatzen dira, esaterako, gazteak, juniorrak eta seniorrak.
  • ESKUALDE-TXAPELKETAK: Eskualde jakin bateko gimnastek parte hartzen duten txapelketak dira. Ekitaldi horiek kategoria eta maila desberdinetan antolatzen dira.[21]

Gimnasta famatuak

aldatu

Gimnastika artistikoko famatu batzuk honako hauek dira:

Internazionalak:

aldatu
  1. Simone Biles: garai guztietako gimnastarik arrakastatsuenetako bat da, munduko eta olinpiar lehiaketetan 30 domina irabazi dituena. [22]
  2. Nadia Comăneci: 1976ko Montrealgo Joko Olinpikoetan 10eko puntuazio perfektua lortu zuen lehen gimnasta izan zen.[23]
  3. Kohei Uchimura: gimnasta japoniar bat da, sei aldiz munduko txapeldun izandakoa eta Londresko 2012ko Olinpiar Jokoetan urrezko domina lortu zuena. [4]
  4. Larisa Latynina: 18 domina olinpiko irabazi zituen gimnasta sobietarra, urrezko bederatzi domina barne.[24]
  5. Olga Korbut: gimnasta sobietarra da, 1972ko Municheko Olinpiar Jokoetan urrezko lau domina irabazi zituena.[25]
  6. Shannon Miller: zazpi domina olinpiko irabazi zituen gimnasta estatubatuarra, Bartzelonako 1992ko Olinpiar Jokoetan urrezko bi domina barne. [26]

Espainiarrak:[27]

aldatu
  1. Roxana Popa: Errumanian jaio zen, eta bertan hasi zituen gimnastikako lehen entrenamenduak, 6 urtekin Espainiara joan zen arte. Espainiako emakumezkoen gimnastika artistikoko selekzio nazionaleko kidea da, eta 2013, 2014, 2015 eta 2019ko Munduko Txapelketetan eta 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen.[28]
  2. Alba Petisco: 2020ko Olinpiar Jokoetan eta 2018ko Gazte Olinpiar Jokoetan Espainiako ordezkaria izan zen, non diziplina anitzeko talde mistoen lehiaketan urrea irabazi zuen. Gainera, 2020ko Espainiako txapeldun nazionala da.[29]
  3. Laura Bechdejú: Espainia ordezkatu zuen 2020ko Udako Olinpiar Jokoetan eta 2018ko Munduko Txapelketetan. 2019ko Europako finalista da, eta Espainiako Txapelketetan lau aldiz domina lortu du. [30]
  4. Marina González: 2019ko FIG World Challenge Cup txapelketan lurreko ariketako urrezko domina irabazi zuen.[31] 2019ko Munduko Txapelketan lehiatu zen eta Espainiari 2020ko Olinpiar Jokoetarako taldea betetzen lagundu zion.[32] Gaur egun, Tik Tok sare sozialarengatik nahiko ezaguna egin da.
  5. Néstor Abad: talde nazionaleko kide da. 2013an debutatu zuenetik Munduko Txapelketetako edizio guztietan parte hartu zuen eta 2016ko eta 2020ko Udako Olinpiar Jokoetarako sailkatu zen.
  6. Nicolau Mir: gimnasta espainiarra da eta 2020ko Udako Olinpiar Jokoetan Espainia ordezkatu zuen.
  7. Thierno Bobacar Diallo: 2018ko Joko Mediterraneoetan urrezko domina bat irabazi zuen taldekako all-around txapelketan. Espainiako txapelketetan, hirugarrena izan zen 2018an eta bigarrena 2020an banakako txapelketan. 2020ko Udako Olinpiar Jokoetarako sailkatu zen taldekako proban.[33]
  8. Joel Plata: 2022ko Gimnastika Artistikoko Europako Txapelketan brontzezko domina bat irabazi zuen barra finkoko proban. 2022ko Tokioko Olinpiar Jokoetan parte hartu eta taldekako proban hamabigarren postua lortu zuen.

Federazioak eta Euskal Herriko Federazioak☃☃

aldatu

Kirol-gimnasiaren arauak lehiaketetan arautzen dituen munduko erakundea da, baita diziplina bakoitzean lehiaketak eta ekitaldiak egiten dituena ere.

