Fosil gida (arkeologia)

arkeologian, historiaurreko garai edo aro historiko edo kulturala bateko aztarna bereizgarria. Ez da benetan fosil bat
Artikulu hau arkeologian erabiltzen den terminoari buruzkoa da; Paleontologian erabiltzen den kontzeptuari buruzkoa buruzkoa beste hau da: «Fosil gida».


Fosil gida[1] (edo fosil-gida[2]) edo fosil zuzendari[3][4], arkeologian, aztarna arkeologiko bat da, garai edo kultura jakin bateko ohiko tresna edo fosil bat. Horrelako aztarna agertzen denean, geruza berean agertzen diren beste materialak kronologikoki edo kulturalki zehazteko erabil daiteke, aztarna hori, garai eta kultura jakin batean bakarrik agertu ohi delako. Hau da, fosil zuzentzaile baten presentziak balio dezake unitate estratigrafikoa identifikatzeko, eta bertan dauden beste materialak, historiaurrearen garai edo denbora tarte historiko jakin batean kokatzeko, zein kultura zehatz batekin lotzeko[5].

San Isdroko aurpegibikoa. Madrilgo Manzanares ibaiko terrazetan aurkitua, Acheul aldiako. Espainiako Arkeologia Museoan.

Terminoa ez da gehiegi erabiltzen gaur egun, batetik, fosilak eta aztarna arkeologikoak bereizten ez zirenean erabiltzen hasi zelako, eta, bestetik, fosil giden benetako erabilgarritasuna eztabaidan jarri delako.

Oro har, fosil zuzendari bat oso bizitza laburra izan duen objektu baten aztarna da (osorik gorde bada edo ez) eta horregatik koordenatu kronologiko edo kultural batzuetara mugatzen, da. Hori gertatzen da Solutre aldiko jaurtilarien puntekin[6] eta azagaia mota desberdinakin[3]:

« Oinarri arrakalatuko azagaiek edo Aurignaceko azagaiek rol garrantzitsua izan dute aztertze-metodologian, zeren eta, batzuetan, maila arkeologiko jakin baten testuinguru kulturala izendatzeko erabili den fosil zuzendari bat izan baita. »
D. Garrido Pimentel

Fosil hitza latinezko fodere aditzetik eratortzen da, hondeatu esan nahi duena. Hasieran, paleontologiako iraganeko organismoen hondakinak (gaur egun "fosilak" gisa ezagutzen ditugunak), mineralak eta aztarna arkeologikoak izendatzeko erabili zen, baina geroago, iraganeko organismoen jardueraren aztarna edo seinaleetara mugatu zen; adibidez, ammoniteen forma hartu duten harri ezagunak. Hala ere, arkeologian zentzu zabalean erabiltzen jarraitu zen, bai organismoak baita artefaktuak kontuan hartuz. Teknokonplexu kultural arkeologikoen ikerketan, askotan harrizko tresna jakin batzuk erabili izan dira historiaurreko garai edo kultura jakin batzuen ezaugarriak zehazteko.

Aplikazioa aldatu

 
Terra sigillata motako zeramika pusketak aurkitzen dira ia beti erromatar garaiko aztarnategietan eta garai horretako fosil zuzendaria da.

Kontzeptuaren aplikazioa askoz ere problematikoagoa da arkeologian paleontologian baino, funtsean, ez direlako ondo ezagutzen giza kulturen eboluzio-prozesuak, eta, zehazki, "kultura-bilakaera itzulezina" kontzeptua ezin delako aplikatu gizakiaren historian. Hala, nahiz eta zenbait artefaktu tipo kultura jakin batzuetan bereizgarriak izan, oso zaila da, ziurtatzea, mota horiek ez direla agertzen beste kultura batzuetan, nahiz eta haiekin harreman esturik ez izan.

Aurpegibikoaren kasua eredugarria da: Behe Paleolitoko kulturen ezaugarritzat jotzen da, baina ondorengo etapetan ager daiteke eta mundu osoko hainbat leku ezberdinetan ere bai. Antzeko zerbait gertatzen da teknika jakin batzuetan, dela litikoak, dela metalurgikoak, zeren eta, gehienetan, gizakia gai baita tresna berak sortzeko edo aurkitzeko, kultura-harremanik gabe (adibidez, arkua eta geziak, metalak, etab.).

Hori guztia dela eta, nahiz eta oraindik badauden fosil zuzendaritzat har daitezkeen zenbait tresna, kultura eta garai jakin batzuen ezaugarri direnak, ez da nahikoa tipologia erabiltzea objektu hori agertu den geruza kokatzeko; Tipologia aztertuz egiten den lehen diagnostiko hori beste informazio-iturri edo metodo independentek berretsi behar dute (datazio erradiometrikoak, testuinguru geomorfologikoa, paleontologia…)[5].

Neolitotik aurrera, zeramika fosil-zuzentzaile nagusietako bat da da[7], aldaketa ugari izan baititu kronologikoki zein kulturaren arabera hainbat ezaugarritan, hala nola, dekorazioan, forman, lehengaietan, etab. Ohikoa izan da zeramika ontzien zerrenda eta katalogoak egitea eta argitaratzea. Zerrenda hori kronologikoki eta geografikoki zehaztua badago, arkeologoaren lana erraztuko du, aurkitu dituen piezak zerrenda batean identifika ditzakeelako eta bere aurkikuntzari epe kronologiko bat eman.

Erreferentziak aldatu

  1. «ZT Hiztegi Berria» zthiztegia.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2023-09-11).
  2. «A.3.1.3. Langatxoko Lezea (Mutriku)» Arkeoikuska (Euskal Kultura Ondarearen Zentrua) 91: 102..
  3. a b (Gaztelaniaz) Garrido Pimentel, Daniel. (2012). «Análisis tecno-funcional de las azagayas de base hendida en el área central de la región cantábrica» Kobie. Paleoantropología 31: 57. ISSN 0214-7971..
  4. Sánchez Zufiaurre, Leandro. (2007). «Erdi Aroko eraikuntza teknikak» EKOB. Euskal Kultura Ondare Bilduma (EHU) 3: 81..
  5. a b «Fósil director. Artículo de la Enciclopedia.» enciclopedia.us.es (Noiz kontsultatua: 2023-09-11).
  6. Abad, Miguel Ardanuy. (2014-07-09). «...¡Que la Prehistoria os acompañe!: EVOLUCIÓN TECNOLÓGICA Y FUNCIONAL DE LAS PUNTAS DE PROYECTIL SOLUTRENSES*» ...¡Que la Prehistoria os acompañe! (Noiz kontsultatua: 2023-09-12).
  7. «MUSEOS - Site origen de la Comunidad de Madrid» www.madrid.org (Noiz kontsultatua: 2023-09-11).

Bibliografia aldatu

  • Agustín Vázquez, Domingo (2000). Diccionario de ciencias. Editorial Complutense. ISBN 9788489784802

Kanpo estekak aldatu