Ezkila- edo kanpai-gurpilak eliza batzuetan aurki daitezkeen musika-tresnak dira. Erdi Aroan dute jatorria eta Europa Mendebaldeko zenbait eskualdetan gorde dira erabilgarri 21. mendera arte, bereziki Bretainian eta Herrialde Katalanetan (Valentzian[1] eta Mallorcan bereziki, non roda de campanetes, rogle, rotlle eta beste zenbait izenekin ezagunak diren)[2].

Alacanteko Sant Nicolau elizako ezkila-gurpila.

Gurpil baten inguruan jarritako kanpai txiki batzuen bidezko mekanismo bat dira, eta gurpila biratuz kanpaiek jo egiten dute. Doinu desberdineko kanpaiak izan daitezke, karilloi baten eran, eta hortaz melodia jakin bat eman biraka ari direla.

Antxon Agirre Sorondo etnografoak halako objektu baten argazkia bildu zuen bere lanetan, Errenteriakoa jatorriz, Santa Katalina gurpila izena emanez. Objektuak ezkilak ditu ez bakarrik gurpilaren zirkunferentzian, barruko uztai batean ere bai[3]. Valentziako rotlle-en artean bada bat behintzat, Valentzia hiriko Mare de Déu dels Desemparats basilikan, estilo berekoa, uztai kontzentrikoetan dituenak kanpaiak[4]. Izenari dagokionez, Santa Katalina gurpilaren torturaz hil zuten martiri kristaua izan zen.

Erreferentziak aldatu

  1. «Inventari general de rogles» campaners.com (Noiz kontsultatua: 2020-08-13).
  2. Amengual, Miquel Pou. (2018). «La roda de campanes: pervivències d’un objecte litúrgic de la Mallorca medieval» SVMMA. Revista de cultures medievals (11): 28–50. ISSN 2014-7023. (Noiz kontsultatua: 2020-08-13).
  3. Sorondo, Antxon Aguirre. «Errenteriako Santa Katalina gurpila (Gipuzkoa)» www.3digitala.com (Noiz kontsultatua: 2020-08-13).
  4. Joanbanjo. (2014-05-02). Català: Rotgle de campanes, basílica de la mare de Déu dels Desemparats, València.. (Noiz kontsultatua: 2020-08-13).

Kanpo estekak aldatu