1881ean sortu zen Liejan (Europako Gimnasia Federazioa bezala), eta 1991tik Moutierren (Suitza) du egoitza. 1996. urtetik, jarduneko lehendakaria Italiako Bruno Grandi da.

Gaur egun, FIGak sei diziplinatan egiten ditu lehiaketak:

  • Gimnastika artistikoa
  • Gimnastika erritmikoa
  • Tranpolineko Gimnastika
  • Gimnastika aerobikoa
  • Gimnastika akrobatikoa
  • Gimnastika guztiontzat (gaur egun kirol-ekitaldi mailan bakarrik)
  • Parkourra

Hauek dira FIGk aldizka antolatzen dituen lehia-gertaera nagusiak:

  • Gimnastika Artistikoko Munduko Txapelketa
  • Gimnastika Erritmikoko Munduko Txapelketa
  • Gimnastika Artistikoko Munduko Kopa
  • Gimnastika Erritmikoko Munduko Kopa
  • Munduko Tranpolin Txapelketa

Federazioaren egitura hierarkikoa honako hauek osatzen dute: presidenteak eta lehendakariordeak, Kongresuak (bi urtean behin), Batzorde Betearazleak, Kontseiluak eta zazpi Batzorde Tekniko bat diziplina bakoitzerako (arazo teknikoetarako, gimnastika artistiko maskulinoa eta emakumezkoa bereiz hartzen dira kontuan).

Espainiako Gimnastika Federazioa (RFEG) Espainiako gimnastika-erakunde nazional gorena da. Egoitza Madrilen du eta egungo lehendakaria Jesús Carballo Martínez da. Espainiako Gimnastika Federazioa 1899an sortu zen, eta beraz, Espainiako bigarren federaziorik zaharrena da, txirrindularitza federazioaren atzetik.

Era berean, 19 autonomia-federaziok osatzen dute, eta Espainian Nazioarteko Gimnastika Federazioa (FIG) eta Gimnastikako Europako Batasuna (UEG) ordezkaritza du. Gimnastika artistikoa, gimnastika erritmikoa, tranpolineko gimnastika, gimnastika aerobikoa, gimnastika akrobatikoa eta guztientzako gimnasia dira RFEan lehiakide diren gimnastika-diziplinak.

Euskadiko Gimnastika Federazioak Euskal Herrian gimnastika sustatu eta zabaltzeko eginkizuna du. Horregatik, kirol honekin eta kirol honetarako dituzten betebeharrak asetzeko lan egiten dute. Gimnastikako Euskal Federazioko lehendakaria Jose Luis Tejedor Vicente da, profesional talde baten laguntza duena.

Euskalgym ikuskizuna antolatzen dute. Munduko gimnastarik onenak beraien jantzi onenekin elkartzen dira, beraien onena emateko. Gimnastikari egiten zaion omenaldia da, kirol honen zaleen gozamenerako egina. Euskalgym jende askorentzako ekitaldia da, jendeak goza dezan gimnastikaren ikusgarritasuna ezagutuz.

Gimnastikako Euskal Eskolak era guztietako ikastaro ofizialen deialdia egiten du, kirol honi lotuta jarraitu nahi duten teknikariak, epaileak eta gimnastak profesionalizatzeko.

Hauek dira barne dituen diziplinak:

  • Gimnastika akrobatikoa
  • Gimnastika aerobikoa
  • Gimnastika artistikoa
  • Gimnastika erritmikoa
  • Tranpolina
  • Gimnastika estetikoa
  • Parkourra

Hauek dira Euskal Herriko klub batzuen adibideak:

  • Arabatxo kluba
  • Aritza kluba
  • Ciudad Deportiva Amaya

Erreferentziak

aldatu
  1. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa. Gimnasia. .
  2. (Gaztelaniaz) Gimnasia artística. 2023-03-28 (Noiz kontsultatua: 2023-04-27).
  3. McAuley, Edward; Hudash, Gail; Shields, Kolleen; Albright, John P.; Garrick, James; Requa, Ralph; Wallace, Robert K.. (1987-11). «Injuries in women's gymnastics» The American Journal of Sports Medicine 15 (6): 558–565.  doi:10.1177/036354658701500607. ISSN 0363-5465. (Noiz kontsultatua: 2023-05-10).
  4. a b Pardo, Marta Cantos. (2022-01-01). «THE WAYBACK MACHINE:» Actas de Derecho Industrial y Derecho de Autor (Marcial Pons, ediciones jurídicas y sociales): 269–284. ISBN 978-84-1381-477-3. (Noiz kontsultatua: 2023-05-10).
  5. Galán Tamés, Genevieve. (2021-02-09). «Ejercitar al cuerpo: la gimnasia femenina en el Colegio de la Paz (Vizcaínas), 1875-1915» Secuencia (109)  doi:10.18234/secuencia.v0i109.1763. ISSN 2395-8464. (Noiz kontsultatua: 2023-04-27).
  6. Gould, Daniel; Dieffenbach, Kristen; Moffett, Aaron. (2002-01-01). «Psychological Characteristics and Their Development in Olympic Champions» Journal of Applied Sport Psychology 14 (3): 172–204.  doi:10.1080/10413200290103482. ISSN 1041-3200. (Noiz kontsultatua: 2023-04-27).
  7. León París, Carmen. (2000-02-28). «Influencia del sexo en la práctica deportiva. Biología de la mujer deportista» Arbor 165 (650): 249–263.  doi:10.3989/arbor.2000.i650.968. ISSN 1988-303X. (Noiz kontsultatua: 2023-04-27).
  8. «LOS HIDRATOS DE CARBONO Y EL EJERCICIO FÍSICO.» Nutrición y dietética deportiva (Dykinson): 19–38. 2021-01-18 (Noiz kontsultatua: 2023-04-27).
  9. «GRANT RECIPIENTS» Anthropology News 43 (8): 27–27. 2002-11  doi:10.1111/an.2002.43.8.27. ISSN 1541-6151. (Noiz kontsultatua: 2023-05-10).
  10. «informes-sobre-la-violacion-del-derecho-a-la-vida-en-el-salvador-durante-el-periodo-comprendido-desde-el-primero-de-enero-de-1978-hasta-el-31-de-dic-de-1983-2-pp» Human Rights Documents online (Noiz kontsultatua: 2023-05-10).
  11. Carrión, Ignacio Cepeda. (2020-03-27). «Creación de un plan de marketing para eventos deportivos» Innovación docente en Ciencias de la Actividad Física y el Deporte. Emprendimiento y empoderamiento para la gestión y dirección de eventos en la actividad física, el deporte de ocio y recreación (Dykinson): 43–56. (Noiz kontsultatua: 2023-05-10).
  12. Santos Costa, Lucía. (2020-11-12). «Ámbitos de desarrollo de la Gimnasia Artística en el Uruguay» Lecturas: Educación Física y Deportes 25 (270): 83–93.  doi:10.46642/efd.v25i270.2127. ISSN 1514-3465. (Noiz kontsultatua: 2023-05-10).
  13. Pastor Navarro, Francisco Javier. (2007). «El entrenamiento de la fuerza en niños y jóvenes. Aplicación al rendimiento deportivo» Journal of Human Sport and Exercise 2 (1): 1–9.  doi:10.4100/jhse.2007.21.01. ISSN 1988-5202. (Noiz kontsultatua: 2023-04-27).
  14. Suchomel, Timothy J.; Nimphius, Sophia; Stone, Michael H.. (2016-02-02). «The Importance of Muscular Strength in Athletic Performance» Sports Medicine 46 (10): 1419–1449.  doi:10.1007/s40279-016-0486-0. ISSN 0112-1642. (Noiz kontsultatua: 2023-04-27).
  15. Ortega, Carlos; Menéndez, Héctor; Herrero, Azael J.. (2019-03-01). «Short-term changes of the static stretching, electromyoestimulation and whole-body vibration on the flexibility of hamstrings» Cultura_Ciencia_Deporte 14 (40): 43–49.  doi:10.12800/ccd.v14i40.1224. ISSN 1989-7413. (Noiz kontsultatua: 2023-04-27).
  16. Hrysomallis, Con. (2011-03). «Balance Ability and Athletic Performance» Sports Medicine 41 (3): 221–232.  doi:10.2165/11538560-000000000-00000. ISSN 0112-1642. (Noiz kontsultatua: 2023-04-27).
  17. Brizuela, G.; Martos, J.; Sanchís, E.. (2002-12). «Desarrollo de un ergómetro de rodillo para la valoración biomecánica y el entrenamiento de deportistas paralímpicos en silla de ruedas» Biomecánica  doi:10.5821/sibb.v10i2.1677. ISSN 1885-9518. (Noiz kontsultatua: 2023-04-27).
  18. Alonso Temiño, C. J.. Estudio de la influencia de un programa de entrenamiento de fuerza en el tiempo de movimiento en tiradores de esgrima de élite nacional. University of Leon (Noiz kontsultatua: 2023-04-27).
  19. Behm, David G.; Drinkwater, Eric J.; Willardson, Jeffrey M.; Cowley, Patrick M.. (2010-02). «The use of instability to train the core musculature» Applied Physiology, Nutrition, and Metabolism 35 (1): 91–108.  doi:10.1139/h09-127. ISSN 1715-5312. (Noiz kontsultatua: 2023-04-27).
  20. Kleiner, Jan. (2022). «CAS 2019/A/6181, Fédération Royale Belge de Gymnastique (FRBG) v. Fédération Internationale de Gymnastique (FIG) and Japan Gymnastics Association (JGA), Award of 24 September 2019 (Operative Part of 25 April 2019)» Yearbook of International Sports Arbitration (Springer Berlin Heidelberg) (Noiz kontsultatua: 2023-04-27).
  21. Perelman Barry, Claudia Marcela. (2021). «Nuevo código de puntuación de Gimnasia Artística Femenina Federación Internacional de Gimnasia Ciclo Olímpico 2022-2024» Revista Ciencias de la Actividad Física 22 (1): 1–10.  doi:10.29035/rcaf.22.1.4. ISSN 0719-4013. (Noiz kontsultatua: 2023-04-27).
  22. (Gaztelaniaz) Iríbar, Amaya. (2019-10-13). «Otro récord para Biles: dos oros más para superar al mítico Scherbo» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2023-05-10).
  23. (Gaztelaniaz) «Nadia Comaneci, el hada cautiva» La Vanguardia 2021-07-17 (Noiz kontsultatua: 2023-05-10).
  24. «Larysa Latynina - CNN.com» edition.cnn.com (Noiz kontsultatua: 2023-05-10).
  25. «Olga Korbut | The International Gymnastics Hall of Fame» www.ighof.com (Noiz kontsultatua: 2023-05-10).
  26. (Ingelesez) John, Emma. (2012-07-13). «London 2012: Kohei Uchimura can bring perfection back to gymnastics» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2023-05-10).
  27. (Gaztelaniaz) 8 gimnastas representarán a España en la artística de Tokio | Avance Deportivo. (Noiz kontsultatua: 2023-04-26).[Betiko hautsitako esteka]
  28. «Roxana Popa | The Gymternet» web.archive.org 2021-07-11 (Noiz kontsultatua: 2023-05-10).
  29. (Gaztelaniaz) DÍA, SALAMANCArtv AL. (2020-12-06). «La villarinense Alba Petisco se proclama campeona de España senior de gimnasia artística» salamancartvaldia.es (Noiz kontsultatua: 2023-05-10).
  30. (Ingelesez) «2019 Spanish League Finals Results» The Gymternet 2019-06-19 (Noiz kontsultatua: 2023-05-10).
  31. (Ingelesez) «European Gymnastics» European Gymnastics (Noiz kontsultatua: 2023-05-10).
  32. (Ingelesez) «2020 Spanish Championships Results» The Gymternet 2020-12-08 (Noiz kontsultatua: 2023-05-10).
  33. (Gaztelaniaz) Sport. (2021-07-01). «Confirmado el equipo español de gimnasia artística que viajará a Tokio» sport (Noiz kontsultatua: 2023-05-10).
  34. «Fédération Internationale de Gymnastique» www.gymnastics.sport (Noiz kontsultatua: 2023-05-10).
  35. (Ingelesez) «Real Federación Española Gimnasia» rfegimnasia.es (Noiz kontsultatua: 2023-04-26).
  36. (Gaztelaniaz) «Federación Vasca de Gimnasia | Home» federación vasca de gimnasia (Noiz kontsultatua: 2023-04-26).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu